ongizatea hobetzeko lurrinak erabiltzea From Wikipedia, the free encyclopedia
Aromaterapia lurrinak –olio lurrunkorrak eta bestelako lurrin-nahasteak barne– erabiliz gogo eta gorputzaren ongizatea hobetzeko sendagintza osagarria da. Olio lurrunkorrak belar on, lore, hosto, hazi, azal eta fruituetakoak izaten dira, eta lurrun-destilazioz ateratzen. Sasizientziatzat jo izan dute, ez dagoelako hura eraginkorra dela baieztatzeko froga zientifiko nahikorik.
Aromaterapia hitza René-Maurice Gattefossé frantziar kimikariak erabili zuen lehenengo biderrez 1935ean. Hura grezieratik dator, aroma (grezieraz: ἄρωμα) lurrin edo usain gozo esan nahi duena, eta therapeia (grezieraz: θεραπεία) sendaketa esan nahi duena.
Antza denez, antzinako zibilizazioek "aromaterapia" hainbat eratan eta helburu askotarako baliatzen zuten, adibidez, masajeetan, bainuetan, sendagai gisa, bai eta hilotzak gantzutzeko ere. Ziur antzean, aromaterapia jatorriz eta aldi berean Txinan, Antzinako Egipton, Ekialde Hurbilean eta amerindiar herrietan erabili zen, eta, geroago, erromatarrek Europara eraman zuten.
Gaur egungo aromaterapiaren bultzatzaile nagusia René-Maurice Gattefossé kimikaria izan zela esaten da. Hark olio lurrunkorren sendatzeko ahalmenak ikertzeari ekin zion XX. gizaldiaren lehenengo laurdenean, izpiliku-olioak hark eskuan zeuzkan erredura larriak sendatzen lagundu ziola oharteman ostean. 1937an arloari buruzko lehenengo tratatua argitaratu zuen: "Gattefosséren aromaterapia", oraindik ere irakurgai dagoena.
Aromaterapiak gizakien usaimenari eragiten dio, eta, xurgatzeaz, odol-zirkulazioari. Gutxi gorabehera arnastutako airearen % 15 sudurraren sabaira joaten da, eta han usain-errezeptoreek usainak sistema linbikora zuzenean garraiatzen dituzte. Sistema linbikoa senarekin, aldartearekin eta emozioekin lotuta dago, eta aromaterapiak estimula bide dezake burmuinari emozioak askatzen laguntzen dioten gai kimikoak askatzea. Izan ere, usainak berez gizabanakoei emozioak eragiteko gai dira, esaterako, malenkonia.
Aromaterapiak eraginik onuragarrienak ondoez txikietan, txegosteko arazoetan, hilekoaren aurreko sindromean, estresarekin lotutako gaixotasunetan eta larruazalaren arazo batzuetan edukitzen ei du. Olio lurrunkor batzuk ahalmen antiseptikoengatik oso erabiliak dira, teondo-olioa, kasu.
Arras gertagaitza da aromaterapiak gaixotasun garrantzitsuagoak sendatzea; horren ondorioz, kasu horietarako ez da komenigarria sendagintza ofiziala ordezteko baliatzea. Dena dela, patologia larri bat pairatzen dutenek jasaten duten estres psikologikoa arintzeko erabil daiteke.
Etxean erabiltzeko olio lurrunkorrak lanpa-eraztuneko barreiagailuetan edo elektrikoetan balia daitezke, bainuan edo masajeetarako olio eramaile batekin nahasita. Lortu nahi den eragina zein den, honako hauek dira olio lurrunkor hedatuen erabilerarik ohikoenak:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.