Ordunteko behor
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ordunteko behorra, Lausako zaldia, edo Lausako ponia euskaraz, (gaztelaniaz: caballo losino), Gaztelako ipar ekialdeko zein Euskal Herriko mendebal ertzeko bertako zaldi arraza bat da[1][2]. "Burgosko behoka" (gaztelaniaz: Jaca burgalesa) zaldi honen beste izenetako bat da. Azken izendapen hau egun irauten duen Gaztelako jatorriz bertako zaldi arraza bakartzat jotzen delako erabiltzen da, nahiz eta deitura nahiko berria izan [3]. Edonola ere, arraza garai historikoetan Gaztelatik kanpo zabaldu da, Arabako mendebaldean, esate baterako. Hemen Ordunteko behorren eta pottoken arteko banaketa lerroa zehaztea zaila da. Bere tamaina zein beste hainbat ezaugarriak direla eta, Ordunteko behorra ponien sailkapen taldean sartzen da.
Ordunteko behorra Lausako zaldia | |
---|---|
Zaldi arraza | |
Espeziea | Equus ferus caballus |
Jatorria | Euskal Herria Gaztela eta Leon |
Sinonimoak | Gaztelako zaldikoa, Lausako zaldikoa, Lausako ponia, Merindadetako zaldia. |
Garai batean, Erdi Aroan bereziki, ospe handiko gerra zaldia izan zen[4]. Gero, XX. mendeko lehen erdialdera arte, zela zalditzat, nekazaritza lanetan zein zalgurdi arinetatik tiratzeko erabilia izan zen bereziki. 1920ko hamarkadatik aurrera, Iberiar Penintsulako beste hainbat poni arrazekin gertatu zen bezala, Ordunteko behorrak kanpoko zaldi arrazekin, bretainiar zaldiak bereziki, gurutzatzen hasi ziren haragitarako tamaina handiagoko abereak lortzeko.
Senide hurbilenak zituen, beste hainbaten artean, 1950ko hamarkadan desagertutako Soriako behoka zein Gaztelako zaldia arrazak[5]. Lausako zaldia "iberiar mendiko behokak" delako sailkapen taldean sartzen dute[6], hau da, joan den mendera arte Iberiar penintsulako mendi-multzo gehienetan arras zabaldurik egon ziren poni edo behoka arrazak, eta gaur egun ordea eremu gehienetan ia erabat desagerturik daudenak. Penintsulako hizkuntz erromaniko ezberdinetan poni eta behoka (gaztelaniaz "jaca") hitzak sinonimoak dira.
Iberiar behoka hauek oro har kolore ilunekoak ziren eta esan bezala Penintsulan ugari izan arren, apurka desagertuz joan ziren. Jaitsiera bereziki joan den mendeko bigarren aldetik aurrera eman zen. Egungo iberiar poni arraza ezberdinak iberiar behoka hauen ondorengoak dira. Behoka hauek erromatar garaietatik eta lehenago ere gerra zaldiak ziren. Haien barnean sartzen da, lehen aipatutako Gaztelako bi poni arrazez gain, egun berreskuratzeko bidean dagoen Erdialdeko Mendi-multzoko Serrano zaldia.
Arraza gaur egun Burgosko iparraldean hedaturik dago bereziki, Pancorbon zein Losa edo Lausako ibarretan[7], Euskal Herriarekin mugakidea den Merindadeak eskualdean. Eskualde hau nahiko menditsu eta basotsua da. Kokapen geografiko hau dela eta, gaztelaniaz arrazaren beste izenetariko bat zera da; "caballo de las Merindades" , hau da, Merindadetako zaldia.
Garai batean abere arraza honen banaketa eremuak Euskal Herriko Ipar-mendebaldeko zenbait eskualde hartzen zuen ere, Gaubea, Aiara eta Karrantza hain zuzen. Argazki zaharretan ohikoa da mota honetako zaldiak eskualde hauetako baserrietan ikustea. Hainbat adituek arrazaren zabalpen gune historikoa gehiago handitzen dute oraindik Euskal Herrian barrena, eta garai batean Ordunteko behorrak Arabako beste hainbat eskualdez gain, Arabako mendietan barrena Nafarroaraino heltzen omen zirela uste da. [8]. Dena den, zaila izan daiteke poni hauek garai bateko pottoketatik bereiztea, oso gertuko arrazak izanik eta tokiz tokiko abere arrazen azpi-motak kontutan hartuz.
Batzuek Lausako zaldia zeltiberiar herrien zaldia omen zela uste dute[3]. Iberiar sistema mendi multzoaren barrena ere hedatzen zelako.
Bere tamainagatik Ordunteko behorra ponien sailkapen taldean sartzen da, eta aditu gehienek halakotzat hartzen dute, nahiz eta batzuentzat arrazak zaldi tamainako arrazen zenbait ezaugarri daukan. Fenotipoan poni eta zaldien ezaugarriak ditu, poniarenak nagusi izanik. Hau ohikoa da hainbat zaldi arrazekin, baina Ordunteko behorra oso lotuta dago gainontzeko Kantauri itsasoko ertzeko poni arrazekin.
Esan den bezala, ezaugarri komunak dauzka inguruko poni arraza kantabriarrekin eta neurri batean bere senidetzat hartu daitezke[9], pottoka, asturkoia eta zaldi montxinoarekin hain zuzen[10]. ADN mitokondrialarekin egindako ikerketek Ordunteko behorra inguruko antzinako zaldi arrazekin lotzen du[11]. Batzuek Pirinioetako Merensgo zaldiarekin zein Landetako poniarekin lotzen dute era berean. Baita egun desagerturik dagoen katalan zaldiarekin ere[12][13]. Ordunteko behorra bereziki egun galduta dagoen Soriako behokarekin antzekotasun handia omen zeukan.
Arrazaren egoera larria da, naiz eta 70-80. hamarkadetan ia galtzeko zorian zegoenetik zerbait hobetu den.[14]. Asociación Nacional de Criadores de Caballos Losinos eta El Bardojal delako elkarteek kudeatzen dute arraza.
Hemen aipatu behar da Ricardo de Juana Aranzana arraza kontserbatzailearen lana denek desagertuta jotzen zuten Ordunteko behorra azken unean salbatzerakoan. 1985. urtean hasita, azken aleak ikertzen eta bilatzen, gaur egun arte Pancorboko Udalari bere zaldi taldeari buruzko kudeaketan laguntza ematen[15].