![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/1/16/Map_of_March_2012_attacks_in_Toulouse_and_Montauban%252C_and_scarlet_Vigipirate_area%252C_in_France.svg/langeu-640px-Map_of_March_2012_attacks_in_Toulouse_and_Montauban%252C_and_scarlet_Vigipirate_area%252C_in_France.svg.png&w=640&q=50)
2012ko martxoko Frantziako tiroketak
From Wikipedia, the free encyclopedia
2012ko martxoko Frantziako tiroketak 2012 urteko martxoan Okzitaniako Tolosa eta Montauban hirietan Mohammed Merah gazteak frantziar militar zenbaiten eta judu eskola bateko irakasle eta ikasleen aurka tiroz burutu zituen hilketa jihadista izan ziren, segurtasun-indarren tiroz Merahren hilketaz amaitu zirenak. Lehen tiroketa martxoaren 11an izan zen, Mohammed Merah frantziar sarjentu parakaidista bat erail zuenean. Martxoaren 15ean hiru frantziar militar tirokatu zituen; orduan, horietatik bi hilik eta bat larriki zaurituta suertatu ziren. Martxoaren 19an judutar eskola baten aurrean bertako irakasle bat eta hiru haur hil zituen tiroz eta gazte bat larriki zaurituta utzi. Bereziki azken eraso honen ondoren, polizia operazio zabala garatu zen hiltzailea identifikatu eta atxilotzeko.
2012ko martxoko Frantziako tiroketak | |
---|---|
![]() Atentatuak izan ziren hiriak eta atentatuak burutu ondoren ezarri zen alerta bereziko egoeraren eremua. | |
Lekua | Montauban eta Tolosa Okzitania (Frantzia) |
Data | 2012ko martxoaren 11-19 |
Eraso mota | Atentatu terrorista |
Armak | Pistola erdiautomatikoak |
Heriotzak | 8 |
Zaurituak | 5 |
Egilea | Mohammed Merah |
Martxoaren 21ean Mohammed Merah Tolosako bere etxean inguratu eta atxilotzeko operazioa hasi zen, gaztearen eta polizien arteko tiroketa baten ondoren, poliziak 30 ordutik gorako setioa egin zuen gaztearen etxe inguruetan. Setioa fratziar poliziaren elite talde batek eraso egin eta Mohammed Merah gaztea tiroz hil zutenean amaitu zen martxoaren 22an.
Hilketek erreakzio eta eztabaida biziak sortu zituzten presidentziarako hauteskunde kanpainan murgildurik zegoen Frantzian. Lehenik, hiltzailea identifikatu aurretik egindako espekulazioak sortu ziren, non hipotesi zenbaiten arabera atentatuak eskuin-muturrarekin lotu behar ziren; bigarrenik, Mohammed Merah identifikatzean, Frantziako segurtasun-indarrek gaztearen informazio susmagarri zehatzak izan arren, hilketak egin aurretik nolatan ez zuten kontrolatu eta bereziki lehenengo hilketaren ondoren berehala zergatik ez zuten atxilotu zioten kritikak direla eta. Aldi berean, Sarkozyk atenatuak frantsesen artean beldurra zabaldu, bere politiken aldeko iritzia zabaldu eta presidentziarako hautagaitza indartzeko. Areago, konspirazio teoriak ere sortu ziren, hala nola Merah zerbitzu sekretuek manipulaturiko gizabanakoa izan zela hilketak direla eta iritzi publikoa manipulatzeko.
Hasiera batean, Merah hiltzaile bakartia zelako espekulazioa zabaldu bazen ere, hil ondoren Abdelkader Merah bere anaia atxilotu eta hilketetan konplize izateagatik kartzelaratu zuten. Bereziki, Mohammed bere anai gaztea jihadismoan adoktrinatu izana eta hilketak burutzeko laguntza ematea leporatu zitzaizkion. Hirugarren pertsona ezezagun bat konplize izan litekeela ere aipatu da.