Filosofia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Filosofia (grezierazko φιλος -filos- eta σοφος -sophos- hitzetatik, "jakintzaren maitasuna") gai orokor eta funtsezkoen azterketa sistematizatua da, hala nola existentziari, arrazoiari, ezagutzari, balioei, adimenari eta hizkuntzari buruzkoak[1][2]. Galdera horiek askotan aztertu edo konpondu beharreko arazo gisa planteatzen dira[3][4]. Iturri batzuen arabera, terminoa Pitagorasek sortu zuen (k.a. 570 - k.a. 495)[5], nahiz eta teoria hau batzuek eztabaidatzen duten[6][7]. Metodo filosofikoek zalantzan jartzea, eztabaida kritikoa, argudio arrazionala eta aurkezpen sistematikoa barne hartzen dituzte[8][9].
Historikoki, filosofiak jakintza guztiak biltzen zituen, eta filosofo deitzen zitzaion hura praktikatzen zuenari. "Filosofia naturala", antzinako Indian eta Antzinako Grezian diziplina bezala hasi zena, astronomia, medikuntza eta fisika barnebiltzen zituen[10][11]. Adibidez, 1687ko Newtonen filosofia naturalaren printzipio matematikoak geroago fisika-liburu gisa sailkatu ziren. XIX. mendean, ikerketa-unibertsitate modernoen hazkundeak filosofia akademikoa eta beste diziplina batzuk profesionalizatzera eta espezializatzera eraman zituen[12][13]. Harrezkero, tradizionalki filosofiaren parte ziren hainbat ikerketa-arlo diziplina akademiko bereizi bihurtu dira, zehazki gizarte-zientziak, hala nola psikologia, soziologia, hizkuntzalaritza eta ekonomia.
Gaur egun, filosofia akademikoaren azpieremu nagusiak hauek dira: metafisika, existentziaren eta errealitatearen funtsezko izaeraz arduratzen dena; epistemologia, ezagutzaren eta sinesmenaren izaera aztertzen duena; etika, balio moralaz arduratzen dena; eta logika, egiazko premisetatik ondorioak ateratzea ahalbidetzen duten inferentzia-arauak aztertzen dituena. Beste azpieremu aipagarri batzuk erlijioaren filosofia, zientziaren filosofia, filosofia politikoa, estetika, hizkuntzaren filosofia eta gogamenaren filosofia dira. Filosofia praktikatzen duen pertsonari filosofo deritzo.