From Wikipedia, the free encyclopedia
Coma Berenices edo Berenizeren Adatsa[1][oh 1] —latinez: Coma Berenices— Leotik gertu dagoen konstelazio bat da.
Coma Berenices | |
---|---|
Datuak | |
Laburdura | Com |
Genitiboa | Comae Berenices |
Sinbologia | Berenize Egiptokoa |
Eremua | 386 gradu karratu (42. maila) |
Izar kantitatea (magnitudea < 3) | 0 |
Izarrik distiratsuena | β Com (itxurazko magnitudea 4,26) |
Meteoro euria |
|
Konstelazio mugakideak | Canes Venatici, Hartz Handia, Leo (konstelazioa), Virgo eta Boötes |
Behaketa | |
Igoera zuzena | 12,76 h |
Deklinazioa | 21,83° |
Ikuspen onena 21:00etan (9 PM): Maiatza | |
+90° eta −-70° latitude bitartean ikusgai. |
Berenize Ptolomeotar dinastiako Ptolomeo III.a Evergetes Egiptoko erregearen emaztea zen. Ptolomeo tronura iritsi zenean bere lehen betebeharra Siriara Seleuko II.a erregearen aurka borrokatu eta bere arreba eta ilobaren (hango oinordekoa zena) hilketa mendekatzea izan zen. Denbora luzez borrokatu zuen eta garaipen ugari lortu zuen, baina, Egiptotik falta zen bitartean, bere emazte Berenize ahultzen zihoan eta bere senarraren bizitzagatik beldurrez betea zegoen. Kontsolatu ezinik, egun batean Afroditaren tenplura joan zen eta jainkosaren aurrean bere senarra bizirik eta garaile iritsiz gero bere adats ederra (ezagutzen zuten guztiek miresten zutena) sakrifikatuko zuela zin egin zuen. Hala gertatu zen, eta egun horretan bertan, Ptolomeo III.a itzuli zen egun berean, Berenizek bere promesa bete zuen.
Baina gauez, norbait tenplura iritsi eta adatsa lapurtu zuen. Zurrumurruek Serapis egiptoar jainkoaren tenpluko apaiz batek egin zuela zioten, erreginak sakrifizioa jainko greziar bati egin izanagatik haserre. Lapurreta honen aurrean Berenizeren desesperazioa eta Ptolomeoren haserrea handiak izan ziren. Baina euren aurrera Conon Samosekoa astronomoa iritsi zen errege-erreginak lasaiarazteko. Bere zientzia oso ohoratua zen, zazpi astronomia liburu idatzi zituen eta mundu guztiak ezagutzen zuen Arkimedes Sirakusakoarekin zuen adiskidetasuna. Cononek errege-erreginei izar multzo bat erakutsi zien, eta multzo hori zeruan agertu berri zela, eta, zalantzarik gabe, Berenizeren adatsa zela esan zien, hara Afrodita jainkosak eraman zuena, honi eskainia izan zelarik. Ondoren, Conon jakintsuak izar adats luze bat marraztu zuen Alexandriako Museoko zeru globoan.
Kalimako Zirenekoa olerkari eta gramatikari greziarrak, urte askoan zehar liburuzaina ere izan zena, Berenize erregina eta honen adats ederra elegia batean hilezkortu zituen. Honakoak dira zati batzuk:
« | Moztu berria nengoen eta nire ahizpek nigatik negar egiten zuten, bat batean, hego astintze azkar batekin, zefiroaren ufada goxoak eterraren lainoetan zehar naramanean eta Cypris gau jainkotiarraren magalean jartzen nauenean. Eta ni, Berenizeren adats ederra zeruan gizakientzat kontaezinbeste izarren artean distira eginez finko agertzeko, Cyprisek, izar berri bezala, astroen antzinako koroan jarri ninduen | » |
Dituen 386 gradu karratuak gora-behera, ez da batere ikusgarria begi hutsez. Honako hauek dira konstelazio mugakideak: Leo mendebaldean, Canes Venatici iparraldean, Boötes ekialdean eta Virgo hegoaldean, aurkitzeko erreferentzia bezala erabil daitezkeenak, edo baita α Canum Venaticorum (Ehiza Zakurren α edo Cor Caroli), β Leonis (Denebola) ε Virginis (Vindemiatrix) eta α Bootis (Arcturus)en artean dagoen eskualdea aurkitzea. Berenizeren Adatsa igoera zuzeneko 11 ordu, 55 minutu eta 13 ordu 35 minutu artean eta deklinazioko 14 eta 34º artean dago. Behin zeruaren eskualde hau aurkitu ondoren, hiru izarrik distiratsuenek (4 magnitudekoak baino ez badira ere, α edo 42 Com, β edo 43 Com eta γ edo 15 Com) osatutako hiruki errektangulu isoszelea ezagutu behar da. Aurretik aipatu bezala, konstelazioak ez du inongo elementu ikusgarririk, mitoaren eta Eratostenesen aipamen historikoak duen indarra gora-behera, eta 1602ra arte ez zuen jaso toki bat zeruan, Tycho Brahek eman zionean. Bere erakargarritasun urriak ikusteko modurik egokiena gau ikusmenera egokitutako zelai handiko prismatiko batzuekin edo gutxienez 14 zentimetroko irekiera eta handitze txikiko okularrak dituzten teleskopioekin da.
Aurrerantzean, parentesi artean agertzen diren zenbakiak (1254 + 1655 esaterako) lehen lau zifrak igoera zuzeneko ordu eta minutuei buruzkoak dira, eta beste laurak deklinazioko gradu eta minutuei buruzkoak. + zeinua ipar hemisferioan egoteagatik jasotzen du. Kopuru guzti hauek J2000.0ri buruzkoak dira.
Adatseko Izar Aglomerazioa. Kumulu ireki oso zabal honek 5ºko diametroan zehar ez du izen berezirik katalogo baten ere. Batzuetan, alabaina, "Mel 111" bezala ezagutzen da 1915ean Philibert Jacques Melottek (1880-1961) bildu zuen 250 kumulu irekiren zerrendari erreferentzia eginez. Multzo honek nahiko ahulak diren 40 izar baino gehiago ditu, horietako zenbait begi hutsez ikus daitezkeenak eta 5 magnitudekoak, 12 Com, 13 Com, 14 Com, 16 Com eta 21 Com bezala ezagutzen direnak. Kumulu hau Lurretik 255 argi urteko distantziara dago, Ursae Majoris eta Hiadeetakoen ondoren Lurretik gertuen dagoenetako bat delarik. Era berean, Eguzkiarekiko Vela konstelaziorantz 8 kilometro segundoko abiaduran mugitzen den izar korronte bat da. Hau α Canum Venaticorum (Cor Caroli) eta β Leonis (Denebola)ren artean dago. Kumulua osatzen duten espektroak A motatik K eta M motetaraino doaz. Teleskopioarekin, aipatutako kumuluaz gain ia konstelazio osoa hartzen dutenen artean distiratsuenetakoak diren galaxia ugari daude, bereziki hego-mendebaldeko angeluan, baita ondoan duen Virgo konstelazioan ere.
31 Com izarretik 24 minutu hegoaldera, hau da, 12 ordu 51 minutuko igoera zuzenera eta 27º 07'ko deklinaziora Galaxiako Ipar Poloa proiektatzen da, eta puntu horren inguruan horrengandik kanpora dauden iturriak, badirudi gure izar sistemaren errotazio efektiboaren kontrako zentzuan biratzen dutela, eta, dakigun bezala, Eguzkiaren posizioagatik, bira oso bat 250 milioi urtetik behin egiten duena, urte kosmikoa deritzona. Puntu honetan begirada Esne Bidetik urrun dago, gure galaxiaren gas eta hautsaren ondoriozko interferentzia ia hutsa da, honen ondorioz galaxia ugari ikusgai direlarik.
β Com edo 43 Com (1312+2753). Konstelazioko izarrik distiratsuena 4,25 magnitudekoa, eta G0V espektro motakoa da, eta Eguzkitik 8 parseceko distantziara dago gugandik 6 kilometro segundoko abiaduran aldenduz.
α Com edo 42 Com edo Diadem (1310+1732). Bigarren izarrik distiratsuena 4,32ko magnitudearekin, benetan izar hirukoitz bat den arren, non A eta B osagaiak, 5,05 eta 5,08 magnitudekoak elkarrengandik hain gertu dauden tresna txikiekin elkarrengandik banatzerik ez daudelarik. F5 espektro motakoak dira, eta elkarren inguruan 25,87 urtez behin biratzen dute. C osagaia A izar nagusitik 110"ra dago eta 10,1eko magnitudea du.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.