From Wikipedia, the free encyclopedia
El Día Donostian 1930etik 1936ko uztailera arte argitaratutako egunkaria izan zen.
El Día | |
---|---|
Mota | Egunkari orokorra |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | gaztelania, euskara |
Argitaratze lekua | Donostia |
Kolorea | Zuri-beltza |
Banaketa | |
Banatze-eremua | Gipuzkoa |
Maiztasuna | Egunero |
Historia | |
Ideologia | euskal nazionalismoa |
El Día Donostian argitaratu zen 1930eko ekainaren 1etik 1936ko uztailaren 16 edo 17ra arte. Primo de Rivera diktaduraren erorialdia gertatu ondoren, gipuzkoar talde batek egunkari berri bat sortzeko premia ikusi zuen. Erlijio katolikoa, euskaltzaletasuna eta politikoki independientea izateko apustua egin zuen, nahiz eta praktikan EAJren inguruko egunkaria izan.
El Díaren talde sortzailea 1930ean osatu zen Pecsa (Prensa Editorial Católica Sociedad Anónima) izenarekin. Pedro Mendizabal Rezola, Migel Urreta, Bernardo Zaldua, Ignacio Villar eta Kandido Rekondo izan ziren taldeko kideak. Merkataritza-Erregistroa Elkarteen 45. liburua, 170. orrialdea. Babesleen artean abertzale ezagunak zeuden, besteak beste, Abelino Barriola, Rikardo Leizaola, Juan Antonio Irazusta, Pio Montoia eta Jose Ariztimuño Aitzol. Salbuespen bakarra, Julian Elorza izan zen, karlista eta Diputatu Nagusi izandakoa.
Pecsa elkarteak egunkari berria martxan jartzeko El País Vasco egunkariaren enpresa erosi zuen eta Jabier Landaburu, Gasteizko El Heraldo Alavés egunkariko erredaktorea izan zen El Díaren behin-behineko zuzendaria, Jose Lekaroz Goñi, zuzendari izendatu arte.[1]
Primo de Riveraren diktadura erori eta handik sei hilabetera ekin zitzaion El Día egunkariaren argitaratzeari eta sei urteko bizitza izan zuen Gerra Zibilaren hasiera arte. Hasierako urteetan El Díaren egoitza aurreko El País Vasco egunkariarena izan zen, baina laster aldatu zen Easo kalera. Egoitza berriak hobekuntzak ekarri zituen egunkariarentzat, bai itxura eta orrialde kopuruen aldetik[2] eta baita era, sailen antolaketari dagokionez. Kirol saila indartzeaz gain[3], pedagogia atal berri bat sortu zen guraso eta hezitzaileei zuzendua[4].
Aldi berean El Díaren enpresak arratsaldeko egunkari bat sortu zuen Easo (1931-1932) izenekoa, baina ez zen oso arrakastatsua izan zen eta urte beteko iraupena izan zuen.
El Díaren sustatzaile nagusia Jose Ariztimuño “Aitzol” izan zen[5], eta berak idazten zituen El Díaren editorialak. Horretaz gain, Euzkadin ere idazten zuen eta Yakintza aldizkariaren zuzendaria ere izan zen.
Kolaboratzaileen artean, besteak beste, Fausto Arozena, Xabier Lizardi, Ander Arzelus Luzear, Jose Artetxe, Aita Donostia, Lauaxeta, Aingeru Irigaray, Jose Antonio Irazusta, Alberto Onaindia, Antonio Labaien, Jose Migel Barandiaran eta John Zabalo Txiki ilustratzailea aipatu behar dira.
El Díak etenaldi ugari izan zituen. II. Errepublika sortu eta berehala hirurogeita lau egunetan ez zen argitaratu, Gobernuak egunkari katolikoei agindu zien etenaldiaren ondorioz. El Díaren kasuan, erlijioaren gaia estatutuaren defentsarekin nahastu zen eta arrazoi horrengatik debekua luzeagoa izan zen[6].
El Díaren ardatz nagusiak erlijioa, euskara, euskal kultura, estatutua, abertzaletasuna eta gizarte arazoak izan ziren. Ezkioko Ama Birjinaren agerkundeak, Mateo Mujika, elizbarrutiko gotzainaren herbesteratzeak eta Jesusen Lagundiaren desegiteak islada handia izan zuten. Euskararen alorrean berriz, oso sutsu jokatu zuen, elebitasuna defenditzen zuen eta hasieratik Euskal Orria euskaraz idatzitako orri bat izan zuen, Ander Arzelus Luzearren ardurapean. Maila politikoan euskal estatutuaren aldeko defentsa sutsua egin zuen.
Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, El Día argitaratzeari utzi zitzaion eta garaiko donostiar egunkarien artean Frente Popular izeneko gerra egunkaria sortu zuten.
Egunkariaren bildumari dagokionez Donostiako Liburutegi Nagusian 1. zenbakitik, hau da, 1930eko ekainaren 1etik 1.815 zenbakira, 1936ko ekainaren 30 bitartera argitaratu ziren zenbakiak daude. Ale guztiak digitalizatuak izan dira eta Donostiako Udal Liburutegien Sareko Liburutegi Digitalean daude eskuragarri.
El Día, Donostiako Udal Liburutegien Liburutegi Digitalean.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.