![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/f8/Bundesarchiv_Bild_183-W0409-300%252C_Bertolt_Brecht.jpg/640px-Bundesarchiv_Bild_183-W0409-300%252C_Bertolt_Brecht.jpg&w=640&q=50)
Antzerki epiko
From Wikipedia, the free encyclopedia
Antzerki epikoa (alemanez: episches Theater) XX. mendearen lehen erdialdean Alemanian sortutako antzerki-mugimendua da. Bertolt Brecht antzerkigile alemanaren lanei eta teoriei loturik da bereziki ezagun, baina haren aurrekariak eta ondorengoak ere kontuan hartu beharrekoak dira hartaz aritzean; aipagarrienak Max Reinhardt and Erwin Piscator. Antzerki epikoak berezkoa du izaera politikoa, Lehenengo Mundu Gerra osteko egoera politikoari zuzenki erantzuteko sortu baitzen, hain zuzen, eta izaera politiko hari zor dizkio antzerkigintzari buruz eginiko teoriak eta hari eginiko ekarpenak.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/f/f8/Bundesarchiv_Bild_183-W0409-300%2C_Bertolt_Brecht.jpg/320px-Bundesarchiv_Bild_183-W0409-300%2C_Bertolt_Brecht.jpg)
Antzerki epikoak denboraren, lekuaren eta ekintzaren unitate aristotelikoekin apurtu zuen, baita antzerki errealistaren konbentzioekin ere. Antzerki epikoaren helburu nagusienetako bat istorioa modu sinple batean kontatzea da eta, hala, publikoari oholtzan ikusitako gertakariek izan ditzaketen ondorioen gainean pentsaraztea. Horretarako, langile-klasearentzat ulergarriak eta identifikagarriak ziren antzezlanak bilatzen zituzten.[1]
Mugimenduaren izaera “epikoa” urrun dago heroikoaren baliokide izatetik –hain zuzen ere, Brechten antzerkian ukatu egiten da heroi klasikoaren figura–; “epiko” hitzak genero-bereizketa aristoteldarrari egiten dio erreferentzia: Brecht eta enparauek antzerki epikoa (edo narratiboa) bilatzen zuten –denbora jakin bati ez datxekiona–, dramatikoa beharrean. Kontzeptuak sortzen zuen anbiguetatea zela-eta, Brechtek antzerki dialektikoa ere deitu izan zion azken urteetan, baina ez zen epikoa izena bezain ezaguna egin.[2]
Brechtek bere antzerkigintza teorizatzerakoan, honela azaltzen zituen bere nahiak:
« | Behar dugun antzerki motak ez ditu soilik ekintza gertatzen den giza harremanen eremu historiko jakin batean posible diren sentimenduak, iritziak eta bulkadak sorraraziko, baizik eta iritzi eta sentimendu horiek erabiliko eta bultzatuko ditu eremu hori bera aldaraztera. | » |
Bertolt Brecht, Organum labur bat antzerkiarentzat[3] |