98ko Belaunaldia XX. mendeko lehen urteetan Espainian garatu zen korronte intelektual eta kulturala izan zen. Erregenerazionismoa, Kuba, Filipinak eta Puerto Ricoren galeren ondorioak eta XX. mendera igarotzean nagusi zen ezkortasuna ezin hobeto islatu zituen mugimendu artistiko-literario horrek. Hemen bildutako autore guztiak 1864 eta 1876 bitartean jaiotakoak dira.
Belaunaldiaren lanak Espainia ilunaren kritikan oinarritu ziren:
- Miserian eta tradizioan murgilduta, iraganean geldituta zegoen Espainia salatu zuten.
- Herrialdea alor guztietan eguneratu eta berritu beharra zegoela aldarrikatu zuten: gizartea, politika, ekonomia, kultura…
Kiderik garrantzitsuenen artean, ondorengoak aipa daitezke: Miguel de Unamuno, Azorín, Pío Baroja, Ramiro de Maeztu, Vicente Blasco Ibáñez, Ramón María Valle-Inclán eta Antonio Machado idazleak; Ignacio Zuloaga pintorea, etab.
Testuinguru historikoa
XIX. mendeko azken herena oso negatiboa izan zen Espainiako gizartearentzat, 1898ko hondamendian amaituko ziren hainbat arazoen ondorioz.
Politikan, txandakako sistemak ez zituen ekonomian gaizki zebilen herriaren beharrak ase. Anarkistek, sozialistek, karlistek, kontserbadoreek eta liberalek proposatutako erantzunakmez ziren nahikoak eta ezinegona nagusitzen ari zen.
Bestalde, Ameriketako koloniek independentzia aldarrikatzen zuten eta nazionalismoek ere antolatzeko ahaleginak egin zituzten. Atsekabea nagusitu zen atzerapen eta miserian bizi zen populazio hartan. Industrializatutako toki bakarrak Katalunia eta Euskal Herria ziren eta inmigrazioa erakartzen zuten. Horrekin batera, aristokrazia eta goi burgesia nekazarien arazoetatik urrun bizi ziren eta proletarioen mundutik at.
Hori dena gutxi balitz, 98ko hondamendia gertatu zen, Espainiak azken koloniak —Kuba, Filipinak eta Puerto Rico— galdu zituelarik eta gerra kolonialek ekonomian eta animoan eragin handia izan zuten. 1898ko maiatzaren 1ean, 04:45ean, Juan de la Concha komandanteak estatubatuar ontziteria espainiar posizioetara inguratzen zela sumatu zuen. Zazpi ordu geroago, 11:45ean, espainiar tropak eraitsita zeuden. Intelektualen kontzientziak eragin zituen porrot hark eta garai bateko mundu mailako potentzia izandako Espainiaren gainbeherari irtenbide bila hasi ziren.
Pariseko Ituna ametsaren amaiera izan zen eta intelektual taldea gainbeheraren arrazoiak aztertzen eta konponbideak bilatzen hasi zen.
Erregenerazionismoa
XIX. mende bukaeran Espainian gertatu zen mugimendu ideologikoa; gainbeherak eta kolonien galerak eragin zuen eta Espainiako gizartearen bizitza politiko eta soziala berreraikitzearen aldekoa zen.
Egia esan, Espainiaren gainbehera ez zen 1898ko hondamendian sortu, aurretik baitzetorren. Nekazaritza erreforma beharrezkoa zen, hezkuntza ezinbestekoa... Erregenerazionistek, atzerapena gainditzeko, Europari ateak zabaldu behar zitzaizkiola uste zuten. Mugimendu horren ordezkari nagusietako batzuk Macías Picavea (1874-1899) eta Joaquín Costa (1844-1911) izan ziren: haien pensamenduek eragin handia izan zuten idazle gazteengan, Unamuno, Azorín, Ortega y Gasset...
98ko belaunaldiaren ezaugarriak
Julius Petersen kritikari alemaniarraren azterketa jarraituz, belaunaldi kontsideratu ahal izateko, autoreek hainbat baldintza bete behar zituzten:
- Adinkideak izan behar dute: Miguel de Unamuno (1864-1936), Ángel Ganivet (1865-1898), Pío Baroja (1872-1956), Azorín (1873-1967), Ramiro de Maeztu (1874-1936), Antonio Machado (1875-1939) eta Ramón María del Valle-Inclán (1866-1936).
- Antzeko formazio intelektuala izan behar dute: antzeko eraginak jaso, kezka berak izan... Gehienak liberalak ziren, 98ko hondamendiak arreta piztu zien... Elkarrekin egindako lanak argitaratu zituzten: Manifiesto de los Tres egin zuten 1901ean Azorín, Maeztu eta Barojak, Unamunoren laguntzaz, herriaren norabide falta salatuz.
- Belaunaldiaren bereizgarriren batek batu behar ditu: 98ko hondamendia.
- Hizkuntza eta estilo bera erabiltzen dute eta aurreko belaunaldiarekin desberdintzen ditu: lan argiak dira, paragrafo laburrez osatuak, eta esaldi sinpleek testu ulertzea errazten dute.
- Lider garbi bat egoten da. Kasu horretan, Unamuno.
- Espainiaren ezagutzaren bila ibili ziren: bidaiatuz, lurraldeak deskribatuz, hiriak eta monumentu zaharrak azalduz eta historia literaturaren bidez erakutsiz.
- Autore guztiak periferian jaioak izana arren, Madrilen elkartu ziren: Unamuno, Maeztu eta Baroja euskal herritarrak ziren; Azorín, Alacantekoa; Machado eta Ganivet, andaluziarrak; Valle-Inclán, galiziarra.
- Hiru gaion inguruan aritu ziren:
- Paisaiaz: Espainian zehar bidaiatu zuten eta deskribatu zuten, Gaztelan, batez ere.
- Historiaz: Herriaren historia, pertsonena, egunerokoa, ohiturak, lanbideak... Unamunok horri intrahistoria deitu zion.
- Literaturaz: Eragin klasikoak —Poema del Mío Cid, Gonzalo de Berceo, Arcipreste de Hita, Jorge Manrique, Cervantes, Luis de Góngora...—- haiengan eragin handikoak izan ziren.
Horretaz gain, bi gai bereziki aipatu behar dira:
- Bizitza eta heriotza, bizitzaren zentzua eta denboraren joana. Unamunok kezka horiek guztiak inork baino hobeto agertu zituen.
- Erlijioa; hala ere, ez datoz horretan bat, Azorin eta Maeztu katoliko porrokatuak baitziren; Baroja, agnostikoa; eta Unamunoren jarrera ez dago garbi .
Autoreok eboluzionatuz joango ziren, gaztetako konpromiso sozial eta politikotik, zahartzaroko ebasiorako balio zien literaturara. Azorín ideologia anarkistako gaztea izan zen, baina kontserbadoreago gerora; Baroja edozer gauzaren kontra zegoen, elizaren aurka, antimilitarista, kristauen eta Jesusen Lagundiaren aurkakoa, antisozialista edo antikomunista; Unamuno Alderdi Sozialistan afiliatuta zegoen; Maeztu anarko-sozialista zelakoan zegoen. Denek Larraren hilobia bisitatu zuten —askoren ustez, belaunaldi horren aitzindaria izan zen—, Galdósen Electraren estreinura elkarrekin joan ziren... Antonio Machado eta Valle-Inclán modernistak izan ziren gaztaroan —Valle-Inclán karlisten inguruan ibili zen— eta, pixkanaka, helduaroan aurrerakoi ikusten ditugu.
98ko autoreen artean, prosa nagusi da. Obra gehienak eleberriak eta saiakerak dira, baina hiru poeta garrantzitsu daude: Antonio Machado, Ramón María del Valle-Inclán eta Unamuno. Hala ere, azken biak prosagatik ezagunagoak dira.
Partaideak
Hasiera batean, Hirukotea aipatu behar dugu: Baroja, Azorín eta Maeztuk osatu zuten eta artikuluak Los tres goitizenez sinatzen zituzten. 1901ean, manifestu bat argitaratu zuten, Espainian estatu berri bat sorrarazteko asmoa azalduz. Ez zuten arrakasta handirik izan eta desengainua nagusitu zen. Unamuno izan zen lehenengoa, taldeari laguntzeari uko eginez eta ekonomia eta gizarte gaietan interesa galduz. 1905ean, Hirukoteak ekintzailetzari utzi eta jarrera idealistago batzuetarantz egin zuen, atsekabetutako eszeptizismoa nagusituta. Horietaz gain, Ángel Ganivet, Miguel de Unamuno, Enrique de Mesa, Ramiro de Maeztu, Azorín, Antonio Machado, Pío eta Ricardo Baroja anaiak, Ramón María del Valle-Inclán eta Ramón Menéndez Pidal filologoa. Zenbaitek Vicente Blasco Ibáñez eta Jacinto Benavente ere multzo horretan sartzen dituzte.
Mugimendu horretan, Ignacio Zuloaga eta Ricardo Baroja bezalako margolariak ere jardun ziren, baita Isaac Albéniz eta Enrique Granados musikariak ere.
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.