2020ko Beiruteko leherketak
2020ko abuztuaren 4an, Beiruteko portuan biltegiratzen zen amonio nitratoak piztutako leherketak / From Wikipedia, the free encyclopedia
2020ko Beiruteko leherketak Libanoko Beirut hiriburuan gertatu ziren 2020ko abuztuaren 4an.[1] Beiruteko portuan izandako bi eztandek gutxienez 190 pertsona hil zituzten, eta 6.500 zauritu, horietatik 7 larriki, eta desagertu asko ere tartean.[2][3][4] 8.000 eraikinek askotariko kalteak jaso zituzten,[5] eta ia 300.000 herritar etxegabe utzi, iturrien arabera.[6][7][3] 3.000 eta 4.600 milioi dolar arteko kalte ekonomikoa eragin zuen.[3][8] Libanoko Segurtasun Publikoko Zuzendari Nagusiak adierazi zuen hainbat urtetan konfiskatu eta portuan biltegiratutako amonio nitratoak eragin zuela leherketa; bere esanetan, 2.750 tona amonio nitrato lehertu ziren.[9][10]
2020ko Beiruteko leherketak | |
---|---|
Mota | industria hondamendi leherketa industria sute |
Data | 2020ko abuztuaren 4a (18:08:18 (en) . Ekialdeko Europako Udako Ordutegia) |
Kokaleku | Beiruteko portua |
Herrialdea | Libano |
Kausa | leherketa su artifizialak leherketa amonio nitrato industria sute |
Biktima | Nazar Najarian (disaster victim (en) ) Jean-Marc Bonfils (disaster victim (en) ) |
Pertsona hilak | 218 |
Pertsona zaurituak | 7.000 |
Pertsona desagertuak | 32 |
Kalteen kostua | ondasunetako kalteak: 10.000 M$ |
Komunikabide | |
Hashtag | #لا-نريدها eta #BeirutExplosion |
Historiako leherketa ez-nuklear handienetakotzat hartu izan da, zenbait adituren arabera: 0,5 kilotonatik gorako indarra izan zuen (1,1 gehienez), 13-15 kilotonako Hiroshimako bonba atomikoa baino 21 aldiz txikiagoa.[11] Kalte larriak eragin zituen Beirut gehienean. Batetik, ospitaleek gainezka egin zuten, erabateko krisi sanitarioa eraginez, eta Covid-19 kasuak nabarmen ugaldu ziren abuztuan eta irailean horren ondorioz. Hezkuntza sistema, azpiegiturak barne, larriki hondatuta geratu zen, 83.000 ikasle baino gehiago kolokan utziz.[12]
Zereal biltegi nagusia portuan bertan zegoenez eta portua janarien inportazio puntu garrantzitsuena zenez, elikadura krisi bat piztu zen. Kalte larrien eta herrialdearen kinkaren ondorioz, nazioartean askotariko herrialdeek laguntza hitz eman eta bidali zuten, eta lehenik Frantziak, Libanoren metropoli izandakoak. Emmanuel Macron presidenteak Beirut bisitatu zuen luze gabe. Berez kinka politiko eta ekonomiko larrian zen herrialdean, portuaren kudeaketa oker eta ilunaren susmoak haserrea areagotu zuen, eta gobernuaren kontrako protestak harrotu, sistemaren ustelkeria orokorra salatuz eta gobernuaren dimisioa eskatuz. Zaurituak ugari izan ziren hurrengo egunetako mobilizazioetan, poliziaren ekintza gogorraren eraginez. Mobilizazioek, hala ere, eragina izan zuten: hainbat ministrok dimisioa eman zuten eta, sei egunetara, Libanoko gobernu osoak. Atzerriko potentzien interbentzioaren erdian, gobernu berri bat eratzeko ahaleginak huts egin zuen 2020ko irailean, eta zapuztu NDFren diru erreskate bat eskuratzeko asmoa.
Al-Haririren hilketari buruzko urte luzetako auziko epaia abuztuaren 7an zen ematekoa eta, batek baino gehiagok leherketek auzi horrekin lotura zutela ikusi bazuen ere, baztertuta geratu zen leherketek epaiketarekin lotura izan zezaketenik. Kazetari ikerketek berretsi egin zuten alderdien sistema burokratiko bihurriari lotutako utzikeria eta ustelkeria izan zirela leherketen sorburua. Bestalde, Libanoko epaitegi militar batek ikerketa bati eman zion hasiera erantzuleak identifikatzeko.