Polonia-Errusia Gerra
Polonia-Errusia Gerra (1605-1618) edo Poloniar-moskutar Gerra XVII. mendearen hasieran gertatu zen Polonia-Lituaniako Mankomunitateak edo goi mailako nobleek zuzendutako armada pribatuek eta mertzenarioek ekialderantz egindako inbasioen sekuentzia gisa; Garai hartan, Errusiako Tsarerria gerra zibil sorta batek urratzen zuen ―Errusiar historian Aro Nahasia bezala ezagutzen dena―, Errusiako krisi dinastikoak eta barne kaos orokorrak piztutakoa. Aldeen eta haien helburuak hainbat aldiz aldatu ziren gatazkan: Mankomunitatea ez zen, formalki, Errusiarekin gerran egon 1609ra arte, eta errusiar fakzio ezberdinak beren artean, Mankomunitatearekin edo beste herrialde batzuekin batuta edo haien aurka borrokatzen ziren. Suediak ere parte hartu zuen gatazkan, Ingriako Gerran (1610-1617), batzuetan, Errusiarekin batuta eta, beste batzuetan, haren aurka. Fakzio ezberdinen helburuak maiz aldatzen ziren, muga aldaketa txikietatik hasi eta Errusiako tronuan poloniar erregeak edo poloniarrek babestutako iruzurgileak inposatu nahi izan arte; edota Estatu berri bat sortu Mankomunitatearen eta Errusiaren arteko batasuna osatzeko.