Euskarazko Wikipedia eta gainerako Wikimedia proiektuak sustatzea, ezagutaraztea eta zabaltzea. Sustapena bi norabidetan gauzatuko da: alde batetik, edukien kopurua areagotzeko eta beren kalitatea hobetzeko lankide berrien sartzea lehentasunetako bat izango da. Bestalde, Euskarazko Wikipediaren erabilera ere bultzatuko da euskaldunen artean, bere ikusgarritasuna indartuz bisitarien kopurua handitzekotan.
Euskarazko Wikipediaren eta proiektu lagunen lankideen arteko komunikazio-bideak ireki, lankide horien arteko sinergia berriak ezarriz, Wikipediaren onerako izango direnak. Horretarako, eztabaida irekiak, hausnarketarako jardunaldiak eta foroak antolatuko dira, Wikipedia eta hari lotutako proiektuak hobetzeko.
Lantegiak eta formazio-ikastaroak antolatu, euskaldunek Wikipedia ezagutu eta proiektuan parte har dezaten.
Hedabideekin harremanetan sartu eta haien programetan (telebista, irratia, aldizkariak...) parte hartu, Euskal Wikipediari buruzko informazioa emanez eta bere ezagutza hedatuz.
Enpresa eta erakunde publiko zein pribatuekin elkarlanean jardun, Euskal Wikipedia eta bere inguruko proiektuak hobetu ahal izateko[3]. Erakunde horiekin batera ikastaroak eta sariak antolatu.
Euskarazko Wikipedia indartzeko, bazkideen ustez onuragarria den edozein jarduera abiatu, betiere elkartearen estatutuekin bat etorrita.
Euskal wikilari batzuk 2016ko uztailaren 9an, editatoi baten atsedenaldian.
Kide guztiak dira Euskal Wikipediari ekarpenak egiten dizkioten wikilariak. Hona hemen EWKEko kideen zerrenda, elkartean, Euskal Wikipedian edo haren inguruko proiektuetan dituzten ardurak adierazita:
Theklan, EWKEko zuzendaritzako batzordekidea izandakoa (2016-2018), Euskarazko Wikipediako administratzailea eta burokrata. Besteak beste, Hezkuntza Programan lanean.