Big Cruncharen teoria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Big Crunch teoria edo Inplosio Handiaren teoria XX. mendean unibertsoaren amaierari buruz proposatu den teoria kosmologikoetako bat da.
Inplosio Handia edo Big Cruncharen teoriak unibertso itxi bat proposatzen du. Teoria honen arabera, unibertsoak dentsitate kritiko bat baldin badu, Big Bang edo Eztanda Handiak sortutako unibertsoaren hedapena motelduz joango da pixkana-pixkana, azkenean, unibertsoa osatzen duten objektu guztiak berriz elkarrengana hurbiltzen hasten diren arte, materia, berriz, denbora-espazioaren singularitate batean konprimatuz.
Unibertsoaren hedapena gelditu eta uzkurtzea hasiko litzatekeen unea unibertsoaren dentsitate kritikoaren araberakoa da: zenbat eta dentsitate handiagoa, azkarrago gelditu eta uzkurtuko litzateke, eta, dentsitate hori txikia izango balitz, gertaerak gertatzeko denbora gehiago egongo litzateke. Dentsitatea behar bezain baxua izango balitz, unibertsoa etengabe hedatzen ariko litzateke.
Egungo froga esperimentalek diotenez (zehazki urruneko supernobak kandela estandar bezala behatzeak eta hondoko mikrouhinen erradiazio kosmikoaren mapatze osoa) unibertsoaren hedapena, grabitatearen ondorioz, geratu ordez, bizkortzen ari dela iradokitzen dute. Alabaina, energia ilunaren izaera (hedapenaren iturritzat hartzen dena), ezezaguna dela eta oraindik posible da (orain arte behatutakoarekin bat ez datorren arren) unibertsoak bere hedapena gelditu, uzkurtzen hasi eta kolapsatzen amaitzea.
Uzkurtze fase honek beste erremediorik gabe jarraituko luke, eta, berarekin batera, erradiazioaren eta materiaren tenperatura handitzea. Halako une batean, galaxia guztiak bakar batean elkartuko lirateke (izarren arteko talkak oraindik arraroak izango liratekeen arren). Bitartean, hondoko mikrouhinen erradiazioaren tenperatura igotzen joango litzateke, une horretan egon litezkeen bizi formen biziraupena arriskuan jarriz, hasiera batean behintzat, gure Lurraren antzeko planetetan egongo liratekeenak. Halako une batean, tenperatura 300 kelvinekoa izango litzateke, aipaturiko planeta horiei metatutako beroa gainetik kentzea eragotziz eta biziezin bihurtuz. Beranduago, eta geroz eta bizkorragoa izango litzatekeen uzkurtzearekin, eta, honekin batera, hondoko mikrouhinen erradiazio kosmikoaren tenperaturaren handitze izugarri batekin, unibertsoa infernuzko toki biziezin bat bihurtuko litzateke, gu bezalako izakientzat eta teknologiaren laguntzarik gabe behintzat, tenperatura horretan egongo litzatekeen erradiazio kosmiko baten eta, geroz eta toki gutxiago izango luketen izarren arteko talken ondorioz.
Itxuraz, teoria honen arabera behintzat, izarrik gehienak ez lirateke euren arteko talken ondorioz suntsituko, baizik eta unibertsoaren tenperatura handitzeagatik. Hau hain izango litzateke beroa, izarrek ezingo luketela euren barnean metatutako beroa kanporatu, kanpotik xurgatzen hasiz (nolabait esanda, egosten hasiko liratekeelarik), eta eztanda eginez amaituz. Honen ondoren zulo beltzak baino ez lirateke geratuko (uzkurtze fasea hedapen fasetik ezberdinduko lukeen ezaugarririk nagusiena), baita geroz eta beroagoa izango litzatekeen plasma ere (unibertsoa sortu zenean zegoenarekiko ezberdina, jada desagertutako egiturek sortutakoa izango bait litzateke, ondorioz, puntu ezberdinetan izango lukeen dentsitateari dagokionez asimetria handia izango lukeelarik), non tenperatura igoerak lehenik atomoak eta, jarraian, funtsezko partikulak eurak suntsituz, quarkak baino geratuko ez liratekeelarik. Aldi berean, zulo beltzak euren artean fusionatzen hasiko lirateke, materia xurgatzen hasiz zulo beltz erraldoi bat sortu arte; eta, beraz, Big Bangaren aurretik zer zegoen galdetzeak zentzurik izango ez lukeen bezala, Big Cruncharen ondoren zer egongo den galdetzeak ere ez luke zentzurik izango.