Deflazio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ekonomian, deflazioa prezioen gutxitze jarraitu eta orokorra da. Aurkako terminoa inflazioa da; prezioen igotze jarraitu eta orokorra, alegia. Oro har, ekonomiako krisialdi eta atzeraldietan gertatzen da deflazioa, kontsumoaren eta inbertsioaren atzerakadak prezioen beherakada dakarrenean.
- Artikulu hau prezioen beherakada orokorrari buruzkoa da; prozesu geologikoa gaitzat duena beste hau da: «Deflazio (geologia)»
Ondasun eta zerbitzuen prezioen gainbehera orokorra da, gutxienez denboran sei hilez luzatzen dena. Horregatik, tarteka sektore jakin batean ematen diren prezioen jaitsierak ez dira deflaziotzat hartzen. Prezioak jaistea ez da albiste positiboa. Izan ere, herritarrek diru gutxiago xahutuko dute, besteak beste, oinarrizko erosketak egiterakoan. Gainera, beherako joera denboran luzatuz gero, testuinguru ekonomikoak okerrera egingo du[1].
Jendeak merkeago erosteko itxaroten badu, eskaera-kopuruak behera egingo du; eskaerak gutxituta, enpresek gutxiago ekoiztuko dute eta, ondorioz, galerak izango dituzte eta irabaziak izan beharrean; horrek soldatak jaistea eta kaleratzeak ugaritzea ekarriko du, baita langabezia-tasak gora egitea ere.
Gurpil zoroa ez da hor amaitzen. Kontsumoaren beherakadarekin batera BEZa ere jaitsiko da, hau da, diru gutxiago bilduko da zergen bitartez eta, beraz, administrazioek baliabide gutxiago izango dituzte gastu publikoan inbertitzeko.
2014ko irailean, deflazio hotsek indarra hartu zuten Hego Euskal Herrian, izan ere, inflazioa -%0,4ra jaitsi zen. Erregaiaren gaineko osasunerako zentimoa desagertzeak are gehiago jaitsarazi zituen prezioak Nafarroan: -% 0,8[2].
Ekonomialariek, oro har, uste dute bat-bateko deflazio-shock bat arazo bat dela ekonomia moderno batean, zorraren benetako balioa handitzen duelako, batez ere, deflazioa ustekabekoa bada. Deflazioak atzeraldiak areagotu, eta deflazio-espiral bat ere eragin ditzake[3][4][5][6][7][8][9].
Ekonomialari batzuen ustez, deflazio-aldi luzeak ekonomia baten aurrerapen teknologikoaren azpian dagoenarekin erlazionatuta daude; izan ere, produktibitatea handitzen den heinean (FPG) ―ingelesez (TFP)―, ondasunen kostua murriztu egiten da[10].
Deflazioa, normalean, eskaintza handia denean gertatzen da (gehiegizko produkzioa gertatzen denean), eskaria txikia denean (kontsumoa murrizten denean) edo diru-eskaintza gutxitzen denean (batzuetan, arduragabekeriaz egindako inbertsioaren ondorioz sortutako uzkurdurari edo kreditu-murrizketaren ondorioz) edo ekonomiaren kapital-irteera garbi batengatik[11]. Lehia gehiegi eta merkatuaren kontzentrazio gutxiegiren ondorioz ere gerta daiteke[12]