Izar-zinematika
From Wikipedia, the free encyclopedia
Astronomian, izar-zinematika espazioan zehar izarrek dituzten higiduren behaketa edo neurketa da.
Izar-zinematikaren barruan, Esne Bideko eta haren sateliteetako izar-abiaduren neurketa ikertzen da, baita galaxia urrunagoen barne-zinematika ere. Esne Bidearen hainbat azpiosagaitan izarren zinematika neurtzeak informazio garrantzitsua ematen du gure galaxiaren eraketa eta eboluzioari buruz. Azpiosagai hauek diska mehea, diska lodia, fardela eta izar-haloa dira. Neurketa zinematikoek fenomeno exotikoak ere identifika ditzakete, hala nola Esne Bidetik ihes egiten duten hiperabiadurako izarrak. Azken hauek izar bitarren grabitazio-topaketen eta galaxiaren erdigunean dagoen zulo beltz supermasiboaren emaitza dira.
Nahiz eta beraien artean ezberdintasun ugari egon, izar-zinematika[1] eta izar-dinamika erlazionatuta daude. Izar-dinamikak izarren higiduren azterketa teorikoa eta hauen modelatzea (grabitatearen eraginpean) eskatzen du. Galaxiak edo izar-kumuluak bezalako sistemen izar-eredu dinamikoak, maiz, izarren datu zinematikoekin konparatzen dira, haien eboluzioa, historia eta masaren banaketa aztertzeko. Gainera, izar-dinamika materia iluna edo zulo beltz supermasiboak atzemateko erabiltzen da, izarrek orbitetan duten grabitazio eraginaren bidez.