From Wikipedia, the free encyclopedia
Joaquín Archivaldo Guzmán Loera edo "El Chapo" Guzmán (La Tuna, Sinaloa, Mexiko; 1957ko apirilaren 4a) droga trafikatzaile eta kriminal mexikarra da, Sinaloako Karteleko burua izan zena. AEBtako Altxor Departamentuaren arabera, “El Chapo” munduko droga trafikatzaile boteretsuenetakoa da.[1] 2003ko martxoan, Osiel Cárdenas atxilotu ostean, Joaquín Guzmán Mexikoko droga-trafikatzaile nagusia bihurtu zen.[2] 1993an, Guatemalan harrapatu zuten eta Mexikora estraditatu zuten. Halere, 2001ko urtarrilean, Jaliscoko Puente Grande seguritate goreneko espetxetik ihes egin zuen. [3] 2001ko ihesaren ostean, FBIk eta Interpolek gehien bilatutako bigarren gizona bihurtu zen, Osama Bin Laden ondoren. 2014ko otsailaren 22an, Mexikoko lehendakariak, Enrique Peña Nietok, jakinarazi zuen Joaquín Guzmán harrapatu zutela.[4]
Chapo Guzmán | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Badiraguato (en) , 1957ko apirilaren 4a (67 urte) |
Herrialdea | Mexiko |
Lehen hizkuntza | gaztelania |
Familia | |
Aita | apanyan |
Ama | María Consuelo Loera Pérez |
Ezkontidea(k) | Graciela López Pérezz (en) Alejandrina María Salazar Hernández (en) (1977 - Emma Luciana Aispuro (en) (2007ko uztailaren 2a - |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Academia Maria Reina (en) |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | narkotrafikatzailea eta droga kapoa |
Enplegatzailea(k) | Sinaloako kartela |
Kidetza | Sinaloako kartela Guadalajara Cartel (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Geroago, 2015eko uztailaren 11an, berriz ihes egin zuen, oraingoan Altiplano seguritate goreneko espetetxik (Almoloya de Juarez, Mexiko). [5] CNS-ak berretsi zuen Guzmán izan zela seguritate goreneko espetxetatik birritan ihes egin zuen bakarra. 2016ko urtarrilaren 8an, Enrique Peña Nietok jakinarazi zuen Joaquín Guzmán beste behin harrapatu zutela. [6] 2017ko urtarrilaren 9an, Estatu Batuetara estraditatu eta New Yorkeko Zentzategi Zentro Metropolitarrean kartzelaratu zuten.[7] Epaiketaren ostean, 2019ko uztailaren 19an, ADX Florence-ra eraman zuten. Gaur egun, espetxe horretan jarraitzen du. [8]
Joaquín Archivaldo Guzmán Loera familia txiro batean jaio zen, La Tunan (Badiraguato, Sinaloa, Mexiko), 1957ko apirilaren 4an. Bere gurasoak Emilio Guzmán Bustillos eta María Consuelo Loera Pérez dira. Bere aita “gomerarra” zen, lo-belarra ereiten zuen nekazaria. Hamaika seme-alaba izan zituzten, zortzi seme eta hiru alaba. Horietatik bost hil ziren.[9][10]
Ez dago Guzmánen haurtzaroari buruzko xehetasun handirik. Garai hartan, Badiraguatotik hurbilen zegoen eskola 60km-tara zegoen. Hara joaten ziren Guzmán eta bere anai-arrebak, laranjen salmentan lan egiten hasi zen arte. Bere aitak sarritan kolpatzen zuen. Hori gertatzen zenean, bere amaldeko amonaren etxera ihes egiten zuen. Guzmán bere aitaren aurrean jartzen zen bere anai-arrebak jo ez zitzan. Bere amaren elkartasun isila zuen.[11]
Lan eskaintza eskasa zela-eta, lo-belarra kultibatzen hasi zen, bere jaioterrian ohikoa zena. Uzta sasoian, Guzmán eta bere anaiak Badiraguatoko muinoak igotzen zituzten lo-belarra mozteko. Behin landarea kilotan bilduta, haien aitak uzta saltzen zien beste hornitzaileei Culiacanen eta Guamuchilen. Guzmán bere aitarekin batera joaten zen marihuana saltzera hurbil zeuden merkataritza-zentruetan. Irabazi gehienak likoretan eta emakumetan xahutzen zuen eta etxera ia diru gabe bueltatzen zen. Haren kudeaketa txarraz nekatuta, 15 urterekin marihuana landatzen hasi zen bere lehengusuekin batera, Arturo, Alfredo eta Héctor Beltrán Leyva anaiak. Orduko hartan, “El Chapo” ezizenaz deitzen zioten bere altuera baxua zela-eta (1,67m).[11]
Nerabea zela, bere aitak etxetik bota zuen eta bere aitonarekin bizitzera joan zen. Badiraguatoko gehienek Sierra Madre Occidentaleko lo-belar zelaietan lan egiten zuten ia bizitza osorako, baina Guzmánek haren jaioterritik alde egin zuen aukera hoberen bila. Bere osaba Pedro Avilés Pérezekin joan zen, Mexikoko droga-trafikoaren aitzindarietako bat. Hogei bat urte zituenean, krimen antolatuaren parte izaten hasi zen.[12]
Orain arte aitortu denez, Joaquín Guzmánek gutxienez hamar seme-alaba izan ditu hiru emazteekin, baina badira zeinek dioten seme-alaba gehiago dituela beste hainbat emakumekin. Bere lehen emaztea Estela Peña izan zen. Esan ohi da indarrez ezkondu zela Guzmánek bahitu ostean.[13]1977an Alejandrina Salazar Hernándezekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Jesus Alfredo, Iván Archivaldo, Alejandrina Giselle eta César. Griselda López Pérezekin, beste lau seme-alaba izan zituen: Joaquín, Édgar, Ovidio eta Griselda Guadalupe.[14][15]
2007an, Emma Coronel Aispurarekin ezkondu zen, Durangoko edertasunaren erregina ohia, bere bazkide izandako Ignacio Nacho Coronelen iloba. 2011an, bi alaba bikiak izan zituzten, María Joaquina eta Emaly Guadalupe, Los Angelesen, Kalifornian. [16] Guzmánen familia droga trafikoan sartuta dago. Sinaloaren aurkako kartelek, Los Zetas eta Beltrán Leyva erakundeak, bere familiako hainbat kide hil zituzten, hala nola bere anaia, semeetako bat eta iloba bat.
1970eko hamarkadan, Guzmánek Héctor "el Güero" Palma narkotrafikatzailearentzat lan egin zuen. Drogak garraiatzen eta bere bidalketak gainbegiratzen zituen hegazkinez Sierra Madre eskualdetik Estatu Batuen eta Mexikoren arteko mugatik gertu dauden hiriguneetara. Krimen antolatuan eman zituen lehen urratsetatik, Guzmán handinahia zen. Erregularki bere nagusiei presio egiten zien mugan zehar kontrabandotik pasatzen ziren narkotikoen proportzioa handitzen uzteko. Negozioak egitean ikuspegi bortitz eta serio bat ere bultzatu zuen: bere droga-bidalketen bat garaiz iritsiko ez balitz, Guzmánek berak kontrabandista hilko zuen buruan tiro eginez. Ingurukoek ikasi zuten bera engainatzea edo beste lehiakide batzuekin joatea ez zela zuhurra (nahiz eta prezio hobeak eskaintzen bazituzten ere).[17]
Guadalajarako Karteleko buruzagiei Guzmánen merkataritzaren zorroztasuna gustatu zitzaien, eta 1980ko hamarkadaren hasieran Miguel Ángel Félix Gallardo “El Padrino” aurkeztu zioten, garai hartan Mexikon drogaren kapo nagusietako bat zena. Félix Gallardoren gidari gisa lan egin zuen logistikaren kargu egon aurretik. Guzmánek Kolonbiatik Mexikora lehorretik, airetik eta itsasotik bidalitako drogak koordinatzen zituen. Ospea lortu zuen eta Félix Gallardorentzat hasi zen lanean, orduan Guadalajarako Kartelaren liderra zena.
1989an, Félix Gallardo atxilotu zuten. Espetxean zegoen bitartean, zenbait ordezkarien bidez goi-bilera bat deitu zuen Acapulcon, Guerreron. Bileran, Guzmán eta beste batzuk Mexikoko narkotrafikoaren etorkizuna eztabaidatu zuten. Guadalajarako Kartelarenak izan ziren lurraldeak banatzea adostu zuten. Arellano Félix anaiek Tijuanako Kartela osatu zuten, Tijuanako eta Kalifornia Behereko zatiak kontrolatzen zituena; Chihuahua estatuan, Carrillo Fuentes familiak kontrolatutako talde batek Juarezko Kartela sortu zuen; eta Sinaloa eta Ozeano Bareko kostaldea hartuta Sinaloako kartela eratu zuten Ismael "El Mayo" Zambadak, Héctor Palmak eta Guzmánek.[18]
Urteak pasa ahala, kartelak gogorki lehiatu ziren.[19] 1993ko maiatzaren 24an, Guadalajarako Nazioarteko Aireportuan kartelen arteko tiroketa mortala egon zen. Zazpi biktima egon ziren, horietako bat Juan Jesús Posadas Ocampo kardinala izan zen. Félix Gallardo atxilotu ostean, Guzmán Guadalajaran bizi izan zen, Jaliscon. Hala ere, bere beste operazio zentroetako bat Agua Prieta hirian zegoen, Sonoran. Guzmánek dozenaka jabetza zituen herrialdeko hainbat tokitan. Konfiantzazko pertsonek beretzat erosi zituzten jabetzak eta izen faltsuekin erregistratu zituzten. Gehienak bizitegi-auzoetan zeuden eta drogak, armak eta dirua gordetzeko balio zuten. Mexikon zehar zeuden hainbat arrantxo ere zituen, baina gehienak Sinaloa, Durango, Chihuahua eta Sonora estatuetan zeuden. Bertakoek lo-belarra eta marihuana kultibatzen zituzten narkotrafikatzailearentzat.
1987an, Estatu Batuetako agintariek Guzmán lehen aldiz antzeman zuten krimen antolatuan parte hartzeagatik. Babestutako lekuko batzuek auzitegi estatubatuar batean deklaratu zuten Guzmán Sinaloako Kartelaren buru zela. Arizonako estatuan egindako akusazio batek zioen 1987ko urriaren 19tik 1990eko maiatzaren 18ra, Guzmánek koordinatu zuela 2.000 kg marihuana eta 4.700 kg kokainaren bidalketa eta gutxi gorabehera, 1,5 milioi dolar irabazi zituela, jatorrizko estatura bidali zirenak. Beste akusazio batek zioen Guzmánek 100.000 dolar irabazi zituela 31.750 kg kokaina eta marihuana kopuru zehaztugabea trafikatzeagatik hiru urteko epean. Tecate eta San Luis Rio Colorado arteko mugan, Guzmánek bere gizonei agindu zien droga gehienak lurrez trafikatzeko, baina baita hegazkin gutxi batzuen bidez ere. Estrategia zatikatzailea deiturikoa erabiliz arriskuak murriztu ziren, maneiatzen ziren droga kopuruak txikiagoak baitziren. Guzmán ere aitzindaria izan zen tunel sofistikatuak erabiltzen drogak mugan zehar eta Estatu Batuetara mugitzeko. Horrez gain, Palmak eta Guzmánek txile latetan kokaina paketeak sartzen zituzten "La Comadre" markaren pean, Estatu Batuetara trenez bidali aurretik.[20] Trukean, kapoei eskudirutan milioika dolarrez betetako maleta handiekin ordaintzen zieten. Maleta horiek Ameriketako Estatu Batuetatik Mexiko Hirira eramaten zituzten, eta aireportuko aduanetako agente ustelek ziurtatzen zuten entregak ez ikuskatzea. Txostenen arabera, diru horren kopuru handiak Fiskal Nagusiaren Bulegoko kideentzako eroskeria gisa erabili ziren.
Félix Gallardo atxilotu zutenean, Tijuanako korridorea Jesús Labra Áviles "El Chuy" eta Javier Caro Payán "El Doctor" (Rafael Caro Quintero Guadalajarako Karteleko buruzagi ohiaren lehengusua) eta Arellano Félix anaien esku egon zen. Hala ere, estatu kolpe baten beldur, Caro Payanek Kanadara ihes egin zuen eta ondoren atxilotu egin zuten. Guzmán eta Sinaloako Karteleko gainontzeko buruzagiak, Arellano Félix klanarekin haserretu ziren horregatik. 1989an, Guzmánek Armando López "El Rayo", bere gizonik fidagarrienetako bat, Tijuanara bidali zuen Arellano Félix klanarekin hitz egiteko. Haiekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izan aurretik, Ramón Arellano Félixek Armando López hil zuen. Hilotza hiriaren kanpoaldean desagerrarazi zuten eta Tijuanako Kartelak López familiako gainerako kideei kolpe bat eman zien, etorkizunean errepresaliak saihesteko. [21]
Urte berean, Arellano Félix anaiek Enrique Rafael Clavel Moreno (Venezuelako narkotrafikatzailea) bidali zuten Héctor Luis Palmaren familian infiltratzeko eta haren emazte Guadalupe Leija Serrano limurtzeko. Emaztea konbentzitu ondoren haren senarrak San Diegon (Kalifornia) zuen kontu batetik 7 milioi dolar kentzeko, Clavelek emakumeari burua moztu eta Palmari bidali zion metalezko kutxa batean. [22] Mexikoko droga-trafikoari lotutako moztutako lehen burua izan zen.[23] Bi aste geroago, Clavelek Palmaren semeak hil zituen, Héctor (5 urtekoa) eta Nataly (4 urtekoa), Venezuelako zubi batetik botata. Orduan, Palmak bere gizonak Clavel hiltzera bidali zituen espetxean zegoen bitartean.
1991n, Ramónek Arellano Félixek Sinaloako Karteleko beste kide bat hil zuen, Rigoberto Campos Salcido ("El Rigo"), eta Guzmánekin gatazka gehiago sortu zituen. 1992. urtearen hasieran, Calle Treinta taldeak (Tijuanako Kartelean afiliatuta zegoen taldea) Guzmánen sei gizon bahitu zituen Tijuanan. Informazioa lortzeko torturatu zituzten eta ondoren, garondoan tiro egin zieten. Gorpuak hiriaren kanpoaldera eraman zituzten. Erasoa gertatu eta gutxira, bonba-auto batek eztanda egin zuen Guzmánen jabetzetako baten aurrean, Culiacanen. Ez zen zauriturik egon, baina Guzmán mezuaz jabetu zen.
1992ko irailaren 3an, Guzmánek eta Palmak Arellano Félix anaien aurka (Tijuanako Kartela) egin zuten kontraerasoa. Igualan bederatzi hilketa burutu zituzten, hildakoen artean Félix Gallardoren senideak eta abokatuak zeuden, Palmaren familiaren aurkako erasoa antolatu zuela uste baitzen. Mexikoko Fiskal Nagusiak unitate berezi bat eratu zuen hilketak ikertzeko, baina ikerketa bertan behera geratu zen unitateak jakin zuenean Guzmánek Mexikoko poliziako funtzionario nagusienetako batzuei 10 milioi dolar ordaindu zizkiela, poliziaren txostenen eta polizia ohien aitorpenen arabera. [18]
1992ko azaroan, Arellano Félixen gizon armatuak Guzmán hiltzen saiatu ziren Guadalajarako kaleetan zehar ibilgailu batean zihoala. Ramón Arellano Félixek eta bere lau jarraitzaileek AK-47 errifleekin tiro egin zuten, baina narkotrafikatzaileak onik ihes egitea lortu zuen.[11] Hala ere, Guzmánek eta Palmak antzeko erantzuna eman zioten hilketa saiakerari. Zenbait egun geroago, 1992ko azaroaren 8an, Sinaloako Karteleko gizon asko Puerto Vallartako Christine diskotekan sartu ziren polizia gisa. Bertan Ramón eta Francisco Javier Arellano Félix zeuden gau hartan. Gizonak sartu eta tiroka hasi ziren. Gutxienez zortzi minutu iraun zuen tiroketak, eta Guzmán eta Arellano Félixen pistolariek 1.000tik gora tiro egin zituzten. [24] Sei pertsona hil ziren tiroketan, baina Arellano Félix anaiak komunean zeuden sarekada hasi zenean eta, txostenen arabera, aire girotuko hodi batetik ihes egin eta haien ibilgailuetako batean joan ziren.[25]
1992ko abenduaren 9an eta 10ean, Félix Gallardoren ustezko lau bazkide hil zituzten. Sinaloako Kartelaren eta Arellano Félix klanaren arteko antagonismoak beste hainbat hildako utzi zituen, eta eraso bortitz gehiago izan ziren Kalifornia Beherea, Sonora, Sinaloa, Durango, Jalisco, Guerrero, Michoacán eta Oaxaca estatuetan. Bi taldeen arteko gerrak beste sei hilabetez jarraitu zuen, hala ere, euren buruzagietako bat ere ez zuten hil.
1993ko erdialdean, Arellano Félix klanak bere pistolari nagusiak bidali zituzten Guadalajaran Guzmán hiltzeko helburuarekin. Arrakastarik izan ez zutenez, 1993ko maiatzaren 24an, Tijuanako Kartelaren sikarioek Kalifornia Beherera itzultzea erabaki zuten. Francisco Javier Arellano Félix Guadalajarako Nazioarteko Aireportuan zegoenez Tijuanarako hegaldia erreserbatzen, informatzaileek jakinarazi zioten Guzmán aireportuko aparkalekuan zegoela hegaldi baten zain. Mercury Grand Marquis auto zuria ikusi eta Guzmán han ezkutatzen ari zela pentsatu zuen. Tijuanako Karteletik 20 gizon armatu jaitsi ziren bere ibilgailuetatik eta tiroka hasi ziren. Baina Guzmán Buick Sedan berde baten barruan zegoen, beste autotik gertu. Mercury Grand Marquis-aren barruan Guadalajarako kardinala eta artzapezpikua zegoen, Juan Jesús Posadas Ocampo, hamalau bala-zaurirekin hil zena. Beste sei pertsona, kardinalaren gidaria barne, su gurutzatu hartan hil ziren.[26] Tiroketa eta nahasmenaren erdian, Guzmánek ihes egin zuen eta aireportutik 20 minutura zeukan segurtasun-etxe batera joan zen.
Kardinala hil zuten gauean, Carlos Salinas de Gortari presidente mexikarra Guadalajarara joan zen eta erasoa gaitzetsi zuen. Zibil errugabeei eraso zituen "ekintza kriminala" zela esan zuen, baina ez zuen krimen antolatuaren parte-hartzearen adierazpenik eman.[27] Posadas Ocampo kardinalaren heriotzak Mexikoko publikoa, Eliza katolikoa eta politikari asko sumindu zituen. Gobernuak jazarpen masiboa egin zuen tiroketan parte hartu zuten pertsonak atxilotzeko, eta horietako bakoitzagatik 5 milioi dolarreko saria eskaini zuen.
Guzmánen aurpegiaren irudiak, aurretik publikoarentzat ezezaguna zena, Mexiko osoko egunkari eta telebistetan agertzen hasi ziren. Bere harrapaketaren beldur, Guzmánek Tonalára (Jalisco) ihes egin zuen. Txostenen arabera, han arrantxo baten zeukan. Gero, Mexiko Hirira ihes egin zuen eta hotel batean geratu zen hamar bat egunez. Elkartekide batekin bildu zen leku ezezagun batean eta US $200 milioi eman zizkion bere familia mantentzeko. Kopuru bera eman zion beste langile bati, Sinaloako Kartelak bere eguneroko jarduerak arazorik gabe egingo zituela ziurtatzeko.
1993ko ekainaren 4an, Jorge Ramos Pérez izen faltsua zuen pasaporte bat lortu ondoren, bere konfiantzazko elkartekide batek Chiapas estatura eraman zuen, Guatemalan ezarri baino lehen. Bere asmoa Guatemalan zehar mugitzea zen Maria del Rocio del Villar Becerra neska-lagunarekin eta bere bizkarzainetako batzuekin, baita El Salvadorren ezartzea ere. Bidaian zehar, Mexikoko eta Guatemalako agintariak haren mugimenduak jarraitzen ari ziren. Guzmánek Guatemalako ofizial militar bati 1,2 milioi dolar ordaindu zizkion Mexikoko mugaren hegoaldean ezkutatzen uzteko. Hala ere, identifikatu gabeko funtzionario batek Guzmánen kokapenari buruzko informazioa helarazi zien ordenako indarrei. [28]
1993ko ekainaren 9an, Guatemalako armadak Guzmán atxilotu zuen Tapachulatik gertu dagoen hotel batean, Guatemala eta Mexikoren arteko mugatik gertu. [29] Bi egun geroago Mexikora estraditatu zuten hegazkin militar batean. Han, berehala eraman zuten Almoloya de Juarezeko Birgizarteratze Zentro Federalera (Altiplano) segurtasun goreneko espetxera. Hogei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, narkotrafikoa, elkarte kriminala eta eroskeria leporatuta. 1995eko azaroaren 22an, segurtasun goreneko beste espetxe batera transferitu zuten, Jaliskoko Birgizarteratze Zentro Federalera (Puente Grande espetxea), hiru deliturengatik zigortu ondoren: suzko armak edukitzea, droga-trafikoa eta Juan Jesus Posadas Ocampo kardinalaren hilketa (geroago beste epaile batek kargu hori baztertu zuen).
Kartzelan zegoen bitartean, Guzmánen droga inperioak eta kartelak martzan jarraitu zuten bere anaia Arturo “El Pollo” Guzmán Loeraren zuzendaritzapean. Elkartekideek eskudiruzko maletak ekarri zizkioten, kartzelako langileak erosteko eta bere bizimodua espetxean hobetzeko. Horrela, kartzelako zaindariak zerbitzari gisa jardun zuten.[18] Espetxean zegoen bitartean, bere maitalea ezagutu zuen, Zulema Hernández poliziako agente ohia, geroago Sinaloara elkartuko zena. Aurrerago, Hernándezek Sinaloaren hedapena kontrolatu zuen Mexiko Hirian, baina 2008an bere gorpua kutxa batean aurkitu zen. Buruan tiro bat zeukan eta “z” ugari zeuzkan azalean grabatuta, Los Zetas esan nahi zuena, Sinaloaren arerioak zirenak.[30]
Guzmán atxilotu zutenean, Sinaloako Kartela Mexikoko droga kartelik aberatsena eta boteretsuena zen. Kokaina bidalketak egiten ziren Kolonbiatik Estatu Batuetara, Mexiko zeharkatuz. Kartela Mexikoko metanfetamina eta marihuanaren eta Asiako hego-ekialdeko heroinaren ekoizpenean, kontrabandoan eta banaketan ere aritzen zen.[31] 1995eko ekainaren 23an, Mexikoko armadak Palma atxilotu zuenean, Guzmánek kartelaren lidergoa hartu zuen. Gero, Palma Estatu Batuetara estraditatu zuten, droga trafikoa eta konspirazioa egotzita.
2003an Golkoko Karteleko bere arerioa zen Osiel Cardenas atxilotu ondoren, Guzmán eta bere gertuko kide zen Ismael Zambada García, Mexikoko buru nagusiak bihurtu ziren, 2014an Guzmán berriz atxilotu zuten arte. Guzmánek gertuko beste kide bat ere bazuen, Ignacio "Nacho" Coronel Villarreal, konfiantzazko laguna.
Bere drogen inperioari esker Guzmán izugarri aberastu zen. Mexikoko hamargarren gizonik aberatsena zen. Bere narkotrafikoari laguntzeko, Sinaloako Kartelak garraio eta bidalketa inperio bat eraiki zuen.[32] Guzmán "garai guztietako narkotrafikatzailerik handiena" dela esan da.[33] Estatu Batuetako DEAk "drogen munduaren aitabitxitzat" jo zuen eta Pablo Escobarren eragina eta irismena gainditu zituela uste da. 2013an, Chicagoko Delituen Batzordeak Guzmán "lehen etsai publikoa" izendatu zuen bere sare kriminalak Chicagon izan zuen eraginagatik (hala ere, ez dago Guzmánek hiria bisitatu izanaren ebidentziarik). Ospe hori jaso zuen azken pertsona Al Capone izan zen, 1930ean.
2014an atxilotu zutenean, Guzmánek beste edozeinek baino droga gehiago inportatu izan zuen Estatu Batuetara.[32] Kolonbiako kartelen errepresioak sortutako botere-hutsunea aprobetxatu zuen eta hango negozioak bereganatzen eta merkatuan parte hartzen hasi zen.[34] Antzerako egoera ere aprobetxatu zuen Mexikoko gobernuaren errepresio gogorrak kartel etsaiak eraitsi zituenean, Sinaloako taldea neurri handi batean onik atera baitzen.
1999an, Amezcua anaiak, Colimako Kartelaren sortzaileak, metanfetamina trafikoko karguengatik erori ondoren, Mexiko osoan lidergo eskaera zegoen iparralderanzko metanfetamina bidalketak koordinatzeko. Guzmánek aukera ikusi eta aprobetxatu zuen. Guzmánek eta Ismael Zambada Garcíak ("El Mayo") Mexikoko Ozeano Bareko kostaldean aurretik zituzten kontaktuak erabili zituzten. Azpimarratu beharrekoa da, lehen aldiz, kolonbiarrek ez zutela ordaindu beharko, metanfetaminari kokaina bidalketekin lotu baitzitzaizkion. Horrek esan nahi zuen ez zela diru gehigarririk behar hegazkinentzat, pilotuentzat, itsasontzientzat eta eroskerientzat; jada zegoen azpiegitura erabili zuten produktu berria bideratzeko.
Ordura arte, Sinaloako Kartela Guzmán eta Ismael Zambada Garcíaren arteko enpresa bat izan zen. Baina metanfetaminaren negozioa Guzmánena soilik izango zen. Txina, Thailandia eta Indiarekin loturak egin zituen behar ziren kimikoak inportatzeko. Sinaloa, Durango, Jalisco, Michoacan eta Nayarit estatuetako mendietan zehar, Guzmánek metanfetamina laborategi handiak eraiki zituen eta bere antolaketa azkar hedatu zuen. [35]
Nomada izateari esker, herrialde osoan zehar harremanak osatu zituen. Momentu horretan, Mexikoko 31 estatuetatik 17tan jarduten zuen. Negozioa hedatzen ari zela, Ignacio Coronel Villarreal konfiantzazko laguna jarri zuen metanfetamina ekoizpenaren arduradun. Horrela, Guzmánek buruzagien buru izaten jarraitu zezakeen. Coronel Vilarrealek haren fidagarritasun handia erakutsi zion eta "Kristalaren erregea" ezizenez ezaguna izaten hasi zen.[36]
Mexikoko espetxean zegoen bitartean, Guzmán San Diegon akusatu zuten dirua garbitzeagatik eta Kalifornian kokaina tonak inportatzeagatik. Sinaloako bere abokatua Humberto Loya-Castro ere akusatu zuten. Abokatua Mexikoko funtzionarioak Sinaloaren izenean erosteagatik akusatu zuten, atxilotutako karteleko edozein kide aske uzten zutela ziurtatzeko. Mexikoko Gorte Gorenaren erabaki batek Mexikoren eta Estatu Batuen arteko estradizioa erraztu ondoren, Guzmánek zaindariak erosi zituen ihes egiten laguntzeko.
2001eko urtarrilaren 19an, Francisco "El Chito" Camberos Riverak, espetxeko guardia batek, Guzmánen gelaxka elektronikoa ireki eta presoa gurditxo batean sartu zen. Javier Camberos, mantentze-lanetako langilea, ate batzuetatik igaro eta ate nagusitik irten zen. Gero, Camberosek gidatzen zuen auto baten maletategian eraman zuen hiritik kanpo. Camberos zerbitzugune batean sartu zen eta itzuli zenean, jada Guzmán oinez joan zen. Funtzionarioen arabera, 71 pertsona inguru inplikatu zituen ihes egiteko planean. Camberos kartzelan dago ihesean laguntzeagatik.[18][37]
Poliziak dioenez, Guzmánek arreta handiz prestatu zuen bere ihes-plana. Espetxeko ia guztien gaineko eragina zuen, instalazioaren zuzendaria barne, orain kartzelan dagoena ihesaldian laguntzeagatik. Espetxeko egoeraren berri eman zuen guardia bat 7 urte geroago desagertu zen. Guzmánek aginduta hil zutela uste da. Ustez, Guzmánek kartzelako zaindariak zituen bere nominan, kontrabandoa sartu zuen espetxera eta langileen lehentasunezko tratua jaso zuen. Espetxeko langileen konplizeez gain, Jaliscoko poliziari ordaindu zion, estatutik irteteko gutxienez 24 ordu izango zituela ziurtatzeko. Ihesaldia, ustez, 2.5 milioi dolar kostatu zitzaizkion.[38][39]
2001ean espetxetik ihes egin zuenetik, Guzmánek Ciudad Juarezeko gurutzaguneak kontrolatu nahi izan zituen, Carrillo Fuentes familiaren esku zeudenak (Juarezko Kartela). Bi erakundeen artean mesfidantza handia egon arren, Sinaloa eta Juarezeko Kartelek lan-akordio bat zuten une horretan. Guzmánek bilera deitu zuen Monterreyen Ismael Zambada García ("El Mayo"), Juan José Esparragoza Moreno ("El Azul") eta Arturo Beltrán Leyvarekin. Bilera horretan, Rodolfo Carrillo Fuentes hiltzea eztabaidatu zuten, momentu hartan Juarezko Kartelaren liderra zena. 2004ko irailaren 11n, Rodolfo, bere emaztea eta bi seme txikiak Culiacango merkataritza-gune batean zeuden. Merkataritza-gunetik irtetean, Los Negroseko kideek (Sinaloako Kartelaren hiltzaileak) tiroka hasi ziren. Rodolfo eta bere emaztea hil zituzten. [40]
Hiria jada ez zuen Carrillo Fuentes familiak soilik kontrolatzen. Mexikoko Drogen Gerra piztu zen: kartel lehiakideak kontrola bereganatzeko borrokan hasi ziren. Guzmán lehena izan zen kartel nagusiek adostutako eraso ezaren "ituna" hausten. 2006ko abendutik, 60.000 pertsona baino gehiago hil ziren kartelen arteko borrokaren ondorioz.[41] 2006ko abenduan, Felipe Calderon Mexikoko presidenteak kargua hartu zuenean, iragarri zuen Mexikoko armadak kartelen aurkako erasoaldi bat egingo zutela, gero eta handiagoa zen indarkeria geldiarazteko.
Lau urte ondoren, ahaleginek ez zituzten drogen jarioa edo drogaren gerrarekin lotutako hilketak geldiarazi. 2010etik aurrera egindako 53.000 atxiloketetatik soilik 1.000k ziren Sinaloako Karteleko kideak. Horrek, Felipe Calderonek Sinaloak drogen gerra irabaztea nahita ahalbidetzen ari zelaren susmoak sortu zituen. Calderonek hori ukatu zuen Mexikoko egunkarietan egindako iragarkietan, eta “Nacho" Coronelaren hilketa aipatu zuen froga gisa. Hainbat kartelak errepresioak jota zeuden, baina Sinaloako kartelak ez zuen horrenbesteko eraginik pairatu eta etsaien lurraldeak bereganatu zituzten, Ciudad Juárez-El Pasoko korridore gutiziatua barne.[42][34]
Guzmán ezaguna zen kapoen artean hainbeste denbora egoteagatik eta agintarietatik ihes egiteagatik, Mexikoko funtzionario federal, estatal eta lokalei egindako ustezko eroskeriek lagunduta.[32] Guzmánen ihesaldiaren ondoren, bere logistika eta segurtasun gizon asko atxilotzea lortu bazuten ere, jazarpen militar handiak eta polizia federalak ez zuen Guzmán urteetan harrapatzea lortu. Bere ihesaldiaren eta bere harrapaketaren artean igarotako urteetan, Mexikoko gizonik bilatuena izan zen. Guzmán Mexikon eta atzerrian ikusten zutela zioten zurrumurruak zabaltzen ziren. Hamahiru urte baino gehiagoz, Mexikoko segurtasun indarrek operazio asko koordinatu zituzten berriz atxilotzeko. Baina haien ahaleginak, neurri handi batean, alferrikakoak izan ziren.
Bere kokapena ezagutzen ez zen arren, agintariek "Urrezko Triangeluan" ezkutatzen ari zela pentsatu zuten (Sinaloa, Durango eta Chihuahuako zati batzuk hartzen dituen eremua), Sierra Madre eskualdean. Eskualde hori lo-belar eta marihuana ekoizle garrantzitsua da Mexikon. Hiriguneetatik urrun dagoenez, erakargarria da ezkutuko laborategietan eta ezkutalekuak eskaintzen dituzten mendietan droga sintetikoak ekoizteko.[43][44] Txostenen arabera, Guzmánek segurtasun zirkulu sofistikatu bat gidatu zuen, gutxienez 300 informatzaile eta pistolariz osatua, estatuburu baten pareko eskulanaren antza duena. Bere barne zirkuluak, eremu menditsuko arrantxo isolatu batzuetatik mugitzen lagunduko zion.[45]
Oro har, poliziarengandik ihes egin zuen auto blindatuetan, hegazkinetan eta lur orotako ibilgailuak erabiliz. Komunikazio gailu sofistikatuak eta kontraespioitza praktikak ere erabiltzen zituen. "Urrezko Trianguluko" kokapen askok lurrezko bide bakarretatik soilik irits daitezkeenez, bertako biztanleek erraz antzeman zezaketen poliziaren edo edozein ezezagunen etorrera. Ezezagunenganako mesfidantzak eta gobernuarekiko gorrotoak, eroskeria eta larderiarekin batera, bertakoak Guzmánekiko eta Sinaloako Kartelarekiko leial izatea lagundu zuten. Poliziaren arabera, Guzmán airez harrapatzeko eraso bat egiten saiatzeak antzeko emaitzak izango zituen. Bere segurtasun zirkuluak hegazkin bat zetorrela ohartaraziko zion, eta denbora nahikoa izango zuen ihes egiteko. Gainera, txostenen arabera, bere gizonek hegazkinak bota zitzaketen misilak zeuzkaten.[46]
Guzmán denbora luzez Sierra Madreko mendietan ezkutatua egon zen arren, atxilotuta zeuden zenbait bizkarzainek armadari esan zioten Culiacanen eta Mazatlan kostaldeko herrira joaten hasi zela. Harrapatu baino astebete lehenago, Guzmán eta Zambada Sinaloan familia bilera batean izan zirela jakinarazi zuten. 2014ko otsailaren 16an, Mexikoko armadak bizkarzainen aholkuak jarraitu zituzten eta Guzmánen emazte ohiaren etxera joan ziren. Baina arazoak izan zituzten altzairuz indartutako atea botatzeko. Horri esker, Guzmánek ihes egin zuen sei etxe lotzen zituen tunel sekretu sistema batetik.
2014ko otsailaren 22an, goizeko 6:40ak aldera, Mexikoko agintariek Guzmán atxilotu zuten Mazatlango itsas aurreko hotel batean. Operazioa goizeko 3:45ean hasi zen. Guzmán Miramar jabekidetzan ezkutatzen zen. Mexikoko eta AEBetako agente federalek bazekiten narkotrafikatzailea gutxienez bi egunez egon zela leku horretan, 401. gelan. Mexikoko agintariak bertara iritsi zirenean, berehala menderatu zuten Carlos Manuel Hoo Ramirez, Guzmánen bizkarzainetako bat, igogailuetatik eta eskaileretatik laugarren solairura isil-isilik joan aurretik.
Guzmánen sarrerako atean zeudela, apartamentuan sartu ziren eta haren bi logelak eraso zituzten. Horietako batean Guzmán zegoen, bere emaztearekin ohean etzanda (Emma Coronel Aispura). Txostenen arabera, bere bi alabak jabekidetasunean egon ziren atxiloketa bitartean. Guzmán fisikoki atxiloketari aurre egiten saiatu zen, baina ez zen berarengandik gertu zuen errifle bat harrapatzen saiatu. Goizeko 6:40an atxilotu, beheko solairura eraman eta jabekideen aparkalekurantz abiatu ziren. Han atera zituzten lehen argazkiak. Gero, Mexiko Hirira eraman zuten, formalki identifikatzeko. Mexikoko Gobernuaren arabera, atxiloketan ez zen tirorik egon.[47]
Guzmán Mexiko Hiriko Nazioarteko Aireportuan aurkeztu zuten prentsaurreko batean. Ondoren, Birgizarteratze Zentro Federalera (Altiplano) eraman zuten, Almoloya de Juarezeko segurtasun handiko espetxea. Polizia Federalaren Black Hawk helikoptero batean eraman zuten, Itsas Armadako bi helikopterok eta Mexikoko Aire Armadako batek eskoltatuta. Espetxe barruko eta inguruko eremuetako zaintza areagotu zen.[48]
2015eko uztailaren 11n, Guzmánek Altiplano espetxetik ihes egin zuen.[49] Botikak jaso ondoren, Guzmán 20:52an ikusi zuten azkenekoz.[50] Dutxan zeuden segurtasun kameraren bidez ikusten ez zen gelaxkako eremu bakarra. Guardiak 18 minutu ondoren haren bila joan ziren.[51] Bere zeldara joan zirenean, Guzmán ez zegoen. Dutxatik etxe bateraino zihoan tunel batetik ihes egin zuen, Santa Juanitako auzo batetik 1,5 km-ra zegoena.[52] Tunela lur azpitik 10 metroko sakoneran zegoen eta 1,7 metroko altuera eta 75 zentimetroko zabalera zuen. Argi artifiziala, aire-hodiak eta kalitate handiko eraikuntza-materialak zituen. Gainera, motozikleta bat aurkitu zen tunelean, agintarien ustez materialak eta, beharbada, Guzmán bera garraiatzeko erabili zena.[53]
Guzmánen ihesak bilaketa prozesu handia eragin zuen. Bilaketa berehala hasi zen inguruetan. Kartzela osoa itxi zuten eta inor ezin zen sartu edo atera. Bilaketa beste erakunde federaletara zabaldu zen: Mexiko Hiria, Mexiko Estatua, Morelos, Puebla, Guerrero, Michoacan, Querétaro, Hidalgo eta Tlaxcala. Hala ere, bilaketan parte hartu zuten ofizial militar gehienak Mexikoko Estatura bidali zituzten. Mexikoko gobernuak nazioarteko ohartarazpen bat ere igorri zuen Guzmánek herrialdetik ihes egin ez zezan.[54]
Interpolek eta beste segurtasun erakunde batzuek beste herrialde batera ihes egiteko aukeraren berri jaso zuten. Tolucako Nazioarteko Aireportuko hegaldiak bertan behera geratu ziren, eta soldaduek Mexiko Hiriko Nazioarteko Aireportuko zati batzuk okupatu zituzten. Gau hartan espetxean lan egiten zuten 120 langileetatik, Guzmánen zeldan lan egiten zuten hemezortzi atxilotu zituzten galdeketa egiteko. Arratsaldean, 31 pertsona galdekatu zituzten. Valentin Cardenas Lerma espetxeko zuzendaria atxilotuen artean zegoen.[55]
Peña Nietok prentsaurreko batean Guzmánen ihesarekin harrituta zegoela esan zuen eta gobernuak ikerketa intentsibo bat egingo zuela agindu zuen, funtzionarioek kartzelatik ihes egiten lagundu zuten jakiteko. Gainera, Guzmánen ihesaldia Mexikoko gobernuari egindako "iraina" izan zela esan zuen. Peña Nieto gogor kritikatu zuten gertakariagatik, eta komunikabideek adierazi zuten ihesa administrazioaren gertakaririk lotsagarrienetako bat izan zela. Kritikoek adierazi zutenez, Guzmánen ihesak gobernu barruko ustelkeria handia azpimarratu zuen eta Gobernuak herrialdeko krimen antolatuaren taldeei aurre egiteko duen gaitasuna zalantzan jarri zuen.[56] Geroago, beste prentsaurreko batean, Gobernuak 60 milioi pesoko saria jarri zuen Guzmán atxilotzeko informazioa ematearen truke.[57]
Mexikoko armadak argitaratutako txosten ofizialaren arabera, herritarrek "pertsona armatuak" ikusi zituztela salatu zuten Los Mochis kostaldeko hiriko etxe batean, Sinaloa iparraldean. Hilabete batez zaintzapean egon zen. Komunikazio monitorizatuen arabera, etxea "amona" edo "izeba" iristeko prestatzen ari ziren, eta agintariek uste zuten lehentasun handiko helburu potentzial baterako kodea zela.
Gizon armatuak etxera itzuli ziren, inguruko jatetxe batean tako eskaera handi bat egin eta kamioneta zuri batean eskaera jaso ondoren. 2016ko urtarrilaren 8ko lehen orduetan, Mexikoko Armadako Indar Berezietako 17 marinelek, Mexikoko Armadaren laguntzarekin, egoitzara sartu ziren. Baina Guzmánek eta teniente batek tunel sekretu batetik ihes egin zuten, 1,5 km-ra irten ziren eta ibilgailu bat lapurtu zuten.[58]
Estatuko alerta bat igorri zuten lapurtutako ibilgailua zela-eta. Polizia Federalak ibilgailua aurkitu zuten Los Mochisetik 20 km hegoaldera, Juan José Rios herritik gertu. Guzmán ofizialak erosten saiatu zen jabetza, lan eta eskudiru eskaintzekin. Ofizialek ezezkoa eman zutenean, Guzmánek "denak hilko zarete" esan zien. Marineak heldu zirenean, Guzmán Mexiko Hirira eraman zuten. Han, Mexiko Hiriko aireportuan Guzmán aurkeztu zuten prentsa aurrean eta gero, Altiplano segurtasun goreneko espetxera eraman zuten Armadako helikopteroan.[58]
2016ko urtarrilaren 8an, Mexikok Estatu Batuetara estraditatzeko prozesua abiatu zuen.[59] Guzmánen abokatuek neurri ugari ezarri zituzten estradizioa saihesteko. 2016ko urriaren 17an, Vicente Antonio Bermudez Zacarias, Guzmánen estradizio prozeduretan epaile federala izan zena, hil zuten Mexiko Hiritik gertu korrika egiten ari zela.[60]
Guzmán Chicagon, San Diegon, New Yorken, New Hampshiren, Miamin eta Texasen bilatzen zuten, eta gutxienez Estatu Batuetako zazpi auzitegi federaletan akusatu zuten. 2017ko urtarrilaren 19an, Guzmán Estatu Batuetara estraditatu zuten karguei aurre egiteko eta HSI eta DEAko agenteen zaintzapean utzi zuten.[61] New Yorkeko Metropolitar Zentzategi Zentroko segurtasun goreneko hegalean sartu zuten. Urtarrilaren 20an, New Yorkeko Estatu Batuetako Barruti-Auzitegian 17 karguren errugabetzat jo zuen bere burua. [62]
Orduan, 2018ko azaroaren 5ean, Brian Cogan epaile federalak hasi zuen epaiketa. Hasiera argudioak 2018ko azaroaren 13an hasi ziren eta itxiera argudioak 2019ko urtarrilaren 31n izan ziren. 2019ko otsailaren 12an, Guzmán kargu guztien errudun jo zuten.[63] 2019ko uztailaren 17an, biziarteko kartzela-zigorra gehi 30 urte ezarri eta 12,6 mila milioi dolar baino gehiagoko isuna jarri zioten. Orain bere zigorra betetzen ari da ADX Florence-n, herrialdeko kartzelarik seguruenean.[64][65]
Hainbat liburu eta artikulu idatzi dira haren inguruan. Hala nola:
Zenbait narkokorrido (narko baladak) mexikarrak daude Guzmán aipatzen dutenak. Horrezgain, hainbat musikari estatubatuarrek “El Chapo” aipatzen duten zenbait abesti egin dituzte, hala nola Uncle Murda, Skrillex, YG, Gucci Mane eta The Game.
2017an, Netflix eta Univisión El Chapo telesaila produzitzen hasi ziren, Guzmánen bizitzari buruzkoa zena.
Horrezgain, Narcos: Mexico telesailan Alejandro Eddak Guzmán gisa antzezten du.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.