Ikurrin
Euskal Herriko bandera eta ikur nagusia da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala / From Wikipedia, the free encyclopedia
Ikurrina Euskal Herriko bandera eta ikur nagusia da.[1] Oinarri gorriaren gainean, gurutze zuri zuzen batez eta gurutze berde zeihar batez osatuta dago. Sabin Aranaren anaia Luis Aranak marraztu zuen 1894. urtean. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko bandera ofiziala da, bai eta Ipar Euskal Herrian nahiz Hego Euskal Herrian, Europar Batasuneko banderarekin batera, Bidasoa eta Pirinioetako estatu mugaren bi aldetara agertzen den bandera bakarra ere.
- Artikulu hau Euskal Herriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikurrinari buruzkoa da; ikurrinak oro har gaitzat duena beste hau da: «bandera»
Erabilera | |||||||
Proportzioa | 14:25 | ||||||
Erabakia | Sorrera: 1894 Sortzaileak: Luis Arana Goiri Sabin Arana Goiri Legeztatzea: 1977ko urtarrilaren 19a Ofizialtasuna: 1936-1937 1978tik gaur egun arte | ||||||
Koloreak |
|
Bere sorrera unetik bertantxe jazarpen politiko latza jasan duen bandera bat izan da, lehen ikurrina urte baten buruan espainiar agintaritzak errekisatu baitzuen. Jazarpen hau Primo de Riveraren diktaduran jasandako debekua eta bereziki Francoren diktaduran asko areagotu zen, azken honetan agintari frankistek legez kanpo jarri eta 1936-1977 artean erabateko eta etengabeko jazarpena pairatu baitzuen, ikurrin bat zeraman oro isuna ordaintzera edo espetxera zigortua baitzen, eta hein handi batean jazarpen, eta debeku horri esker ere bai, jende askorentzat, bai abertzale nahiz abertzale ez zirenentzat ere, bere hasierako jatorrizko esanahitik askoz harago zegoen klandestinitateko bandera bilakatu, alegia, askatasuna, errebeldia, antifrankismoa eta demokraziaren ikur bilakatu zen, maiz Hego Euskal Herrian diktadura garaian ikurrina jendaurrean erakustea norberaren pentsamolde politiko edo nazio nortasunetik harago, injustiziaren aurkako berezko agintaritza ofizialarekiko errebeldia jarrera edo erantzuna izan zen.
1977ko urtarrilaren 19an ofizialki legeztatu zen arren, 2017rarte, Nafarroako Foru Erkidegoan ikurrinaren aurka espresuki sortu zen Nafarroako Ikurren Legearen bidez jazarpen politiko eta administratiboa jasa izan zuen, berau udaletxeetan zintzilikatzen duten udalak isun, salaketa eta auzien mehatxupean izanik. Aldiz, Ipar Euskal Herriko (Nafarroa Beherea barne) herriko etxeetako fatxada eta balkoietan egunerokotasunean ikurrina Frantziako banderarekin batera normaltasun osoz zintzilikatua agertzen da.