From Wikipedia, the free encyclopedia
Sukar erreumatikoa hanturazko gaixotasun akutua da, A taldeko estreptokoko baten infekzioaren ondorioz agertzen dena, baina jatorri autoimmunea duena. Ume eta gazteengan agertu ohi da, faringitis edo amigdalitis bat izan eta 3 edo 4 aste geroago. Artikulazioak eta bihotza kaltetu ohi ditu, artritis eta perikarditis (edo miokarditis) eraginez.
Sukar erreumatiko | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | gaixotasun bakterianoa eritasuna |
Espezialitatea | Kardiologia |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | penicillin g benzathine (en) eta Azido azetilsaliziliko |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | I00-I02, I00, I01.0, I01.8, I01.2, I01.1 eta I01.9 |
GNS-9-MK | 390-392.99 eta 390 |
DiseasesDB | 11487 |
MedlinePlus | 003940 |
eMedicine | 003940 |
MeSH | D012213 |
Disease Ontology ID | DOID:1586 |
Sukar erreumatikoa Streptococcus pyogenes bakterioak sortutako infekzio baten ondorio berantiartzat jo daiteke. Tratatu gabeko eztarriko infekzioek arrisku handiagoa dute sukar erreumatikoa eragiteko. Faringitis eta amigdalitis guztiak, beraz, egoki tratatu behar dira ondorio berantiar gaiztoak ekiditeko.
Gaitza askoz ugariagoa da garapen bideetan dauden herrialdeetan Europan edo Ipar Amerikan baino.
Sukar erreumatikoaren atzean immunitate-sistemaren funtzionamendu okerra dago. Streptococcus pyogenes-ek infekzioa sortzen duenean, gaixoaren organismoak bakterio horren aurkako antigorputzak ekoizteari ekiten dio. Ustez, bakterioaren antigeno eta ostalariaren ehunetako antigenoen artean antzekotasun molekular handia dago. Mimetismo antigeniko horren ondorioz gaixoaren antigorputzek mikrobio patogenoari ez ezik, gaixo beraren ehunetako zelulei ere eraso egiten diete, ehunak suntsituz (ehun konektiboa, batez ere).
Gaitza 5 eta 15 urte bitarteko umei eragiten die batik bat. Ume eta gazteen kardiopatien atzean dagoen eragile nagusia da sukar erreumatikoa.
Faringoamigdalitis izan eta 3 edo 4 aste geroago sukar erreumatikoaren zantzuak agertzen dira: artritisa (artikulazioen mina eta hantura), sukarra, astenia, bihotzeko kalteak (perikarditis, miokarditis edo endokarditis agertuz), nerbio-sistemaren asaldurak, eritema (orban gorriak larruazalean)...
Artritisa eta sukarra ohiko sintomak dira. Gaixoen erdiak baino gehiagok ere bihotzeko kalteak dituzte. Eritema kasuen %20an besterik ez da agertzen.
Estreptokoko eragilea akabatzeko gehien erabiltzen den antibiotikoa penizilina da. Penizilinari alergia diotenei eritromizina eman ohi zaie.
Artritisari eta bihotzeko kaltei aurre egiteko antiinflamatorioak (hanturaren aurkako botikak) eta kortikoideak erabiltzen dira. Azken hauek gaixoaren erantzun immunea ere kontrolatzen dute.
Agerraldiak 2 edo 3 hilabete irauten du, artritisa eta bihotzeko kalteak desagertu arte. Denbora tarte horretan gaixoak atsedena hartu behar du.
Sukar erreumatikoa behin harrapatu duenak %50eko probabilitatea dauka berriz harrapatzeko estreptokokoak eragindako faringitis berri bat hartuz gero. Hori dela eta, pertsona horiek tratamendu profilaktikoa jarraitu ohi dute urte luzeetan (penizilina hartuz hilean behin, esaterako)
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.