Hipnosi
From Wikipedia, the free encyclopedia
Hipnosia kontzientziaren egoera berezia da, artifizialki eragina, erlaxazio sakon batekin eta aparteko sugestionagarritasunarekin agertzen dena [1]. Herri-irudipenak lo egoera batekin lotu badu ere, hipnosiak ez du zerikusirik lo fisiologikoarekin [2].
Prozedura mekanikoak, fisikoak edo psikikoak -sugestioak- erabiliz beste batengan sortzen da egoera hipnotikoa. Nerbio sistemaren gain eragina duten zenbait eragileren ondorio da. Hipnotizatua dagoen pertsona oso sugestionagarria da eta hipnotizatzailearen aginduak betetzen ditu, bere kode moralaren aurka joaten ez baldin badira (hipnotizatuak ez baitu guztiz galtzen bere buruaren kontrola).
Hipnosian hiru fase bereizten dira:
- Egoera hipnoidea edo hipnosiaren 1. gradua: Hipnotizaturik dagoen pertsonak bere gorputza oso astuna sentitzen du, eta nekez irekitzen ditu begiak. Oso erlaxatuta dago eta esna dagoenean baino sentikorragoa da sugestioekiko.
- Tarteko maila edo hipnosiaren 2. gradua: egoera horretan hipnotizatua sugestionagarriagoa bihurtzen da. Erlaxazio sakona du. Hipnosian hitz egin dezake trantzetik atera gabe. Elektroentzefalogramako erregistro batek alfa uhinak erakutsiko lituzke.
- Hipnosi sakona edo 3. gradua: Hipnotizaturik dagoen pertsonak ez du harremanik kanpoko munduarekin eta hipnotizatzailearekin bakarrik dago harremanetan. Gorputz osoa oso astuna da. Hipnotizatuak begiak ireki ditzake trantzetik atera gabe, eta mota guztietako haluzinazioak (bisualak, entzumenezkoak edo usaintsuak) eragin dakizkioke [3]. Elektroentzefalogramako erregistro batek theta uhinak erakutsiko ditu [4]. Analgesia hipnotikoa ere fase honetan lor daiteke. Hirugarren graduan izaten dira baldintzarik egokienak pertsona horrengan portaera eta nortasun aldaketak eragiteko.
Hipnosi sakona egoeratik irten ondoren pertsona asko ez dira hipnotizatua egon diren bitartean gertatuaz gogoratzen, amnesia post-hipnotikoa agertzen baita. Hipnosia sarritan erabili izan da nerbio sistemaren eritasunak (histeria, obsesio egoerak, etab.) eta toxikomaniak (alkoholismoa adibidez) sendatzeko [5]. Psikoterapian ere sarritan erabiltzen da gaixoak ahaztuak dituen edo arbuiatzen dituen bere bizitzako zenbait gertaera edo pasadizo traumatikoak gogorarazteko. Gaitz psikosomatikoen tratamenduan, azkenik, tresna oso baliotsua da eta arrakasta handiz aplikatu dute psikiatrek zein sendagileek.
Hipnosiaren inguruko teoria asko fenomenoaren deskribapena burmuinaren aktibitatearen bitartez azaltzen saiatzen dira. Beste batzuk aldiz, esperientzia fenomenologikoetan zentratzen dira.