![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/0/0f/Ikusgela_-_Aristoteles.webm/640px--Ikusgela_-_Aristoteles.webm.jpg&w=640&q=50)
Aristotelesen lau kausak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Lau kausak, Aristotelesen pentsamenduan, aldaketa edo higiduraren zergatia azaltzeko funtsezko lau erantzun mota dira: kausa materiala, kausa formala, kausa eraginkorra eta kausa finala.[1] Aristotelesek idatzi zuen ez dugula gauza baten ezagutzarik haren zergatiaz, hau da, haren kausaz jabetu arte.[2][3] Kasu batzuetan "kausa" bat identifikatzea zaila bada ere, edo batzuetan hainbat "kausa" nahastu badaitezke ere, Aristotelesek defendatu zuen bere lau "kausek" aplikagarritasun orokorreko eskema analitikoa eman zutela.[4]
![Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/8/87/Ikusgela-logoa.png/40px-Ikusgela-logoa.png)
Aristotelesek "kausa" gisa itzuli izan denari erreferentzia egiteko erabili zuen hitza aitia izan zen, αἰτία, grezieraz. Baina "kausa" hitzaren erabilera berezi, espezializatu, tekniko eta filosofiko hori ez dator bat terminoaren eguneroko erabilerarekin.[5] Aristotelesen αἰτία-ren egungo hizkera arruntetik hurbilen dagoen itzulpena "azalpena" da.[3][6][7]
Aristotelesek batez ere prozesu naturalak azaltzeko erabili zuen bere teoria.[8] "Zergatik" galderen aurrean lau erantzun mota zeudela esan zuen (Fisika. II, 3, 194b 17–20; eta Metafisika. I, 3, 983a 25–983b y V, 2, 1013a 20–1013b):[9][10][11]
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/e/e6/Lau_kausak_zurgintzaren_bitartez.jpg/640px-Lau_kausak_zurgintzaren_bitartez.jpg)
- Materia (substantzia baten kausa materiala): formarekin batera, substantzia horri beste substantzia batzuekin elkarrekintzan aritzea eta substantzia horietan aldaketak jasotzea eta eragitea ahalbidetuko liokeen koprintzipio metafisikoa da. Hau da, gauzaren jatorria da, zertaz egina dagoen, kausa formala jasoko duena.[1] Pilota batean, goma izan liteke; estatua batean, brontzea edota marmola; mahai batean, zura; etab. (Ikus hilemorfismoa).
- Forma (substantzia baten kausa formala): substantzia edo entitatearen barne-konfigurazioaren edo edukiaren baliokidea da. Hau da, gauza baten berezko izaera da, bere espezieko gauzekin batera partekatzen duena.[1] Gomazko pilota baten kasuan, adibidez, sendotasuna, esferikotasuna, gorritasuna, etab. bezalako patroiak izan litezke.
- Eragilea (aldaketa edo mugimendu baten kausa eragilea): beste substantzia edo entitate baten potentzialtasunen bat eguneratzen duen substantzia edo entitatea, dagokion aldaketaren edo mugimenduaren eragile gisa jardunez. Hau da, gauzaren forma sortu duen hura, ezaugarri akzidentalak eman dizkion eragilea.[1] Adibidez, mahai baten ekoizpenaren kausa eragilea arotzaren lana izan liteke.
- Finala (aldaketa edo mugimendu baten kausa finala): substantziaren batek helburu jakin batzuekiko duen potentzialtasuna adierazten du. Hau da, gauza zertarako sortua den. Esaterako, hazi batentzat, landare bihurtzea izan liteke; mahai batentzat, haren gainean otorduak egitea; etab.[1]
Lau "kausak" ez dira elkar baztertzaileak. Aristotelesen aburuz, fenomeno bat azaltzeko eta, bereziki, objektu baten benetako konfigurazioa azaltzeko, "zergatik" galderari hainbat erantzun eman behar zaizkio, ahal dela, lau.[12] Adibidez, mahai bat zergatik den horrelakoa galdetuz gero, lau kausei buruzko azalpen batek honela esango luke: Mahai hau sendoa eta marroia da egurrezkoa delako (materia); ez da hondoratzen luzera bereko lau hanka dituelako; zurgin batek egin zuelako da den modukoa (eragilea); neurri horiek ditu gizakiek erabili behar dituztelako (finala).
Aristotelesek kausa intrintsekoak eta estrintsekoak bereizten zituen. Materia eta forma kausa intrintsekoak dira, objektuaz zuzenean arduratzen direlako. Kausa eragilea eta finala, berriz, estrintsekoak dira kanpokoak direlako.[13]