Ekialdeko Asiako herrialdea From Wikipedia, the free encyclopedia
Txina[1] (txinera tradizionalaz: 中國; txinera sinplifikatuaz: 中国; pinyinez: Zhōngguó), ofizialki Txinako Herri Errepublika, ekialdeko Asiako estatua da, munduko bigarren jendetsuena: 2024an 1.411.778.724 biztanle zituen[2], munduan bizi diren 5 pertsonatatik bat inguru. Munduko laugarren herrialderik handiena da, CIA World Factbookaren arabera, eta hirugarrena, Indiak eskaturiko lurraldeak baina Txinak administratzen dituenak kontuan hartuz gero.
Txinako Herri Errepublika | |||
---|---|---|---|
中华人民共和国 Zhōnghuá Rénmín Gònghéguó | |||
Ereserkia: Boluntarioen martxa | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Pekin | ||
Hiririk handiena | Shanghai | ||
Azalera | 9.596.961 km² (4.) Ura %2,8 | ||
Punturik altuena | Everest (8.848 m) | ||
Punturik sakonena | Aydingkol (−154 m) | ||
Kontinentea | Asia | ||
Mugakideak | Mongolia, Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan, Pakistan, India, Nepal, Bhutan, Myanmar, Laos, Vietnam, Errusia, Ipar Korea, Afganistan, Hego Korea eta Japonia | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | unipartidismo, zentralismo demokratiko, errepublika parlamentarioa, Estatu unitario, errepublika konstituzional, communist dictatorship (en) eta errepublika | ||
Txinako Herri Errepublikako presidentea | Xi Jinping | ||
Legebiltzarra | Txinako Herri Batzar Nazionala | ||
Epai autoritatea | Supreme People's Court of the People's Republic of China (en) eta Supreme People's Procuratorate of the People's Republic of China (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.442.965.000 | ||
Dentsitatea | 150,36 bizt/km² (83.) | ||
Talde etnikoak | ikusi
| ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Emankortasun-tasa | 1,6 (2021) | ||
Alfabetizazioa | % 96,8 (2018) | ||
Derrigorrezko eskolaratzea | 6 | ||
Bizi-itxaropena | 76,252 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 38,2 (2019) | ||
Giza garapen indizea | 0,768 (2021) | ||
Ekonomia | |||
Moneta | Renminbi (¥) | ||
BPG nominala | 12.237.700.479.375 $ (2017) | ||
BPG per capita | 8.826 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 23.350.230.198.209 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 16.842,408 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 6,7 % (2016) | ||
Erreserbak | 3.235.681.607.213 $ (2017) | ||
Inflazioa | 2,1 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1949ko urriaren 1a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +86 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | CN | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | CHN | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 220 V. 50 Hz.NEMA 1-15 (en) , europar loki eta AS/NZS 3112 (en) | ||
Internet domeinua | .cn, .中国 (mul) , .中國 (mul) eta .公司 (mul) | ||
gov.cn |
Munduko potentzia ekonomikorik handienetariko bat da eta Asiako ekonomiaren motorretako bat. Hamalau herrialderekin du muga. Pekin (Beijing, 北京) du hiriburua.
Euskaraz eta Europako hizkuntza gehienetan erabiltzen den Txina izenaren jatorria Qin dinastian datzala dirudi, lehenengo dinastia inperialean. Iraganean, Katai izena ere erabili zen, kitan herri altaikotik datorrena. Horixe da Marco Poloren bidaietan emaniko izena. XVII. mendean, Bento de Goes portugaldar jesuitak Txina eta Catay leku bera zirela frogatu zuen. Txineraz, Txina esateko Zhongguo izena erabiltzen da eta Zhōnghuá Rénmín Gònghéguó (ⓘ) Txinako Herri Errepublika izena esateko.
Mugakide hauek ditu: Errusia eta Mongolia iparraldean; Ipar Korea, Itsaso Horia eta Txinako Itsasoa ekialdean; Vietnam, Laos, Myanmar edo Birmania, India, Bhutan, eta Nepal hegoaldean; eta Pakistan, Afganistan, Tajikistan, Kirgizistan eta Kazakhstan mendebaldean.
Azalera, berriz, 9.600.000 km²-koa du. Tibet konkistatu zuenetik, munduko hirugarren herrialderik handiena da, Errusiaren eta Kanadaren ondoren. Haren tamaina dela eta, hainbat klima eta inguru ditu, oso ezberdinak. Ekialdean, Itsaso Horiaren eta Txinako Itsasoaren kostaldean, ordoki oso populatu eta handiak daude. Hegoaldeko Txinako Itsasoko kostaldea menditsua da eta hegoaldean muino txikiak daude. Erdigunean, Ibai Horia eta Yangzi ibaiak daude, beren delta handiekin eta horiez gainera, besteak beste, Mekong, Brahmaputra, Amur, Huai eta Xi ere bai.
Mendebaldean mendilerro erraldoiak daude, Himalaia kasu; hango gailurra Everest mendia, iparraldeko isurialdea Txinan duena. Goi ordokietan, badira klima erdi lehor edo desertuaren antzeko eremuak, Taklamakan eta Gobi kasu.
Txina milaka urtez okupatua izan den lurraldea da, eta oso historia luze eta zabala du.
Gaur egungo Txinako lurraldea oso antzinatik populatua izan da. Historiaurreko hainbat herriren aztarnak aurkitu dira. Ibai Horiaren inguruan aztarnategi ugari aurkitu dira eta txinatar kulturaren jatorria toki hori dela jotzen da.
Homo sapiensa orain dela 40.000 urte iritsi zen Txinara. Lehenagoko Homo erectus espeziearen hainbat aztarnategi aurkitu dira. Orain dela 10.000 urte, gutxi gorabehera, arroza Yangzi ibaiaren ertzetan ereiten hasi ziren. Handik gutxira, Henan probintzian artatxikia ereiten zuten. K.a. 8. milurtekoan Ibai Horiaren ertzetan bizi zirenak sedentario bilakatu eta lehenengo herriak sortu ziren. Haietan, milurteko bat geroago, abeltzaintza hasi zen.
Ibai Horiaren kostaldean Shang dinastiaren aztarnak aurkitu dira, lehenengo txinatar kulturarenak. Dinastia hark K.a. XVII. mendetik K.a. XI. mende arte iraun zuen. Haren ondoren Zhou dinastiak hartu zuen boterea, K.a. XI. mendetik K.a. 256 urtera. Zhou dinastiaren garaian jaio ziren Konfuzio, Mentzio, Laozi eta Zhuangzi pentsalari eta filosofo handien ideiak.
Sima Qianek, bere memorietan, haien aurretik Xia dinastia bizi zela idatzi zuen. Baina ez da oso datu fidagarria, kontuan hartuta liburu hori 15 mende geroago idatzi zela (Xia dinastiak K.a. XXII. mendetik K.a. XVII. mende arte iraun zuela idatzi zuen).
Shang dinastiaren garaian, herrialde bat baino gehiago, hainbat hiriren sarea zen lurraldea. Lurralde haietan erregea errespetatzen zen, baina baziren beste hiri batzuk, Shang dinastia onartzen ez zutenak. Haietako bat izan zen Zhou hiria, Shang garaitu eta Zhou dinastia ezarri zuena.
Qin dinastia Txinaren batasuna aldarrikatu zuen lehenengoa izan zen. K.a. 221. urtean euren erregeak bere burua 皇帝 (huángdì) izendatu zuen, enperadore, baina inplikazio erlijiosoak ere bazituen. Modu horretan errege (王 wáng) izena albo batera utzi zen. Lehenengo Qin Enperadorearekin Txina batu, zentralizatu eta indartsua sortu zen. Neurriak eta pisuak batu ziren eta idazkera ere bateratu zen. Aurrekoen liburuak erre ziren, ez baitzetozen bat pentsaera berriarekin. Qin Shi Huangen heriotzaren ondoren, Ershi Huangdi semeak (Bigarren Enperadorea) hartu zuen boterea, K.a. 209an. Hala ere, presioak handiak ziren eta K.a. 206an Liu Bangek bere burua enperadore izendatu eta Han dinastiaren erregealdia hasi zen.
Han dinastiaren erregealdia bi ataletan bereizten da. Lehenengoak gortea mendebaldean zuen eta bigarrenak, presioak zirela eta, gortea ekialdera eraman zuen, Luoyang hirira. Bi epeen artean, Xin dinastiako Wang Mangek bere burua enperadore izendatu zuen eta konfuzianismoan oinarritutako estatu bat sortzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.
Onura ekonomiko eta kultural handiko epea izan zen. Zetaren bidea sortu zen eta Sima Qianek Txinako historia idatzi zuen. Xian enperadorea, Han dinastiako azkena, erresistentzia militarren eskuetan erori eta ezin izan zuen lortu militarrek boterea hartzea. Haren heriotzaren ondoren 192an estatu kolpe bat egin zuen Cao Caok, baina horrek Txina batzea ez zuen lortu.
Cao Caok Luoyangen zuen boterea txikia zen eta Liu Bei eta Sun Quan militarrekin liskarrak izan zituen. 206an Hegi Gorrietako Batailan, inperioa hirutan zatituta geratu zen. 220an Cao Pik hartu zuen boterea eta azken Han enperadorea garaitu eta Wei dinastia sortu zuen. 221an Liu Bei]]k bere burua Han dinastiaren ondorengoa izendatu zuen Chengdun, eta Shu estatua aldarrikatu. Sun Quanek Yangziaren inguruan Wu erreinua aldarrikatu zuen 222an eta 229an enperadore izendatu zuen bere burua. Modu horretan, hiru erreinu sortu ziren Txinan, bakoitzak Han dinastiaren ondorengoa zela zioela.
265tik 420ra Jin dinastiak berriro ere bildu zuen Txina osoa. 263an Weiren tropek Shu estatua konkistatu zuten, eta modu horretan hiru erreinuetatik bira igaro ziren. 265ean Sima Yanek, Sima Qianen ondorengoak, Wei enperadorea boteretik kendu eta Caoren familiaren boterearekin bukatu zuen, Jin dinastia ezarriz. 280an Jinek Wu erreinua konkistatu zuten eta beraz iraganeko Han inperio osoa biltzea lortu zuten.
304tik aurrera ezegonkortasun handia egon zen Txinako iparraldean eta berriro hautsi zen batasuna. Jin dinastiaren kortea Nanjingera mugitu zen eta bertan egon zen 420 urtea arte.
304tik 439ra Txinako iparraldea Jin dinastiaren kontroletik aldendu zen, eta hantxe hainbat tribuk euren erreinuak ezarri zituzten, hamasei guztira.
440an Tuoba herriak (txinatarra ez zen herri bat) iparraldeko hamasei erreinuak konkistatu zituen eta, berriro batuz, Iparraldean estatu bakarra sortu zuen. Halaxe, Txina bi erreinutan banatu zen, bata iparraldean eta bestea hegoaldean. Bakoitzean hainbat dinastia izan ziren gobernatzen urte gutxian.
581an Yang Jian iparraldeko Zhou dinastiako jeneralak boterea eskuratu eta Sui dinastia ezarri zuen. Zortzi urte geroago, 589an hauek hegoaldeko Chen dinastia garaitu eta iparraldea eta hegoaldea berbatu zuten.
Garai honetan Kanal Handia eta Txinako Harresia eraiki ziren. Budismoaren aldeko hautua egin zen.
604an Yang Guangek bere aita ordezkatu zuen, eta insurjentzia militarrak egon ziren. 617an Sui dinastiako bigarren enperadorea erail zuten eta Tang dinastia ezarri zen.
618an Li Yuanek boterea hartu zuen Gaozu enperadore moduan eta Tang dinastia ezarri. Haren semeetako batek 624an bere bi anaiak hil zituen Xuawuko atean; Chang'anen eta aitaren abdikazioa behartu ondoren, Taizong bigarren Tang enperadore bilakatu zen.
Aitaren eta semearen ohaide izan zen emakume batek botere handia hartu eta Zhongzong bere seme eta tronurako ondorengoa erditik kendu ondoren, Wu enperatriz izendatu zuten, Txinako historian izan den emakumezko goi agintari bakarra. Emakume hori Zhou dinastiako kide zen eta urte horietan bere dinastia berrezarri zuen. Hala ere, 705ean Zhongzongek bere ama tronutik kendu eta Tang dinastia berrezarri zuen. Horrek barne borrokak sortu zituen eta azkenean Tang dinastiako Xuanzong enperadoreak lortu zuen boterea.
Arazo horiek guztiak kontuan izanda ere, Txinako historiako garairik oparoena izan zen. Xinjiang probintzia erreinuari gehitzeak Txinaren tamaina sekula ez bezala emendatu zen, Qing dinastian lortu zuen tamainara iritsi ez bazen ere.
755an An Lushaneko matxinadak estatuaren boterea izugarri murriztu zuen. Haren eragina mendetan nabaritu zen eta uigur eta tibetar herriei eskubide batzuk eman behar izan zizkieten, Txinaren baliabideak gutxiagotuz.
X. mendean itzali zen dinastia. 904an Zhu Wenek Chang'an konkistatu zuen, 907an azken Tang enperadorea hil eta Liang dinastia aldarrikatu zuen.
Hurrengo urtean oso ezegonkorrak izan ziren Txinan, 907tik 960ra. Urte horiek Bost Dinastia eta Hamar Erreinuen garaia izenarekin ezagutzen dira. Iparraldean bost dinastiak agindu zuten garai horretan eta hegoaldean hamar erreinu sortu ziren.
960an Iparraldeko Zhou dinastiako Zhao Kuangyin militarrak Song dinastia sortu zuen Tang dinastiaren ondoren egon ziren 5 dinastien ondorengo moduan. Kaifengen ezarri zuen hiriburua eta hegoaldeko hainbat erreinu konkistatu zituen eta Txinak Tang dinastiarekin izan zuen boterearen parte bat berreskuratu. Merkataritza izugarri hasi zen eta diruaren erabilera normaldu. Dinastia honen agintean khitan, tangut eta jurchen herriek euren estatuak sortu zituzten iparraldean. Azken herri horrek 1127an Song dinastia hegoaldera mugiarazi zuen. Hiru herriok txinatarren dinastia eredua ezarri zutenez, txinatar historialarientzat dinastien zerrendatan agertzen dira.
1127tik 1279ra Hegoaldeko Song erreinua sortu zen, iparraldetik ihes egitean. Hiriburua Hangzhoun jarri zen. Inoiz ez zuten lortu iparraldea bereganatzea.
Txinaren batasuna 1279an gertatu zen, mongoliarrek bai iparraldea bai hegoaldea konkistatu eta batu zituztenean.
Mongoliarrak herri altaiko nomada ziren, baina munduan inoiz egon den lur-inperiorik handiena konkistatu zuten. Euren mugak Europa ziren mendebaldean, Iran hegoaldean eta Txina ekialdean.
Gengis Khanek Xiak konkistatu zituen eta bere semea Ogedei Khanek Jinak 1234an. 1271an Kublai Khan Yuan dinastia sortu zuen Pekinen. 1279an Song dinastia garaitu zuen guztiz. Garai horretan, Ibai Horiak sorturiko uholdeek eta izurriteek gosea eta gaixotasunak ekarri zituzten. Hori dela eta, ezegonkortasun handiko epea zabaldu zen.
Yuan dinastiaren garaian sortu zen ezegonkortasun sozialak Zhu Yunzhang errebeldeak boterea lortzea ekarri zuen eta 1369an Ming dinastia sortu zuen, hiriburutzat Nanjing hartuz. Haren semeak Pekinera eraman zuen gortea.
Yongleren garaian Txina munduko itsas potentziarik handiena izan zen: Zheng Hek Asia eta Afrika inguruan bidaiak egin zituen, baina kostu ekonomiko handiegiarekin.
Ming garaian paper moneta erabiltzeari uko egin zioten eta zilarra erabili zen berriro. Zilarra lortzeko negozio bideak ireki ziren Japoniarekin, eta XVI. mendetik aurrera, Portugalekin Macao hiriaren bitartez. Horiek zilarra Filipinetatik Amerikara bidaltzen zuten.
Qing dinastiak 1644tik 1911rarte agindu zuen Txinan. Mantxuriatik etorriak ziren eta horregatik euren hizkuntza ezarri zuten ofizial gisa. Taiwan, Tibet, Mongolia eta Xinjiang konkistatu zituzten.
Botere handia zuten baina matxinada handiak ere izan zituzten. 1851tik 1864ra Taiping matxinada izan zuten, milioika hildako eragin zituena. XIX. mendean Opioaren Gerrak egin zituzten Britainia Handiaren aurka, Hong Kong galduz.
1894 eta 1895an Korearen inguruko gaiengatik Lehen Txina-Japonia Gerra izan zen. Gerra honetan Korea eta Taiwan galdu zituen eta hauek Japoniaren esku geratu ziren. Galdu zutenez jendea altxatu eta errepublikaren aldeko aldarri handiagotu zen.
1911ko urriaren 10ean Wuchangeko altxamendua gertatu zen, Qing dinastiaren aurka. Horrek Xinhai Iraultza sortu zuen.[3] Puyi, azken Qing enperadorea, kargutik kendu zuten 1912an.
Sun Yat-sen iraultzaile txinatarra AEBtik etorri eta Txinako Errepublikako presidente izendatu zuten. Horrek Yuan Shikai Qing militarrarekin akordioa lortu eta bera izendatu zuten presidente berri. Bere anbizioak bultzatuta 1915ean bere burua enperadore izendatu zuen. Orduan Sun Yat-senek bere alderdi Kuomintang zuzentzeko berriro erbestetik itzuli zen. Guangzhou bere indarrak bildu eta bertatik Chiang Kai-shekek zuzendutako armadak Txinako zati handi bat konkistatu eta Nanjingen jarri zuten hiriburua.
Chiang Kai-shek Errepublikako presidente izendatu zuten. Hasieratik bi arazori aurre egin behar izan zion. Alde batetik, Txinako Alderdi Komunista eta estatu komunista bat sortzeko asmoa. Bestetik, Japoniak Txinarekiko zuen jarrera. 1931n Japoniak Mantxuria konkistatu zuen eta bertan Mantxukuo estatua sortu. 1937an Japoniak Txina inbaditu zuen.
1945an II. Mundu Gerra bukatu ostean Japoniak Asia kontinentalean zituen lurrak utzi zituen eta Txinak Mantxuria eta Taiwan bereganatu zituen. Hala ere 1947an komunistek berriro ere ekin zioten eta 1947an Gerra Zibila hasi zen. Komunistek irabazi eta Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuten; gauzak horrela, Txinako Errepublikako agintariek ihes egin eta Taiwanen finkatu ziren.
1949ko urriaren 1ean Mao Zedongek Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuen Tiananmeneko atean, Hiri Debekatuan.
Maok Txinan 1976an hil zen arte agindu zuen. Bere politikarik garrantzitsuenak Aurrerako jauzi Handia eta Iraultza Kulturala izan ziren.
Mao hiltzean Hua Guofengek ez zuen lortu boterean indartsu egotea eta Deng Xiaopingek hartu zuen azkenean gidaritza. Honek irekitze politiko eta ekonomikoa egin zuen eta Txina hazkuntza handiko garai batera sartu zuen. 1989an Tiananmenen bilduta zeuden ikasleen aurka jazarri ziren tankeekin.
Dengen ostean, Jiang Zeminek hartu zuen boterea eta 2004an Hu Jintaok hartu zituen kargu guztiak. 2014ko irailaren 17an, Ilham Tohti akademiakide uigurra epaitzen hasi ziren Xinjiangen. 2014 hasieran atxilotu, eta salaketa ofiziala egin zuen gobernuak. Zortzi laguneko talde «separatista» bateko buru izatea leporatu zion. Disidentziarako aukerarik ez zutela salatu zuten uigurrek[4].
Txinako Herri Errepublika 32 entitate administratibotan banatzen da: 22 probintzia (省 shěng) (23, Taiwan sartuz gero), 5 eskualde administratibo, 4 udal-probintzia eta bi eskualde berezi. Gehien dagoen eredua probintziarena da. Bost eskualde autonomoak (自治区 zìzhìqū) tibetar, uigur, mongol, hui eta zhuang herriei dagokie. Lau udal-probintziak (直辖市 zhíxiáshì) (Tianjin, Pekin, Chongqing eta Shanghai) eskualde metropolitarrak dira. Administraturiko Lurralde Bereziak (特别行政区 tèbié xíngzhèngqū) Hong Kong eta Macao dira, beren sistema ekonomiko eta judizial berezi, diru, Interneteko domeinu, telefono aurrizki eta banderekin. Txinako Herri Errepublikak Taiwan berea dela aldarrikatzen du, baina uhartea de facto independientea da eta Txinako Errepublika izena darabil. Munduko 24 herrialdek bakarrik onartzen dute Taiwan ez dela Txina, eta herrialde horiek ez dute Txinako Herri Errepublika estatu gisa onartzen.
Probintzia, lurralde autonomo eta udal-probintzia horiek 17 prefektura (地区 dìqū), 30 prefektura autonomo (自治州 zìzhìzhōu), prefektura mailako 283 hiri (地级市 dìjíshì) eta hiru ligatan (盟 méng) banatzen dira.
|
|
|
Txinako Herri Errepublikako boterea hiru adar nagusitan oinarritzen da: Alderdia eta haren menpeko Armada eta Estatua. Estatu burua Txinako Herri Errepublikako presidentea da eta, aldi berean, Alderdiaren burua, idazkari orokorra baita. Askapenerako Herri Armadako burua (hau da, Txinako gudarosteko burua) izatearekin batera, Batzorde Militar Zentraleko Presidente ere bada. Gaur egun hiru karguok pertsona bakarrak betetzen ditu, Xi Jinping, aurretik zegoen Hu Jintaorekin gertatu bezala. Pertsona berak hiru karguak edukitzea aurreko urteetan egon ziren hiru buruzagien arteko borrokak ekiditeko egin ohi da. Horren aurrekari bat 1960ko hamarkadan gertatu zen Mao Zedong alderdiburuak Liu Shaoqi estatuburua kargutik aldendu zuenean gertatu zen, eta horrek Txina 1980ra arte estatubururik gabe utzi zuen.
Presidentearen azpian Txinako Herri Errepublikako Estatu Kontseilua dago, Gobernu organoa. Gobernu horren burua lehen ministroa da, gaur egun Li Keqiang. Horrek duen ministro taldea aldakorra da eta gaur egun lau lehen ministro orde daude. Presidenteak eta Estatu Kontseiluak botere betearazlea osatzen dute.
Botere legegilea 3.000 delegatu urtean behin biltzen dituen Txinako Herri Errepublikako Nazio Herri Batzarrak osatzen du. Horren tamaina dela eta, eta kideak 5 urtez aukeratzen direnez, 150 kidek osatutako lantalde batek haren iraunkorra osatzen du.
Txinan ez dago botere judizial independenterik eta Alderdiaren esku dago. 1970eko hamarkadatik aurrera hainbat saiakera egin dira Europako sistema judizialean oinarritutako sistema bat eratzen, baina saiakerak antzuak izan dira. Hong Kong eta Macao beren sistemak dituzte, Britainia Handiko eta Portugalgo sistemetan oinarrituta, hurrenez hurren.
Txinako Alderdi Komunistaz gain beste 8 alderdi badira, baina Alderdi Komunistaren autoritatea onartu behar dute eta beraz, sinbolikoak dira. Paper kontsultiboa ematen zaie. 1980tik aurrera herrietako buruak hauteskundeen bitartez aukeratzen dira eta azken urteetan, hirietako auzoetan ere bai. Barruti bakoitzean Alderdi Komunistako ordezkariak ere hauteskunde bitartez aukeratzen dira. Hong Kong eta Macaok hauteskunde legegileak dituzte, baina kideen heren bat aukeratzeko bakarrik.
Txinako Gerra Zibila bukatuta Herri Errepublikako gobernuak izaera sozialistako hainbat aldaketa egiten hasi ziren, enpresa pribatuen nazionalizazioa eta nekazaritzaren kolektibizazioa kasu. 1953 eta 1957 artean Sobietar Batasunaren laguntzaz Bost Urteko Lehen Plana garatu zuten.
Honen ostean Mao Zedongek beste bide bati ekin zion, industrializazioa handitzeko. Aurrerako Jausi Handia moduan ezagutzen den politika egin zuen, baina ez zuen ezer lortu eta 1958an bertan atzera egin zuten. Aldentze honek, gainera, SESBekin zituen harremanak tenkatzea ekarri zuen eta Iraultza Kulturala abiatu zen, alderdiaren barruan zeuden disidentziarekin amaituz.
Maoren heriotzarekin bere jarraitzaileak kartzelaratu zituzten eta Deng Xiaopingek hartu zuen boterea, maoismoaren oinarriak alde batera utziz. Estatuak planifikatzen jarraitzen bazuen ere enpresa pribatuen sorrera baimendu zen, eta atzerriko dirua onartzen hasi ziren. Hazkuntza ekonomikoa handia izan zen 1980ko hamarkadan. 1992an hegoaldean zegoen hazkuntza ekonomikoaren alde egin zuen Alderdiak eta urte horretan %14,2 hasi zen ekonomia. Hurrengo urteetan %10a inguru hazten jarraitu zuen.
Txinako munduko elektratresna eta oihalgintza sortzaile handiena da, batez ere langileen soldata baxuak direla eta. Gaur egun munduan sortzen diren ondasunen %25a Txinan egin dira. 2004tik aurrera Europar Batasuna da Txinaren aliatu komertzial handiena. Hala ere hazkuntza honek barnealdeko eskualdeen eta kostaldeko eskualdeen arteko desoreka sortu du.
2006an Txinak Italia gainditu zuen Barne Produktu Gordinaren estatistikan estatistikak birkalkulatzean eta 2005eko hazkuntza kontutan hartzean Erresuma Batua eta Frantzia ere gainditu zituen munduko laugarren potentzian bilakatuz. Gaur egun 2.228.862.000.000 dolar da bere BPGa.
Nazio Batuen estimazioen arabera, 2024ko urtarrilean 1.435.229.000 pertsona bizi dira Txinako Herri Errepublikan.[2] 2023. urteraino Txina izan da munduko estaturik jendetsuena, baina urte hartako apirilean Indiak aurrea hartu zion, eta Txina bigarren postura igaro da biztanle kopurutan.[5] Txinako Herri Errepublikak bere burua multi-etnikotzat du, nahiz eta %91 han etniakoak diren.[6] Mendebaldean beste herri batzuk ugariagoak dira. Txinako Herri Errepublikak bere burua multi-etnikotzat du, nahiz eta %91 han etniakoak diren.[6] Mendebaldean beste herri batzuk ugariagoak dira.
Txinako populazioaren gorakada mugatzeko gobernuak haur bakarraren politika izan zuen indarrean 1979 eta 2015 urteen artean. Politika horrek hirietako familiak haur bakarra izatera derrigortzen zituen; herriguneetan bi izan zitzaketen, baldin eta lehena emakumezkoa bazen. Halakorik gertatzen zenean, emakume askok abortua egiten zuten bigarrena gizonezkoa izateko, ekonomiaren aldetik hobea zelakoan. Hori zela eta, Txinan 100 emakumeri 199 gizonezko proportzioa zegozkion jaiotzeetan. Desoreka hori saihesteko, neurriak hartu zituen Txinako gobernuak. Alde batetik, sexua aurrez jakiteko teknikak mugatu egin zituzten, eta bestetik, diru-laguntzak eman zizkieten bi neska zituzten familiei.
Politika horrek kritika handiak jaso zituen, baina baita txalo ugari ere. NBEk populazioa 200 milioi pertsonatan jaitsi zela kalkulatu zuen. Presiopean, 2013an ume bakarraren politika eraldatu zen; guraso bat seme edo alaba bakarra bazen, bi seme izan zitekeen. Azkenean, 2015ean, haur bakarraren politika bertan behera geratu zen; baina lehen zegoen bi semeko muga mantendu zen[7].
XXI. mendearen lehen bi hamarkadetan, Txinako populazioa 8-10 milioi biztanletan handitu izan da urtero. 2020ko hamarkadan, ordea, populazio hazkunde hori eten egin da. NBEren aurreikuspenen arabera, hurrengo urteetan Txinako biztanleriak behera egingo du zertxobait, eta 2050. urtean 1.317 milioi biztanle ingurukoa izango da, gaur egun baino gutxiago.[2]
Txinak ofizialki 56 etnia ezberdin aitortzen ditu bere herrialdearen barnean. Horietatik handiena Han etnia da, baina badira beste asko populazio handikoak, nahiz eta portzentaje txikian. Hauek dira 10 talde etniko handienak:
Txinako hizkuntza nagusia txinera (汉语/漢語, Pinyin: Hànyǔ, 华语/華語, Huáyǔ edo 中文, Zhōngwén) da. Txinako Herri-Errepublikan eta Txinako Errepublikan (Taiwanen) ofiziala da, eta 1.300 milioi hiztun baino gehiago ditu. Sino-tibetar familiakoa da. Munduan hiztun gehien dituen hizkuntza da.
Txinera estandarra putonghua da, «herriaren mintzaira». Mandarin dialekto multzoaren Pekineko ahoskeran du oinarria. Dialektoen arteko aldea hain da nabarmena, batzuek hizkuntzak bereizitzat hartzen dituzte. Hizkuntza erromanikoen arteko aldearekin konparatu ohi da.
Txineraz gain, nazio gutxituen hizkuntza batzuek nolabaiteko babesa edo ofizialtasuna jasotzen dute. Aipagarrienak tibetera, zhuangera eta hmong hizkuntzak dira sino-tibetar familian. Indoeuropar familian, errusiera eta tajikera daude eta koreera hizkuntza isolatua salbu, Txinako beste hizkuntzak familia altaitarrean, familia austroasiarrean, tai-kadai familian eta familia austronesiarrean kokatzen dira.
Kolonizazio europarraren ondorioz, Macaun portugesa ere ofiziala da eta Hong Kongen, ingelesa.
Txinera estandarra da munduan hiztun gehien dituen hizkuntza eta Txinako hizkuntza ofiziala. Bertan zhōngwén izena hartzen du baina badira beste izendapen batzuk. Txinako Herri Errepublikan hànyǔ (漢語 / 汉语, «Han herriaren hizkuntza») izena hartzen du. Hizkuntza batuari pǔtonghuà (普通話 / 普通话, «hizkera komuna») deitzen zaio Txinako Herri Errepublikan guóyǔ (國語 / 国语, «nazio hizkuntza») Taiwanek kudeatutako Txinako Errepublikan. huáyǔ (華語 / 华语, «txinera») izenez ere ezagutzen da, batez ere Singapur, Malaysia eta Asiako hego-ekialdean. Euskaraz hizkuntza ofizial estandarrari txinera dei dakioke, baina askotan mandarinera erabiltzen da, baina hitz hori tentuz erabili behar da, eskualdez eskualde mintzatutako dialektoak ezberdinak izan arren, mandarinera izena hartzen baitute. Hizkuntzalari batzuen arabera, eskualdeetan hitz egiten den txinerak desberdintasun handiak ditu, hizkuntza erromantzeek dituztenen gisakoak.
Txinako gehiengoak bere burua ez-erlijiosotzat du, % 59, hau da, 767 milioi biztanle. Hala ere erlijioak paper garrantzitsu bat jokatzen du euren bizitzatan, batez ere Konfuzianismo eta Taoismoak. Populazioaren % 33aren sineskerak nahiko nahasiak dira eta "Sineskera Tradizionala" izenarekin klasifikatu ohi dira.
Sineskera Tradizionala izenarekin arbasoen gurtza, budismoa eta taoismoa nahasten dituen herri sineskera ezagutzen da. Gainera neolitikotik datorren animalien gurtza eta eguzkia, ilargia, zerua eta hainbat izarren gurtza ere egiten da. Beste erlijioekin nahasten da eta askotan ez ditu muga zehatzak. Hala ere 850 milioi jarraitzaile ditu. Mitologia atalean hainbat jainko azaltzen dira.
Populazioaren % 6a Budista da eta horren barruan batez ere Mahayana Budismoa (大乘) eta bere azpian dauden Lur Puroa (净土宗) eta Zen (禅宗) dira praktikatuenak. Gutxi gora behera 100 milioi budista daude eta beraz antolatutako erlijiorik zabalduena da. Theravada Budismoa eta Tibetar Budismoa ere praktikatzen dira, baina oso loturik daude gutxiengo etnikoekin. Huien artean 20 milioi musulman daude eta gainera 15 milioi protestante eta 5 milioi katoliko.
Falun Gong, 1990eko hamarkadan garatutako pentsaera bat Gobernuak satanizatu zuen, baina Falun Gongek ez da berez erlijioa bere jarraitzaileentzat, baizik eta praktika espiritual bat. Gaur egun 70 eta 100 milioi jarraitzaile artean dituela uste da, baina ez dago oso argi eta txinatarren jarrera orokorrean txarra da erlijio honekiko.
Azken urteetan Feng shuiaren praktika munduan zehar hedatu da. Feng shuia erlijio bat baino etxeko gauzak ordenatzeko teknika bat da. Yin eta yangarekin lotuta dago eta harmonia aurkitzea du helburu. Teknika hauek Tang dinastiaren garaian hedatu ziren, VII. mendetik X. mendera.
Txinatar mitologia berezia eta oso antzinakoa da. Jainko ugarikoa da eta indoeuropar eta japoniarren eragina du. Han dinastian idatzitako testuetan oinarritzen da gaur egungo ezaguera mitologikoa, baina honek ez ditu 2.000 urte baino gehiago eta beraz antzinako filosofiaren berrirakurketa bat dela uste da. Idazki hauetan jainkoak erregetan bilakatu ziren eta puntu kardinalak jainkoetan.
Txinatar mitologian honakoak dira pertsonaiarik garrantzitsuenak:
Horretaz gain badira beste hainbat animalia mitologiko, dragoia kasu. Txinatar mitologian dragoi ezberdinak daude gai ezberdinei lotuak. Fenghuanga txinatar fenixa da, Qilin jirafa bat da eta Kun arrain bat.
Txinako arteak bi kontzeptu ezberdin barnebiltzen ditu. Alde batetik kaligrafia artetzat dute, eta beraz estetika oso loturik dago kaligrafiak berak adierazi nahi duen hitzarekin. Bestalde zein materialetan egina dagoen ere garrantzi handia du. Horregatik brontzea, jadea, zeramika eta terrakota erabiltzen dira artelanak egiteko, hala nola egunero erabiltzen diren beste material batzuk (lakak, zeta, egurra...).
Garrantzi handia dute Ming dinastiako zeramikek eta bertan egiten diren marrazkiak. Hainbat dinastien garaian ere eskultura garrantzitsuak egin dira eta arkitekturak ere garrantzi handia izan du hainbat eraikinetan, Hiri Debekatua kasu.
Antzinako familia txinatarrak oso oparoak izaten ziren, kide ugariz osatutakoak. Teilatupe berean aitona-amonak, gurasoak, seme-alabak eta baita ilobak ere bizi ohi ziren. Semeek, gainera, ezkondu eta gero, gurasoen etxean bizitzen jarraitzen zuten. Horrela, etxe berean lauzpabost belaunaldi biltzen ziren, antolaketa patriarkal zorrotz baten menpe beti, aitarekiko errespetuan oinarrituta. Beraz, familia-buruak izaten zuen beti familian barruan sortzen ziren gatazketan erabateko erabaki-ahalmena, baita arlo ekonomikoan ere, eta, alderantziz, gazteenek ez zuten deliberazio edo ebazte-aukerarik izaten. Hala, familiako gizonezko zaharrenari zegokion agintaritza gorena eta haren menpean geratzen ziren etxe horretan bizitzen ziren gainontzeko guztiak.
Neskak, ezkondu ondoren, etxetik atera eta senarraren familia berriaren kide bihurtzen ziren eta, horregatik, mutilek baino balio gutxiago izaten zuten sortze-familientzat. Ondorioz, landa-ingurunetan bereziki, gehienetan ez zituzten eskolaratzen. Etxe oneko neskek aukera gehiago izaten zuten eta etxean bertan ikasteko aukeraz aprobetxatzen ziren.
Irakaskuntza alorrean berriz, Antzinako Txinak, oro har, hiru maila izaten zituen:
Aisiari dagokionez berriz, haur txinatarrek, munduko gainontzeko lekuetakoek bezala, jolasteko grina handia erakusten zuten. Bazituzten aktibitate fisikoari lotutako jokoak: gure oilo-itsuaren antzekoa, korrika-lehiak… Oso ohikoa izaten zen herensuge baten irudikapena egitea eta, norbaitek harat-honat zebilkiela, gainontzeko haurrek haren isatsaren muturra harrapatzen saiatzea. Nonahi zabalduta zegoen, baita ere, cuju izeneko jokoa (cu: «ostikoa», ju: «pilota»), gure gaurko futbolaren antzekoa zena.
Bazituzten, noski, joko lasaiagoak ere: xakea, dominoa… Azpimarratu behar da Go izeneko estrategia-joko korapilatsua bezain herrikoia, tablero baten gainean pasatzen dena eta bi partaideren artean jokatzen dena.
Txina gaur egun potentzia handi bat da hainbat kiroletan eta bereziki ping-pong, badminton eta boleibolean. Xakea, Go eta Xiangqi jokoek jokalari ugari dituzte eta norgehiagokak antolatzen dira.
Txinak guztira Joko Olinpikoetan 278 domina irabazi ditu 1984tik.
Barne Mongolian eta Tibeten zaldiekin harremanetan dauden herri-kirolak jokatzen dira.
Azken urteotan txirrindularitza ospea hartzen ari da. 1995. urtean Txinako Tourra jaio zen, baina Qinghay Lakuko Tourra garrantzi handiagoko lasterketa da. Hau, munduko laugarren Itzuli luzeena da.
Txinak 38 leku izendatu ditu, eta munduko hirugarren postuan aurkitzen da, Italia eta Espainiaren atzetik (44 eta 41, hurrenez hurren).
Txinara joateko pasaportea eta bisa behar dira. Txinako dirua, yuana (renminbi) ezin da Europan erosi, baina hoteletan eta Txinako Bankuan aldatzen dute. Yuana ezin da Txinatik atera, eta atzerako trukea egiteko lehen trukearen ziurtagiria eskatzen dute, Txinako Bankuaren zigiluarekin.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.