From Wikipedia, the free encyclopedia
1848ko Berlingo Matxinada (alemanez: Barrikadenaufstand edo Barrikadenkämpfe) herri altxamendu liberala izan zen, Herrien Udaberriaren baitakoa, Berlinen, Prusiako Erresumako hiriburuan, 1848ko martxoaren 18an hasi zena.
1848ko martxoaren 18an, berlindarrek bazuten Parisko Otsaileko Iraultzaren berri, eta bazekiten, Vienan gertatutako altxamenduarengatik, Metternichek, Austriako kantzilerrak, dimititu behar izan zuela. Hori zela eta, manifestatzaile talde bat Errege Jauregiraino joan zen eta erregearen anaiak, Gilen oinordekoak, jendearen kontra tiro egiteko agindu zuen. Arratsaldeko ordu bietan jazo zen hori; ondoren, jende taldeak batetik bestera ibili ziren, arineketan, izututa eta oihuka, Jauregi aurrean manifestatzaileak hiltzen ari zirela azaltzen.
Hiri osoa lehertu beharrean zegoen. Königstrasse kalean barrikada sendo handi bi altxatu zituzten, gurdiak, omnibusak, ohial fardelak, egurrak eta horrelakoak eroanda. Etxeetako teilatuetan, gizon-emakumeak, adreiluak eskuetan, soldaduak noiz etorriko zain zeuden. Ahal bezala armatu ziren denak, aizkora, lantza, pistola eta makilekin. Hamar ordu luzez, 4.000 matxinatu borroka egin zuten 14.000 soldaduren kontra. Borroketan 230 iraultzaile hil ziren[1].
Frederiko Gilen IV.a erregeak mezua igorri zien «berlindar maiteei, Prusiako herritar maiteei», odol jario hura eten zezaten. Baina deia alferrikakoa izan zen, eta iraultzaileek lortu zuten soldaduak kale batzuetatik kanporatzea. Martxoaren 19an, goizean, Erregeak armada erretiratu behar izan zuen. Barrikadetan hildakoak Errege Jauregiaren aurrera eroan zituztenean, erregea balkoira irten zen. Herritarrek gorpuen aurrean kapela eranzteko eskatu zioten, eta hala egin zuen berak, umiliaturik[1].
Barrikadetan ibilitako langileek ezer gutxi atera zuten gertaera hartatik. Burgesiako alde liberalenek nahikoa iritzi zioten gobernu berrian bi ministro liberal izateari, Ludolf Camphausen eta David Hansemann[1]. Iraultzaileek hauteskunde orokor eta zuzenekoak galdatu zituztenean, liberal moderatuek, matxinatuen erradikalismoaren beldurrez, eskatu zioten erregeari armada itzul zedin, erreboltaren arriskua saihesteko. Tropak behar bezala prestaturik itzuli ziren.
Mugimendu iraultzailea zatitu zen, eta talde bakoitzak irtenbide ezberdina ikusten zion egoerari; beraz, ez zuten erantzuten jakin izan. Hala eta guztiz ere, udan muturreko talde bat hiriko armategiaz jabetzen ahalegindu zen, baina huts egin zuen. 1848ko iraultza zapalduta zegoen Berlinen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.