Hitz
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hitz, berba edo ele bat da hizkuntza batean esanahia duen forma beregain txikiena, bere kabuz erabil daitekeena eta iraunkorra dena.[1][2][3] Hizkuntza bakoitzeko hiztunek maiz intuizio hutsez ulertzen duten arren zer den hitz bat, hizkuntzalarien artean ez dago adostasunik haren definizioaz, eta kontzeptuaren irizpide espezifikoak aurkitzeko egiten diren saiakera ugarietan eztabaida bizia dago.[4] Zenbait estandar proposatu izan dira, testuinguru teorikoaren eta deskribatzailearen arabera, baina definizio bakar batera bildu gabe.[5] «Hitz» terminoaren zenbait definizio espezifiko erabiltzen dira esanahiak deskribapen maila desberdinetan adierazteko, adibidez, fonologiaren, gramatikaren edo ortografiaren oinarria harturik. Beste batzuek diote konbentzio huts bat besterik ez dela, eguneroko egoeretan erabiltzen den kontzeptu generiko bat.[6]
- Artikulu hau hizkuntzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hitza (argipena)».
Hitz kontzeptua eta morfema bereizten dira; morfema da esanahi bat duen hizkuntza unitate txikiena, baina ez da beregaina, ezin da bere kabuz erabili.[3] Hitzak gutxienez morfema batez eginak daude. Morfemak elkartu egin daitezke, hitz eratorriak eta elkartuak sortzeko.[7]
Horrela, euskarari dagokionez, oinarrizko bereizkuntza nagusi bat ezar daiteke morfema edo banakoei dagokienez:[8]
- banako lexikoak: hitzaren esanahi lexikoa duten banakoak dira.
- banako funtzionalak: hitzak eratzeko eta esaldietan konbinatzeko balio duten banakoak dira.
Horrela, banako lexiko bat duen hitz bat, adibidez paper, jantzi daiteke beste banako funtzionalez (papertegi, paperjale) hitz eratorriak sortzeko, edo beste banako lexikoekin elkartu (paperontzi, berripaper), hitz elkartuak sortzeko. Morfologiak aztertzen du hitzen eraketa eta egitura.
Era horretan eratutako hitzak konbinatzen dira esaldiak edo perpausak osatzeko. Perpausaren barruan dute eginkizunaren arabera, hitzak edo banako lexikoak mota edo kategoria desberdinekoak izan daitezke:[8]
- izenak: izaki fisikoak edo kontzeptu abstraktuak adierazteko baliatzen diren banako lexikoak dira, hala nola zuhaitz, mendi, behi, neska, ikasle, burutazio, zuzenbide, epai, gatazka, aleazio eta abar.
- adjektiboak: izenen propietateak adierazten dituzten banako lexikoak dira, hala nola handi, sinesgarri, urdin, harro, bikain, naro, zeken, alfer eta abar.
- aditzak: perpausean dauden ekintzak (joan, eskatu, jan, etorri...), egoerak (egon, jakin, uste izan), gertaerak (jaio, esan, poztu...) edo prozesuak (erabaki, hezi, antolatu, hitz egin...) azaltzen dituzte.
- adberbioak: aditzen gaineko nolakotasun bat ematen dute, dela kopuruaz (asko, gutxi, aski...), dela denboraz (gaur, berandu, aspaldi, oraindik, beti...), dela lekuaz (hemen, urrun, inon, norabait...), dela moduaz (hala, astiro, hobeki, zutik, poliki, pozik...), dela baieztapen edo ezeztapenaz (bai, ez, noski, baita ere...).[9]
Aldiz, banako funtzionalak dira determinatzaileak (-a, bat, hauek, gutxi), flexioa (-tzen, -tu(ko), n-, z-, -t, -ke-, -n), mailakatzaileak (-ago, -egi, -en), postposizioak (-ra, -n, -tik, -(r)en azpian, -(r)i buruz), menderagailuak (-en, -ela, bait-) eta juntagailuak (eta, edo, ala, baina).[10]