Emakumeak Parisko Komunan
Emakumeek Parisko Komunan izan zuten parte hartzearen historia. / From Wikipedia, the free encyclopedia
Parisko Komunako emakumeak —"communardes", frantsesez— Parisko Komunan aktiboki parte hartu zuten emakumeak izan ziren. Ekintzaile hauek, bere konpromisoarekin, emakumeen eskubideak sustatzen lagundu zuten.
Parisko Komuna XIX. mendean hiri hartan gertatutako matxinadari esaten zaio. Bi hilabete pasatxo baino ez zuen iraun, 1871ko martxoaren 18an hasi eta 1871ko maiatzaren 28an, "Aste odoltsuan", amaitu baitzen. Erreboltariek ez zuten ontzat hartu gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez hautatu berria zen Asanblea Nazionaleko gobernua eta arbuiatu egin zuten.
Komunan, emakumeek oso parte-hartze garrantzizkoa izan zuten, batez ere beren eskubideak eta laneko eta familiako bizi-baldintzak hobetzeko.[1] Hainbat eginkizunetan lehen lerroan izanik, Komuna emakumeen emantzipaziorako bidean urrats garrantzitsua izatea lortu zuten.[2][3] Nahiz eta Komunaren bilakaera mugatua izan bere iraupen laburragatik, utzi zuen ondare politikoa oso garrantzitsua izan zen emakumeentzat, ordukoak baitira parekotasunaren aldeko lehen aldarrikapenak, eta baita emakumeen antolaketa egituratuaren hastapenak ere: Union des femmes pour la défense de Paris et les soins aux blessés (Parisko Defentsarako eta Zaurituen Zaintzarako Emakumeen Batasuna) erakundea eta Comité de vigilance de Montmartre (Montmartreko Zaintza Batzordea) batzordea Komunan sortu ziren.[oh 1][4]