ehun mota From Wikipedia, the free encyclopedia
Muskulua[1] edo giharra ehun muskularrez osaturiko organo uzkurgarria da. Muskuluetako zelulek zuntz uzkurtzaileak dituzte, bata bestearen artetik pasatu eta zelulen tamaina aldatzen dutenak. Muskuluaren unitate funtzional eta egiturazkoa zuntz muskularra da. Muskuluak eskeletoarekin erlazionatzen dira (muskulu eskeletikoak), edo hainbat organotako egituretan parte hartzen dute (errai-muskuluak)[2].
Muskulu | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | muskulu-sistema |
Identifikadoreak | |
Latinez | musculi eta musculus |
MeSH | eta A10.690 A02.633 eta A10.690 |
FMA | 5022 30316, 5022 |
Terminologia anatomikoa |
Muskulu hitza latinezko musculus hitzetik dator (mus, "arratoia" eta culus, "txikia"), erromatarrek esaten zutelako muskuluak arratoi-forma hartzen zuela uzkurtzean[2].
Muskuluak aponeurosi izeneko ehun konjuntibozko mintz batez inguratuta daude[2].
Funtsean, hiru muskulu-ehun mota daude: eskeletikoa, kardiakoa eta lisoa. Hirurek dute uzkurtasunaren propietatea, zelulek haien luzera murriztu eta handitzeko aukera ematen duena, baina desberdinak dira ezaugarri mikroskopikoengatik, kokapenagatik eta kontrakzioa erregulatzeko moduagatik. Uzkurdura hori borondatezkoa izan daiteke garunaren lobulu frontalean sortutako aginduen bidez, hau da, automatikoa, nahimenak esku hartu gabe, bihotzeko muskuluan edo hestearen hormako muskuluetan gertatzen den bezala[3]. Muskulu-ehuna miozito izeneko zelulek osatzen dute, eta gainerako ehunetatik bereizten duten lau propietate nagusi ditu[4]:
Muskulu-ehuna eta hezurrak osatzen dituen hezur-ehuna alderatzen badira, erraz uler daiteke lau propietate horien garrantzia. Hezur-ehuna ez da kitzikagarria elektrikoki, ez du uzkurtzeko edo forma aldatzeko gaitasunik. Ezin da zabaldu, luzatu egiten bada hautsi egiten da haustura eraginez.
Muskulu-ehuna osatzen duten zelulei miozitoak edo muskulu-zuntzak esaten zaie, luzangak direlako. Muskulu ildaskatuaren miozitoak oso luzeak dira, forma zilindrikoa dute eta nukleo anitzekoak daude, hau da, zelula bakoitzak nukleo ezberdinak ditu. Banakako muskulu-zuntzak faszikuluak osatuz taldekatzen dira. Zuntz bakoitza endomisio izeneko ehun konjuntibozko geruza batez inguratuta dago, faszikulu osoa perimisioan bilduta dagoen bitartean. Faszikulu batzuk elkartzen dira epimisioak inguratzen duen muskulu osoa osatzeko[5].
Muskulu-zuntzek barne-harizpi ugari dituzte, miozuntzexka izenekoak, zelularen ardatz nagusian paraleloki kokatuta daudenak eta ia zelula-masa osoa hartzen dutenak. Muskulu-zuntz lisoen miozuntzexkak homogeneoak dira itxuraz, baina muskulu ildaskatuarenak, aldiz, errefringentzia desberdineko eremuak dituzte, miozuntzexka osagai nagusien, miosina eta aktina proteinen banaketaren ondorioz.
Zelula muskularra inguratzen duen mintzari sarkolema esaten zaio, eta zitoplasmari, berriz, sarkoplasma. Aktina-harizpiak eta miosina-harizpiak dauden eskualdeak sarkomero izena du.
Plaka neuromuskularra edo lotura neuromuskularra neurona motorraren eta muskulu baten artean ezartzen den konexioa da[6]. Horren bidez, neuronak bulkada elektrikoak transmititzen dizkio muskulu-zuntzari, eta zuntz hori uzkurtu egiten da. Plaka neuromuskularrean bi zelulak parte hartzen dute: neurona motorrak (motoneurona) eta zelula muskularrak (miozitoa). Horien artean arraildura sinaptikoa deritzon espazio bat dago.
Nerbio-bulkada batek (eragiteko potentziala) neurona motore baten axoiaren bidez bidaiatzen duenean, bere ibilbidearen amaieran terminal-botoia deritzon eskualdera iristen da, non azetilkolina neurotransmisorea arraildura sinaptikora askatzen duen[7][8]. Azetilkolina muskulu-zelularen mintzarekin elkartzen da, eta mintzaren potentziala aldatzen du (despolarizazioa). Despolarizazioa zuntz osoan zehar hedatzen da eta haren uzkurdura eragiten du, azken erantzuna. Miozitoaren mintzaren despolarizazioa kaltzio-kanalak irekitzean sortzen da, eta kaltzio estrazelularrari zelula muskularrean sartzeko aukera ematen dio.
Uzkurgarritasuna muskulu-zuntzek laburtzeko eta lodiagoak egiteko duten propietatea da. Hori posible da zelula bakoitzak aktina eta miosina izeneko bi proteina ezberdinez osatuta dauden zuntz ugari dituelako. Bi proteina mota horiek itxura desberdina dute, aktinazko harizpiak meheak eta kolore argikoak dira, eta miosinazkoak, berriz, kolore ilun eta lodikoak. Elkarren artean txandakatzen dira inbrikatuta, eskuetako hatzak lotzen direnean bezala[9].
Zuntz irristakorraren ereduaren arabera, atseden-egoeran, muskulu-zuntzak gainjartze-maila ertaina du aktina- eta miosina-harizpien artean; kontrakzio-egoeran, gainjartzeak gora egiten du; aldiz, muskulu-elongazioa gertatzen bada, gainjartzeak behera egiten du, eta nulua ere izan daiteke[10].
Muskulu eskeletikoak lotuta daude hezurren muturretan tendoien bidez. Horregatik, muskuluak, laburtu ahal izateko, gainditu beharreko erresistentzia bat dago. Erresistentzia, aktibatutako muskuluan ezartzen den tentsioa baino handiagoa denean, hura ezin da laburtu, eta ez da mugimendurik sortzen; erresistentzia, sortutako tentsioa baino txikiagoa denean, berriz, karga zenbat eta txikiagoa izan orduan eta azkarrago laburtuko da. Uzkurdura terminoa muskuluko tentsioaren garapena izendatzeko erabiltzen da hemen, baina horrek ez du, nahitaez, esan nahi laburtzen denik, hori dagoen kanpo-erresistentziaren araberakoa baita. Azaldutakoa oinarri hartuta, kontrakzio mota bat baino gehiago egon daitezke, mugimendua eragiten duten ala ez kontuan hartuta[11]:
Beste uzkurdura mota batzuk ere defini daitezke, baina, egia esan, lehen aipatutako oinarrizko hiru kontrakzioen konbinazioa baino ez dira:
Zuntz muskular ildaskatua forma zilindrikoko zelula luzanga bat da. 50 mikrako diametroa du, eta zenbait zentimetroko luzera har dezake. Hainbat zelularen fusioaren emaitza da, eta, beraz, nukleo ugari ditu bere kanpoaldean (zelula multinukleatua). Mintz batez bilduta dago, sarkolema deitzen dena, eta barnealdeari (zitoplasma), berriz, sarkoplasma esaten zaio[12].
Sarkoplasmak egitura luze ugari ditu (miozuntzexkak), modu trinkoan antolatuta daude, eta bi harizpi mota txandakatuz eratzen dira: Miosinaren molekula proteikoez osatutako harizpi lodiak eta aktinaren molekula proteikoez osatutako harizpi meheak. Bi harizpi mota horiek elkarren artean txandakatzen dira, muskulu-uzkurduraren arduraduna den egitura guztiz ordenatua osatuz. Miozuntzexka erregularki mozten dute Z ildaxkak deitzen diren kolore iluneko ildaxkek. Segidako bi Z ildaxken artean dagoen eremuak sarkomero izena du. Sarkomeroa muskulu-uzkurduraren oinarrizko unitatea da. Muskulu-zuntz bakoitzak sarkomero ugari ditu erregulartasun osoz ordenatutako multzo batean[12].
Muskulu-tonuaren kontzeptuak tentsio arina eta konstantea deskribatzen du muskuluan, eta erresistentzia gisa agertzen da artikulazio bat modu pasiboan mobilizatzen saiatzen denean. Funtsezko funtzioa du postura mantentzeko, adibidez zutik edo bizkarrik gabeko banku batean eserita egoteko. Gehiegizko tonu muskularrari hipertonia deitzen zaio, eta bere jaitsiera hipotonia da[13].
Gorputz-jarrera jakin bat mantentzeko, nerbio-sistemaren jarduera jarraitua behar da, enborreko eta gorputz-adarretako muskulaturaren jarduera doitzeko; horrela, une bakoitzean, muskulu-tonua artikulazioen egoerara eta kanpoko kargak egotera egokitzen da, adibidez objektu astunak garraiatzen direnean.
Muskulu ildaskatuen zuntzak hainbat kategoriatan sailka daitezke: I. mota, II. mota eta IIa. mota.
Sistema energetikoak organismoak (barnekoak) energia lortzeko erabiltzen dituen bide metabolikoak dira. Energia hori lan bat egiteko erabiltzen da, adibidez, kontrakzio muskularra (kanpokoa edo barrukoa).
Hiru muskulu mota daude: muskulu eskeletikoa, muskulu lisoa eta muskulu kardiakoa. Testu gehienetan, muskulu-sistema muskulu eskeletikoek soilik osatzen dutela jotzen da, eta horiek dira borondatezko mugimenduak ahalbidetzen dituztenak. Hala ere, batzuetan, muskulu lisoa eta gihar kardiakoa sistema horretan sartzen dira, nahiz eta haien funtzioak oso desberdinak izan, jarraian aipatuko dugun bezala.
Gihar ildaskatuaren zuntz indibidualak endomisioa deitzen den ehun konjuntiboko geruza batez estalita daude. Zuntz batzuk multzokatu egiten dira, eta perimisioak estaltzen duen muskulu-faszikulu izeneko egitura handiagoa osatzen du. Azkenik, zenbait faszikulu elkartuk muskulu osoa osatzen dute, epimisioak estaltzen duena. Muskulu gehienak hezurrean txertatzen dira ehun zuntzez eta solidoz osatutako tendoien bidez, nolabaiteko elastikotasun-mailarekin. Ohikoena da muskuluaren mutur bakoitzean 2 tendoi egotea[12].
Funtzioaren eta kokapenaren arabera, muskuluen forma oso aldakorra da; gehienak luzanga edo fusiformeak dira, bizeps brakiala, esaterako, beste batzuk, berriz, lauak dira, hala nola sabelaldeko muskulu zuzena; batzuek abaniko forma dute, hala nola bularraldeko muskulu nagusiak. Muskulu batzuek forma bereziak dituzte, eta irekidura bat dute erdian barrunbe batera egokitzeko; besteak beste, ezpainetako muskulu orbikularra eta begietako muskulu orbikularra.
Desberdinak dira muskulu motaren arabera: ildaskatua, lisoa edo kardiakoa.
Muskulu ildaskatua oinarrizko unitatea sarkomeroa duen muskulu mota bat da. Mikroskopio baten bidez ikusten denez, ildaskak ditu, aktinaz eta miosinaz osatutako banda argi eta ilunez osatuak. Ardatz-formako muskulu-zuntzez osatuta dago, mutur oso finekin, eta muskulu lisoak baino luzeagoekin.
Muskulu ildaskatuen funtzio nagusia borondatezko mugimenduak sortzea da. Beste funtzio bat gorputz-egonkortasuna mantentzea da, muskulu-tonua deitzen zaion uzkurdura partzial konstante eta mantendu bati esker. Bestalde, muskulu ildaskatuak dira gorputzeko bero-iturri nagusia, eta organismoaren tenperatura 37º zentigradutik hurbil mantentzen laguntzen dute[9].
Muskulu ildaskatuak animalia bilateral guztietan (ugaztunak, artropodoak, anelidoak...) eta ez-bilateral batzuetan aurki daitezke, adibidez ktenoforoetan eta knidarioetan. Bi talde horietan modu independentean eboluzionatu zuela uste da[14].
Muskulu lisoa, erraietakoa edo borondaterik-gabekoa ere esaten zaiona, ardatz-formako zelulek osatzen dute, eta nukleo zentral bat dute, beste edozein zelularen antzekoa; ez du zeharkako ildaskarik, nahiz eta luzetarako ildaxka txiki batzuk dituen. Muskulu leunak uzkurtzeko estimuluaren erdian nerbio-sistema begetatibo autonomoa dago. Muskulu lisoa ugaltze- eta iraitz-aparatuan, odol-hodietan, larruazalean eta barruko beste organo batzuetan dago.
Muskulu lisoaren funtzioak oso desberdinak dira kokapenaren arabera, digestio-hodia osatzen duten zuntzek mugimendu peristaltikoak uzkurtzean eragiten dituzte, odol-hodien paretetan daudenek hodien kalibrea gutxitzea edo handitzea eragiten dute uzkurtu edo erlaxatu ahala. Bronkioetan kokatutakoek kalibrea handitu edo gutxitu dezakete bronkioetan. Dermisean daudenak biloa tentetu ditzakete. Irisaren muskulu-zuntzek begi-niniaren dilatazioa edo konstrikzioa ahalbidetzen dute, inguruneko argitasun-mailaren arabera[9].
Muskulu kardiakoa (miokardioak) bihotzaren pareta osatzen du. Muskulu ildaskatu mota bat da, ezaugarri berezi batzuk dituena. Bere funtzioa odola zirkulazio-sistemaren bidez ponpatzea da. Zelulak adarkatuta daude, sinzitio funtzional gisa ezagutzen den egitura bat osatuz; izan ere, lotura komunikatzaileen bidez konektatuta daude, eta lotura horiei disko interkalarrak deitzen zaie. Ondorioz, uzkurdura sinkronizatua izan daiteke. Bi sinzitio funtzional daude: batek aurikulak eratzen ditu eta besteak bentrikuluak.
Biologian, indarra da muskuluek erresistentzia bat gaindituz uzkurtzeko duten gaitasuna. Beharrezkoa da eguneroko jarduera gehienetarako; izan ere, mugimendu guztiak indar batek eragiten ditu, bai joan-etorriak egiteko beharrezkoak direnak, bai objektu astunagoak mugitzeko direnak. Indarraren kontzeptuaren barruan, hiru alderdi desberdin sartzen dira:
Gizabanako jakin batek lor dezakeen indarra hainbat faktorerekin lotzen da; faktore horietako bat muskuluaren zeharkako sekzioa da. Muskulu batek 3 eta 4 kg arteko indarra sor dezake zeharkako sekzioko cm² bakoitzeko. Beraz, sekzio handieneko muskuluek garatzen dute indar handiena, nahiz eta muskuluaren tamaina handitzearekin batera ez den beti indar handiagoa izaten.
Muskulu eskeletikoa % 75 urak eta % 20 proteinek osatzen dute. Gainerako % 5a gantzak, glukogenoa, sodioa, potasioa, kaltzioa eta fosforoa dira[15].
Giharretako gaixotasunak eta nahasmenduak askotarikoak dira, eta hainbat, etiologiakoak.
Muskuluen eragina kokapenaren araberakoa da; non hasten diren eta non ezartzen direnaren arabera, mugimenduak eragingo dituzte. Euren funtzioa betetzeko, funtsezkoak dira muskulua inguratzen duen aponeurosia eta muskuluak hezurrei lotzeko zurdak. Muskuluen indarra zuntz-kopuruaren araberakoa da; zenbat eta zuntz gehiago uzkurtu, hainbat eta handiago da euren eragina eta, beraz, indar handiagoa izango du[2].
Giza gorputzean 639 muskulu daude gutxi gorabehera; ezinezkoa da, dena den, guztiak zenbatzea, aldakortasun handia dagoelako. Kokapena kontuan hartuz, azaleko muskulua eta sakoneko muskulua bereiz ditzakegu[2].
Itxuraren arabera, hainbat muskulu-mota daude: fusiformeak, lauak, poligastrikoak eta abar[2].
Mugimendu zehatz bat egiteko, muskulu laguntzaileek parte hartzen dute, sinergiko deitzen direnak kasu batzuetan, eta kontrako mugimendua eragiten dutenak edo antagonistak beste batzuetan[2].
Muskuluek uzkurtze-maila bat dute geldi gaudenean, jarrera mantentzeko, eta uzkurtze-maila hori tonu muskularra deitzen da[2].
Muskuluen funtzioa erraz atzematen da azterketaren eta haztapenaren bidez. Alderdi anatomikoa ikusteko modua gorpuetan disekzioa egitea da, baina bizidunetan elektromiografia erabiltzen da. Elektrikoki kinadak ziztatzen dira muskuluetan, horrela, elektrodo batzuen bidez, zuntzen jarduera (indarra) neurtzeko[2].
Muskulua oso moldagarria da eta asko erabiliz gero hipertrofiatu egiten da eta, aldiz, gutxi erabiltzen denean atrofiatu egiten da. Horregatik oso organo moldagarria da, beharren arabera zuntzak gehitzen edo gutxitzen dituelako[2].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.