Muskulu-uzkurdura
From Wikipedia, the free encyclopedia
Muskulu-uzkurdura edo gihar-uzkurdura muskulu-zuntzak laburtzearen ondorioa da, estimulu egoki batek, nerbio-bulkadak normalean, sortua.[1] Bi eratakoa izan daiteke uzkurdura: isotonikoa, gihar-zuntzek, uzkurtzeaz gain, beren luzera aldatzen dutenean, eta isometrikoa, gihar-zuntzen luzera aldatzen ez denean (ez dira luzatzen edo laburtzen). Bigarren kasuan estatikoa izan arren, giharra tentsioan dago (esaterako, pisu bat hartzen dugunean eta higitu gabe atxikitzen dugunean).
Muskulu-ehunen zelulak luzeak dira, eta zuntz muskularrak edo gihar-zuntzak deritze. Barnean miofibrila izeneko egitura luzeak dituzte, aktina eta miosina proteinez osatuak; miofibrila horiek uzkurkorrak dira.
Hiru gihar-ehun mota bereizten dira ornodunengan:
- leuna: hesteetan, arteria eta zainetan, umetokian eta errai gehienetan dagoen gihar-ehuna da. Bere higidura oharkabekoa da, eta nerbio-sistema autonomoaren kontrolpean dago.
- kardiakoa: bihotzean dagoena. Bere higidura ere ez-borondatezkoa da.
- eskeletikoa: eskeletoen giharrek osatzen dutena (besoak, hankak, eskuak, aurpegia...), hezur-ehunaren gainean dagoena. Borondatezkoa da eta burmuinak kontrolatzen du haren higidura.
Azken bi gihar-ehunei (kardiakoa eta eskeletikoa) gihar ildaskatua deritze, zeharkako ildaskak dituztelako.