From Wikipedia, the free encyclopedia
Atletismoa lasterketa, jauzi, jaurtiketa eta ibilketa proba jakin batzuk egitea dakarren kirol bat da. Modu antolatuan antzinako olinpiar jokoetatik egin izan du gizakiak, K.a. 776. urtetik alegia. Munduan atletismoa arautzen duen erakunde nagusia World Athletics (2019a arte Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkartea, IAAF[oh 1]) da, 1912an sortua.
Lasterketak | Ibilketa atletiko | Jauziak | Jaurtiketak | Proba konbinatuak | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Abiadura | Iraupen ertain | Distantzia luze | Hesi eta oztopo | Errelebo | ||||
60 m | 800 m
3000 m |
5.000 m | 60 m hesi
100 m hesi 110 m hesi |
4 x 100 m
4 x 400 m |
20 km
50 km |
Luzera jauzia | Pisu jaurtiketa | Pentatloia
Heptatloia (emakumezkoak) Dekatloia (gizonezkoak) |
Pista ofizialetan lehenengo kaleak (barnealdean) 400m-ko luzera dute. Bi zuzenguneen luzera 84 m ingurukoa izan ohi da eta bi kurben erradioa 36,5mkoa. Pista bi ardatzekiko simetrikoa izaten jarraitzen, aurreko neurriak aldatu daitezke.
Korrikalariak erlojuen kontrako aldera egiten dute korri. Zuzengunearen hasieran 3 metroko eta bukaeran 17 metroko tartea egon beharko luke korrikalariak balaztatzerakoan segurtasun handiagoa izan dezaten.
Lehenengo kalearen barnealdean 5cm-ko altuera eta zabalera duen metalezko zintarria dago. Hala ere eremua mugatzen duen marra zuri bat pintatu behar da zintarriren azpian, lasterketa jakin batzuk direla eta, kono edo banderez (20cm-ko altuera, gutxienez) pistaren jatorriko ibilbidea markatuz, bata bestearen artean 4 metroko distantzia edukiz gehienez.
Kaleen neurriak kanpoko lerrotik zenbatzen dira. Kale bakoitzak 1,22m-ko zabalera du (±1cm) eta alde bakoitzean 5 zentimetroko zabalera duen marrak ditu. Maldari dagokionez, ezin da gainditu 1:100 (barnealdera) eta 1:1000 (lasterketaren norabidera). Segurtasun eremuak metro 1 baino gehiagokoak dira barnealdean eta metro 1-ekoak kanpoaldean, gainera, ezin da ez materialik, ez oztoporik egon bertan. Pistaren drainatze sistema ere pistaren maila berdinean egon behar da.
Oztopoen lasterketa egiteko behar den putzua bigarren kurbaren barnealdean edo kanpoaldean egon behar da eta eduki behar dituen neurriak hauek dira: 3,66m x 3,66m x 0,70m.
Zuzengunea hasi aurretik, kale bakoitzaren zenbakia egon behar da margotuta, metro erdiko luzeraz eta lasterketaren noranzkoan irakurgarria izanez. Lasterketa batean korrikalaria bere kaletik hasi eta lasterketaren zehar kalez aldatzen denean (800m-ko lasterketa), prisma edo konoak jartzen dira kale bakoitzaren eskuinean, kale aldaketa hori non egin daitekeen zehazteko. Igarobide bat ere egon behar da, pistaren kanpoan hasten diren probak (maratoia, maratoi erdia, ibilketa atletikoa) eta barruan amaitzen diren probak lotzeko.
Zuzenguneak: 84,39m (zuzengune bakoitzak) x 2 = 168,78m (2 zuzenguneak)
Guztira: 168,78m (2 zuzenguneak) + 231,22m (2 kurbak) = 400m
Luzera: Luzera jauziko kaleak 40 metro inguruko luzera du eta lasterketa kaleen azabalera berdina edukitzen du (1,22m). Jauzi egiteko taularen neurriak (0,20 m ± 0,02) x (0,10 m ±0,01) dira. Erorketa eremua hareaz beteta egon behar da, 2,75m-ko zabalera eduki behar du gehienez eta jauzi egiteko taulatik 10 m baino gutxiagora egon behar du.
Hirukoitza: Jauzi hirukoitza luzera jauziaren eremu berdinean egiten da, aldaketa batekin. Nazioarteko lehiaketetan jauzia egiteko taula 11 metrotara egon behar da emakumezko proban eta 13 metrotara gizonezkoan.
Altuera: Altuera jauzia igarobide erdizirkular batean egiten da, gutxienez 20 m-ko erradioa eta 3 x 5 m-ko koltxoneta batean. Listoia zurez, metalez edo beirazko zuntzez egina dago eta bi muturretan euskarri lauak ditu egonkortasun handiagoa edukitzeko. Gainera, 2kg-ko pisua eta 4m-ko luzera eduki dezake gehienez.
Pertika: Pertika jauzia egiteko kalea luzera eta hirukoitza egiteko kaleak duen neurri berberak ditu (40m-ko luzera eta 1,22m-ko zabalera). Atletak pertikarekin jauzi egiteko, pertika oldar-kutxa batean sartu behar du eta horretarako koltxonetaren aurrean oldar-kutxa bat dago kokatuta. Listoiaren ezaugarriak altuera jauziaren antzerakoak izan ohi dira eta listoia eusteko bi zutoin kokatzen dira listoiaren mutur bakoitzean. Horrez gain, koltxoneta 6,5m x 5m-koa da.
Pisua: Pisu jaurtiketa 2,135m-ko zirkulu batean egiten da, (1,22m ±0,01) x 0,122m x (0,10m ±0,02) neurriko eremu batean. Erorketa eremuak 25 metroko erradioa eta 17,10-eko korda du.
Diskoa: Disko jaurtiketa 2,5m-ko zirkulu batean egiten da. Gainera, kaiola deritzon egitura bat du eta erorketa eremuak 85 metroko erradioa eta 54,72ko korda du.
Mailua: Mailu jaurtiketa egiteko zirkuluak 2,135m-ko diametroa du. Gainera beste jaurtiketetan baina erradio handiagoko erorketa eremua du, 90 metroko erradioa eta 61,56-ko korda edukiz.
Xabalina: Xabalina jaurtiketa egiteko eremua 30 eta 36 metroko igarobide bat da, eta 4 m-ko zabalera eta 8 m-ko erradioa duen arkua du. Erorketa eremuari dagokionez, 100 metroko erradioa eta 50 metroko korda du.
Pista estaliak aire libreko pistarekin hainbat diferentzi ditu. Izenak dioen bezela goikaldean sabaia du eta horren erruz ezin dira jaurtiketen probak egin pisu jaurtiketa ezik. Altueraren arazoari erorketa eremuaren arazoa ere gehitzen zaio, hau da, pista estaliak eremu txikiagoak ditu proba bakoitza egiteko eta ez dago belarrik xabalina, mailua edo diskoa jaurti ahal izateko.
Lasterketen pistaren luzera aire librearen erdia izan ohi da, hau da, 200 metroko luzera du bira bakoitzak lehenengo kaleko barnealdetik. Gainera, 6 kaleko pistak izaten dira normalean eta bi kurbetan peraltea egoten da. Beraz, eraztunaren barnealdean, belarra egon ordez 60 metroko luzera duen zuzengunea egoten da 60 m eta 60 m hesi egin ahal izateko. Honez gain, atletak helmugara iritsi eta gero, metro batzuetako eremua dago frenatu ahal izateko[3].
Pistaz kanpo ere txapelketa eta proba ezberdinak egiten dira. Horien artean mendi-krosak daude, izenak dioen bezela, mendian edo zelaiean egiten diren lasterketak dira. Ibilketa atletikoa ere pistatik kanpo egin daitezkeen probak dira, bide edo errepideetan eta maratoi edo maratoi erdiak ere errepideetan egin ohi dira.
Atletismoko probaren arabera ekipamendu askotarikoa behar da. Abiadurako probei dagokienez, irteera takoak beharrezkoak dira. Hesi eta oztopo lasterketetarako hesiak eta oztopoak erabiltzen dira proba garatu ahal izateko eta lasterketei hasiera eman ahal izateko, pistola erabiltzen da[4].
Jauziei dagokienez, luzera jauzia eta jauzi hirukoitza egiteko egurrezko taula behar da, ertz batean plastilina edukiz. Gainera, erorketa eremua hondarrez beterik egon behar da eta hondar hori leuna uzteko materiala ere beharrezkoa da. Txapelketetan, erorketa eremuaren alde batean kartel batzuk jartzen dira jauzien distantzia begi bistaz ikusi ahal izateko. Epaileek hondarra leuntzeaz gain, jauzia balezkoa edo ez dela jakinarazteko banderatxoak dituzte (txuri balezkoa eta gorria baliogabekoa). Balezko jauzia izaten bada, epaileek jauzi neurtzeko metroa erabiltzen dute, eta azken urteetan modu elektronikoz neurtzen duen gailu bat erabiltzen da. Bestalde, altuera eta pertika jauzietarako, koltxoneta bat behar da jauzilariak erortzerakoan min hartu ez dezaten. Jauziak neurtzeko listoia erabiltzen da eta mutur bakoitza euskarri banaz dago finkatuta. Gainera, pertika jauzia egiteko pertikak erabiltzen dira koltxoneta aurretik dagoen kaxetinean sartuta. Honetaz aparte, luzera jauzian, jauzi hirukoitzan eta abiadura probetan anemometroa erabiltzen da haizearen intentsitatea neurtzeko (>2.0m/s bada markak baligabetzen dira)
Jaurtiketa probak egin ahal izateko ere material anitz erabili behar dira. Xabalina jaurtiketa egin ahal izateko, xabalinak behar dira. Pisu jaurtiketa egiteko, normalean magnesioa erabiltzen da bolak jaurtitzerakoan irrist ez egiteko. Disko eta mailu jaurtiketak egiteko, babes kaiola behar da jaurtiketa zirkuluaren inguruan eta jaurtiketa bakoitza egiteko, diskoak eta mailuak behar dira. Kategoria eta sexuaren araberako artefaktuak izaten dira[5].
Arroparen aldetik, gorako partean kamiseta edo «top» deritzon arropa eta beheko aldean galtza motzak, elastikoak edo kuleroak erabiltzen dira. Gainera, gorputz osoko jantziak, «body-ak», ere erabiltzen dira txapelketetan. Oinetakoei dagokienez, tartanean egiten diren probetan hiltzezko zapatilak erabiltzen dira. Zapatila hauek azken hamarkadetan berrikuntza handiak izan dituzte. Karbonozko zola edukitzen dute abiadurazko probetarako eta pisu gutxiko zapatilak izaten dira. Iltzeei dagokienez, zapatilaren aurreko aldean izaten dira, altuera jauzi eta xabalina jaurtiketetan izan ezik. Azken hauetan iltzeak zola guztian zehar jartzen dira, hau da, aurrean eta atzean. Luzerari dagokionez, probaren arabera aldatzen dira ere, 6mm eta 9mm-ko iltzeak izaten dira normalean erabiltzen direnak. Jaurtiketa zirkuluan egiten diren probak burutu ahal izateko ordea, hiltzerik gabeko zapatilak erabiltzen dira. Baina ez dira zapatila arruntak. Irrist ez egiteko bereziak dira zapatila hauek, zorua material ez-irristakor batez eginik dutelako.
1912an atletismoko nazioarteko gobernu organoa osatzen hasi zen, Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkartea, IAAF. 1970ko hamarkadaren amaieran amateur mailatik profesionaltasunerantz egindako kirolaren mugimendua aitortzen hasi zen. Horregatik, 2001ean erakundearen izenetik kendu zen amateur hitza eta «International Association of Athletics Federations» izena izatera pasa zen. Azkenik, 2019an World Athletics izena hartu zuen.
World Athletics-ek 215 nazio eta lurralde kide ditu sei kontinenteetan (edo eremu elkarteetan)[6]. Sei eremu elkarteak Afrika, Asia, Europa, Hego Amerika, Ipar Amerika eta Ozeania dira[7].
Atletismoan pertsona ezberdinen ezberdintasun anitzen ondorioz, kategoria asko sortu behar izan dira. Sailkapen hau, lehiakide bakoitzak gaitasun antzekoa duten arerioak edukitzeko egiten da. Kategoria jakin baterako kirolarien hautatzea eztabaida iturri izan ohi da, lehiakideen, erakundeen eta ikusleen artean. Eztabaida hauek, batzuetan kategorizatze zaila izan daitekeelako gertatzen da.
Kategoria banaketarik garrantzitsuena generoaren araberako sailkapena da. Gizonezkoen sailaren aldean, emakumezkoaren sailaren garapenak gatazka ezberdinak eragin ditu hautagarritasunari dagokionez.
Emakume intersexualen eztabaida da handiena. XX. mendearen hasieran emakume intersexual hainbatek arrakasta izan zuten, adibidez, Stanisława Walasiewicz eta Mary Weston (gero Mark). Horregatik IAAF erakundeak sexu egiaztapen testak egitea behartu zituen atletak osori. Foekje Dillema esprinter herbeheretarrak uko egin zien test horiei eta horren erruz deskalifikatua izan zen 1950. urtean[8]. Ewa Kłobukowska Olinpiar txapelduna izan zen 1967an testaren bitartez, publikoki, pertsonaren sexuan kontraesana baieztatu zuen lehen atleta eta iragarkiaren ondorioz jasandako umiliazioak sexu probak isilpeko prozesua bihurtu ziren ordutik aurrera[9]. 1985. urtean Maria José Martínez-Patiño hesilariari berdina gertatu zitzaion eta deskalifikatua izan zen. Hala ere, publikoki debekuaren aurka borrokatu zuen epaitegietan eta 1988an berriro hasi zen lehiatzen. 1991ean IAAFek ikuspuntu etiko eta zientifikoengatik aldaketak egin zituen eta kromatina probak, mediku azterketa orokorrengatik aldatu zituzten[10].
Gaur egun, Caster Semenya atleta hegoafrikarra da kirolari intersexual ospetsuena eta azken urteetan arazo asko izan ditu lehiaketetan parte hartu ahal izateko. 2018. urtean IAAF erakundeak irizpideak aldatu zituen eta testosterona altua zuten emakumeei lehiaztea debekatu zien, hiperandrogenismoaren arauengatik. Gainera lehiaketetan parte hartu nahiko balute, 5 nanomol-etatik behera jeitsi beharko lukete beraien testosterona maila litro bakoitzeko, gutxienez 6 hilabetez. Irizpide aldaketa honen ondorioz, gizonekin parte hartu dezakete emakume hauek eta ez emakumeekin. Caster Semenya, Francine Niyonsaba eta Margaret Wambui dira ospetsuenetarikoak.
Atletismoan adina lehiatzeko gaitasunaren zehaztapen esanguratsua da, kirol hau egiteko gaitasuna, orokorrean, haurtzaroan eta nerabezaroan areagotu doa. Beraz, heldutasunera iritsi arte ez dira gaitasun guztia izaten eta 30-35 urte ingurutik aurrera, normalean, gaitasuna galtzen joaten dira, batez ere indar eta abiadurazko probetan. Iraupen luzeko probetan aldiz, 30-35 urte ingururekin gaitasunak areagotu daitezke[11].
Ondorioz, adin kategoria ezberdinak sortu ziren kirolari gazteagoak eta helduagoak lehiaketetan parte hartzeko. Nazioarte mailan 3 kategoria nagusi daude atleta gazteentzat: 18 urte azpikoak (jubenil maila), 20 urte azpikoak (junior maila) eta 23 urte azpikoak (promesa maila). Gainera, Euskal Herriko eta Espainiako arautegiak deritzon moduan, 16 urte azpikoak (kadete maila) eta 14 urte azpikoak (infantil maila) ere existitzen dira. Adin txikiagokoak ere badaude, hasi berri edo kimu eta benjamin mailakoak. Bestalde, 23 urte eta 35 urte bitartekoak kategoria absolutuan parte hartzen dute. Azkenik, 35 urtetik gora master maila hasten da. Master maila azpikategoria ezberdinetan dago banatua 5 urteko tarteekin, hau da, 35-39, 40-44, 45-49... urte tarteetan banatzen dira eta Espainiako, Europako eta munduko txapelketak azpikategoriaka lehiatzen dira. Atleta helduetariko bat Stanisław Kowalski da. 1910 urtean jaiotako poloniarrak munduko errekor andana ditu, bere azpikategorietan atleta gutxi (edo beste inor) egoten dira eta[12].
Kirolarien adina eta ondorioz parte hartu dezakeen kategoria, dokumentazio ofizialaren bitartez zehazten da, herrialde bakoitzeko nortasun-agiria edo pasaportea erabiliz. Herrialde batzuetan honek dakarren arazo ezberdinen ondorioz hainbat iruzur egon dira historia guztian zehar adinaren ondorioz, batez ere Afrika eta Asia Hegoaldean. Gertakari nabarmenetako bat Thomas Longosiwa olinpiar dominaduna izan zen, pasaporte faltsua eman baitzuen 2006an Atletismoko Munduko Junior Txapelketan (20 urte azpikoentzat) 24 urte zituela[13]. Indian adibidez, ezagunak egin dira Dharampal Singh Gudha eta Fauja Singh iraupen luzeko korrikalariak. Biek 100 urte baino gehiago zituztela esaten dute, baina ezin da ziurtatu beraien adin zehatza, ez dagoelako erregistrorik[14].
Kategoriak | |
---|---|
Adin tartea | Maila |
< 10 urte | Benjamin |
< 12 urte | Hasi berri edo kimu |
< 14 urte | Infantil |
< 16 urte | Kadete |
< 18 urte | Jubenil |
< 20 urte | Junior |
< 23 urte | Promesa |
23-35 urte | Absolutu |
> 35 urte | Master |
1952az geroztik, elbarritasuna duten kirolariek nazioarteko ekitaldi ezberdinetan parte hartu dute. Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak zuzentzen ditu atletismoko lehiaketak, eta 1960az geroztik Paralinpiar Jokoak antolatzen ditu. Elite mailako txapelketetako lehiakideak elbarritasunaren arabera sailkatzen dira, antzeko desgaitasuna duten atletak proba berean antolatzeko. Adibidez, T12 mailakoak ikusmen urritasuna duten pistako atletak dira[15].
Kategoriak | |
---|---|
F | Zelaiko atletak |
T | Pistako atletak |
Azpikategoriak | |
---|---|
11-13 | Ikusmen urritasuna (Gidari batekin) |
20 | Adimen urritasuna |
31-38 | Garun paralisia |
40-46 | Anputazioa eta beste batzuk (nanismoa duten atletak barne) |
51-58 | Gurpil-aulkia |
Mugimendu paralinpikotik aparte, atleta gorrek beraien lehiaketa internazional propioa izan dute 1924. urtetik aurrera (Gor-Olinpiadak)[16]. Atleta gorrek atletismo nagusian sartzeko duten eragozpen nagusiak kirolaren soinuan oinarritutako elementuak dira, hala nola irteerako pistolaren soinua. Hori desabantaila izan daiteke kirol paralinpikoan ere. Adibidez, 2012ko Paralinpikoan garun paralisiaren klaseko lasterketa batean, irteera faltsua entzutean huts egin zuen Olivia Breenenek[17].
Gurpil-aulkien lasterketetan atletak lasterketako aulki arinetan lehiatzen dira eta paralinpikoen artean txapelketa eta lasterketa gehien egiten dituen azpikategoria da. Maratoi garrantzitsu gehienek gurpil-aulkien sailak dituzte, adibidez.
Elbarritasun gabeko atletak eta gurpil-aulkian parte hartzen duten atletak batera lehiatzeak eztabaida ugari sortu ditu. Batzuek arriskutsua dela diote eta beste batzuek gizarte integrazioa bultzatu behar delako babesten dute denek batera lehiatzeko aukera. 2013ko Londresko maratoian Josh Cassidy (gurpil-aulkiko atleta) eta Tiki Gelanaren (emakumezkoen maratoiaren liderra) arteko talkak eztabaida areagotu zuen[18].
Batzuetan, elbarritasuna duten kirolariek elbarritasun gabeko kirolarien aurka lehiatzeko maila lortzen dute. Legez itsua zen Marla Runyan 2000 eta 2004ko Olinpiar Jokoetan aritu zen eta urrezko domina lortu zuen 1500 m-etan 1999ko Panamerikako Jokoetan. Oscar Pistorius, anputatu bikoitza, semifinalista izan zen 2011ko Munduko Txapelketan eta zilarrezko domina irabazi zuen Hegoafrikako taldearekin 4 × 400 metroko erreleboan[19]. Master kategorian aldiz, ohikoagoa da kirolari paralinpikoak ikustea, adibidez, Blind Ivy Granstrom-ek Masters munduko errekor ugari ezarri zituen[20].
Bestelako eztabaidak ere badaude, adibidez, kirolari batzuei beren desgaitasun maila areagotzea leporatzen zaielako, zailtasun txikiagoko kategorietan lehiatu ahal izateko[21]. Adimen urritasuna duten kirolariek debekatuta zuten kirol paralinpiko guztietan lehiatzea egiaztapen arazoengatik 2000ko Udako Paraolinpiadetatik. Arazo hau 12 urtez egon zen konpondu gabe eta 2012ra arte ezin izan zuten txapelketa horietan parte hartu[22].
Euskal Herriko atleten artean aipatzekoak dira Diego Garcia, Martin Fiz, Maite Zuñiga eta Naroa Agirre. Beste europar batzuen artean bestela oso famatuak izan dira Sebastian Coe, Daley Thompson eta Linford Christie britainiarrak, Sergei Bubka ukrainiarra eta Marita Koch alemaniarra, beste hainbaten artean.
Ameriketakoak, Jesse Owens, Bob Beamon, Carl Lewis, Edwin Moses, Florence Griffith eta Evelyn Ashford estatubatuarrak eta Merlene Ottey, Asafa Powell eta Usain Bolt jamaikarrak nabarmentzekoak dira.
Afrikakoen artean, azkenik, ospetsuak dira Saïd Aouita eta Hicham El Guerrouj marokoarrak, Paul Koech eta Catherine Ndereba kenyarrak, eta Haile Gebrselassie eta Kenenisa Bekele etiopiarrak.
Mendeetan zehar kirol marken hobekuntza materialetan egindako berrikuntzen eta proba bakoitzaren tekniken berrikuntzen ondorioz gertatu dira. XVIII.mendearen amaieran Ameriketako Estatu Batuetao jeneral batek «crouch start» teknika asmatu zuen. Teknika honekin lasterketen irteera kukubilkoz egiten hasi ziren. Historiako 100 metroko lehen Olinpiar Jokoetako irabazleak, Tom Burkek, metodo hau erabili zuen[23].
Hesi lasterketei dagokienez, 1900. urteko Olinpiar Jokoetan, Alvin Kraenzlein estatubatuarrak berrikuntza bat egin zuen hesien arteko pauso kopurua murriztuz.
1920eko hamarkadan, estatubatuarrek teknika berri bat aurkeztu zuten luzera jauzian. «Hitch kick» izena hartu zuen eta airean batidak egitean datza[24]. Pisu jaurtiketan, Parry O´Brien estatubatuarrak 180º-ko biraketa teknika asmatu zuen. Bigarren Mundu Gerra eta gero entrenatzaile sobietarrek jauzi teknika ezberdinak garatu zitzten proba ezberdinetarako.
Altuera jauzia izan da historian zehar teknikoki gehien aldatu den probetako bat. Valeri Brumel izan zen "arrabol bentrala" erabili zuen lehenetariko atleta, eta "artazi" teknika ordezkatu zuten. Urte batzuk gerago, altuera jauziaren iraultza gertatu zen Dick Fosbury estatubatuarraren teknikaren ondorioz. Teknikak bere abizena hartu zuen izen modura eta teknika hau erabiliz 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen. "Fosbury" teknika bizkarrez jauzi egitean datza. Hau da, listoia goruntz begira pasaz. Berrikutza hau orain arteko garrantzitsuena izan da, gaur egun teknika hau erabiltzen delako profesional mailan eta beste inork ez duelako beste teknikarik aurkitu gehiago saltatu ahal izateko[25].
XX. mendean profesionalismoaren iritsierarekin batera, entrenamenduen metodología nabarmen hobetzen joan ziren. Ameriketako Estatu Batuetan, esprinterren prestakuntza fisikoa lehenengo txapelketa nazionaletatik garatu da. Teknika, entrenamendua lehiketaren erritmoan egitean datza.
1920eko hamarkadan, Paavo Nurmi iraupen luzeko finlandiar korrikalariak era askotako entrenamendu metodo bat asmatu zuen, abadura eta erresistentzia saio zorrotzetan oinarrituta[26]. Azken adibide honetan oinarrituta, Gösta Holmer suediarrak fartlek sistema asmatu zuen. Sistema honekin atleta bakoitzak bere kabuz egokitu dezake entrenamendua bere gaitasun, trebetasun eta nahiera. Holmerrek Suedian naturaz inguraturik zegoen entrenamendu pista bat sortu zuen, muino eta oztopoekin (zuhaitzen enborrak, ibaiak,...)[27].
1950eko hamarkadan, Alemaniako mediku batzuek denbora-tartekako entrenamendu teknika sortu zuten. Sistema zorrotz honen bidez, Europa Ekialdeko korrikalariek abantaila lortu zuten beste korrikalariekin alderaturik, besteak beste, Emil Zatopek txekiarra, Olinpiar Jokoetan hainbat domina irabazi zituen korrikalaria.
Alemaniako Errepublika Demokratikoak, antzemate goiztiar politikari, goi mailako prestakuntzari eta biomekanikari eta fisiologiari buruzko ikerketei esker, goi mailako esprinter asko eduki zituzten[28]. Aldi berean, Zeelanda Berrian «Jogging-a» sortu zen, eta baita erresistentzian oinarritutako programa intentsiboa ere. Metodo hau, besteak beste, Peter Snell iraupen luzeko korrikalariak erabili zuen 1960ko hamarkadan[29]. Hamarkada berdinean, Herb Elliot australiarrak, Melbournen, gerra aurreko metodo suediarra berreskuratu zuen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.