Txikipedia:Erreforma protestantea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Erreforma protestantea XVI. mendetik aurrera, Europan (batez ere Alemania, Suitza eta Ingalaterra) hedatu zen mugimendu erlijioso bat izan zen. Protestanteak Erromako Elizaren agintearen aurka altxatu ziren, uste baitzuten balio kristauetatik guztiz urrunduta zegoela, eta horrela, erlijio kristaua ulertzeko modu berri bati eman zion hasiera.
Erreformistek uste zuten Erromako Elizako kideak ustelduta eta kristautasunaren berezko eta jatorrizko oinarri eta balioetatik (apaltasuna, anaitasuna eta karitatea) aldenduta zeudela. Izan ere, indulgentziak, erlikia sakratuak eta eliz-karguak saltzen zituzten, eta aita santuek, gotzainek eta, oro har, Elizako goi karguek jaun feudal handiak balira bezala jokatzen zuten. Era berean, humanismoaren hedapenarekin, Erdi Aroko hainbat sineste zalantzan jartzen hasi ziren.
Protestantismoaren lehenengo joera luteranismoa izan zen, Martin Lutero agustinar fraide alemaniarrak XVI. mendean sortua.