Dendrokronologia (antzinako grezieraz: δένδρον, dendron "adar", χρόνος khronos "denbora" eta -λογία -logia "ikerketa") zuhaitzen eraztunak datatzeko metodo zientifikoa da. Eraztun horiek zehazki sortu ziren urtea zehazteaz gain, urte horretan egon ziren egoera atmosferikoak aztertzen dira[1], eta horrela klimaren azterketari eta eguraldiaren egoerari buruzko datuak eman ditzake. Aplikazio ugari ditu hortaz: dendroarkeologia, dendroklimatologia, dendrogeomorfologia, dendrohidrologia, dendropirokronologia eta dendroekologia[1][2]. Arte eta arkitektura lanen datazioan ere erabiltzen da, zura erabili bada. Karbono-14 bidezko datazioa kalibratzeko ere erabiltzen da dendrokronologia.

Thumb
Dendrokronologia-barautsa, eraztun-zenbagailua, laginak eta enbor xerra.

Zuhaitzen hazkundea geruzaz geruza gertatzen da, azaletik gertu dauden zelulatan. Zuhaitzaren hazkunde hori urtean zehar aldatzen da, modu ezagun batean, urtaro bakoitzeko eguraldiaren arabera. Neguaren eta udaren arteko alde honek, eraztunak sortzen ditu zuhaitzean. Zuhaitzen hazkunde hori alderatuz, zaharragoak diren zur zatiak parekatzen joan daiteke, modu akumulatibo batean.

Historia

Teofrasto greziar botanikaria (K.a. 371 - K.a. 287) izan zen lehena aipatzen zuhaitzek eraztunak zituztela[3]. "Trattato della Pittura" saiakeran, Leonardo da Vinci (1452-1519) izan zen lehena zehazten zuhaitzek urtero eraztunak eratzen zituztela eta euren lodiera inguruneko baldintzek eragiten zutela[4]. 1737an, Henri-Louis Duhamel du Monceau eta Georges-Louis Leclerc de Buffon frantziar ikertzaileek, hazkunde baldintzek eraztunen forman zuten eragina aztertu zuten. Adibidez, 1709ko hotz-boladak eraztun ilun-ilun bat eragin zuela aurkitu zuten, ondorengo europar naturalistentzat erreferentzia bezala balioko zuena.

Hortik aurrera, botanikari batzuk zuhaitzen eraztunak aztertzen hasi ziren, basoen historia ezagutzeko tresna posible gisa. XIX. mendearen bigarren erdian, Robert Hartigek dendrokronologiaren ikerkuntza bultzatu zuen Europan, eraztunen garapenari buruzko ikerketa zehatz bati esker, izozteen ondorioetan eta intsektuek eragindako kalteetan oinarrituta.

Hala ere, dendrokronologia zientzia bezala astronomo bati zor zaio, ez botanikari bati: Andrew Ellicott Douglass estatubatuarrari[1]. 27 urte zituela, Douglassek Flagstaffeko Lowell Behatokian lan egiten zuen. Eguzki orbanen aktibitateak Lurreko kliman eragina izan zezakeela uste zuen, eta eguzki orbanen aktibitate ziklikoaren eta euri prezipitazioen portaeraren arteko erlazioa bilatzen ari zen. 1914an Pinus ponderosa espeziearen 500 urteko kronologia bat eraikitzea lortu zuen, eta 1937an Laboratory of Tree-Ring Research delakoa sortu zuen Arizonako Unibertsitatean.

Eraztunak

Thumb
Zuhaitz baten eraztunak

Enbor bat zeharka mozten denean (edo motzondoan), zirkulu zentrokide batzuk ikus daitezke: eraztunak (baita ere zuhaitz eraztunak, urteroko eraztunak[5], hazkunde eraztunak eta haziera eraztunak[6]). Eraztunak kanbium baskularraren hazkunde berri baten emaitza dira, alboko meristemo bezala sailkatzen duten azaletik gertu dagoen zelula geruza bat. Diametroaren hazkunde hau hazkunde sekundario bezala sailkatzen da.

Eraztun kopuruak zuhaitzaren adina adierazten du, urtero eraztun bat eratzen baita[7]. Eraztun hauek zabalak edo estuak izan daitezke, zenbait faktoreren arabera: estuek, urte zailak erakusten dituzte, garai hotz edo lehorrak kasu; zabalek, ordea, ingurumen-faktoreek hazkundean eragin kaltegarririk izan ez dutela. Eremu epeletako zuhaitzetan errazagoa da eraztun bakoitza bereiztea, klima tropikaletako egoera konstanteetan ez baita urteko eraztunik sortzen[8].

Erabat alderatutako eta egiaztatutako kronologia bat haritz eta pinuaren 12.460 urteko segida bat da, Erdialdeko Europan[9]. Irlandan haritzaren 7.429 urteko segida eta Ingalaterran 6.939 urtekoa egiaztatu dira[10]. Adin erradiokarboniko eta dendrokronologikoen alderaketak bi sekuentzia dendrokronologiko independente hauen agiazkotasuna bermatzen dute. Euskal Herrian aurkitu den eraztun zaharrena 1420koa da[1]

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.