euskal idazlea From Wikipedia, the free encyclopedia
Sorne Unzueta Landeta (Bilbo, Bizkaia, 1900eko azaroaren 27a – Urduliz, Bizkaia, 2005eko urtarrilaren 13a), Utarsus ezizenez ezaguna, irakaslea eta euskal idazlea izan zen. Poesia idatzi zuen batik bat.[1]
Sorne Unzueta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Primitiva Sabina Concepción Unzueta Landeta |
Jaiotza | Bilbo, 1900eko azaroaren 27a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Urduliz, 2005eko urtarrilaren 13a (104 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea eta irakaslea |
Kidetza | Emakume Abertzale Batza Eusko Ikastola Batza |
Mugimendua | Euskal Pizkundea |
Izengoitia(k) | Utarsus |
Abando auzoan jaio zen.[2] Gurasoak, Magdalena Landeta Ituarte eta Benigno Unzueta Uribarri, Igorre eta Gernikakoak ziren[3], baina gaztelania zen etxeko hizkuntza.[2] Abenduaren 8an bataiatu zuten San Bizente parrokian eta Primitiva Sabina Concepción izena jarri zioten[4] eta familian Concha deitzen zioten.[2][3] Marzana kaleko 10. zenbakian bizi ziren.[3]
Lehen mailako ikasketak Atxuriko eskolan egin zituen.[3] Hamasei urterekin hasi zen euskara ikasten eta Sorne izena erabiltzen. Bere euskara irakaslea Ebaristo Bustintza “Kirikiño” idazlea izan zen eta haren ezaugarriak antzeman dira Utarsusen ipuin eta iritzi-artikuluetan.[5] Bilboko Irakasleen Goi Eskola Normalean ikasi eta maistra titulua lortuta, 1920tik aurrera auzo-eskoletan aritu zen: Errigoitin, Plentzian, Lemoan, Berangon... Orduko joera orokorraren kontra eginez, ikasleei euskaraz irakasten zien.[3][5] Bizkaiko Euzko Ikastola Batzako kidea zen.[2][6]
1925ean, Gregorio Erraztirekin (1901-1953) ezkondu zen. Ezkondutakoan, Lemoara joan zen bizitzera eta han hiru seme-alaba izan zituzten, Andone, Jon Ander eta jaiotzean hil zen Iñaki. Gerora, Bedia, Berango eta Algorta izan ziren familiaren bizitoki, non azken bi alaba izan zituen, Gotzontze eta Sorne.[2]
1930. urtean hasi ziren argitaratzen bere poemak aldizkarietan, garaian ohikoa zen bezala, ezizenez sinatuta. Kasu honetan, izen-abizenetik hartua zuen: U(nzueta) tar S(orne), non alfabetoko 'S' 'usus' gisa izendatzen zen (aranismoa). Ezizena zela eta, batzuetan gizon batekin nahastu eta el patriota Utarsus bezala aipatu zuten.[7] 1932 urtean, hizlari gisa nabarmentzen zen, emakumezkoen bozka eskubidea zela eta horren ingurura abertzaleek antolatutako mitin politikoetan. Gerra garaian eta ondoren isildu zen bere ahots literarioa.[2]
1937an Goizeko izarra ontzian erbesteratu zen lau ume txikiekin Bordelera. Kanbon ere bizi izan zen garai horretan. Familia berriz bildu zen handik bi urtera eta Bigarren Mundu gerra garaian, Lurdan Errazti senar-emazteak erresistentzian ibili ziren, 1941-1944 urteen artean, bizimodua Frantzian aurrera atera bitartean ahal zen moduan. 1942an azken semea izan zuten, Xabier.[2][3] 1945eko urtarrilean Parisera joan, eta han Leizaolak deitu zion gizonari Euzkadiko Gobernuaren ordezkaritza horretan lan egiteko[1] eta ordezkaritzak zeukan etxeko atezainaren esparruan bizitoki hartu zuen familia osoak.[8]. Parisen 1951 urtera arte bizi izan zen sendia han Eusko Jaurlaritzak zeukan ordezkaritzan lanean, itxi zen arte. Horrez gain, Me voy contigo gaztelaniazko nobela idatzi zuen Parisen, orain arte argitaratu gabe dagoena.[2]
Senarra gaixotatutakoan, Euskal Herrira itzuli zen familia. Alargunduta, sendiaren laguntzaz, frantses irakasle gisa bizimodua atera zuen seme-alabekin.[2][3] 1977 urtera arte ez zuen berriz ezer argitaratu. Ordutik aurrera, 1990era arte Zer aldizkarian hasi zen olerkiak argitaratzen berriz.[2]
2005eko urtarrilaren 13an zendu zen[9], XIX. mendeko azken urtean jaiotako irakasle-idazle hau.
2018an Espainiako Liburutegi Nazionalak bere testu hautaketa bat sartu zuen "Emakume iraultzaile eta transgresoreak" izeneko ekimenean, Emakume idazleen eguna ospatzeko.[10]
2007an Sorne Unzueta izena jarri zioten Getxoko kale bati.[11]
Artikuluak, ipuinak eta batik bat poemak idatzi zituen. Bere idazlanen gai nagusiak aberria, fedea eta emakumearen patua dira. Giza esperientzien eta naturaren irudien paralelismoa erabili zuen askotan.[2]
Bizkaitarra, Euzkerea, Aberri-Eguna, Jagi-Jagi, Euzko-gogoa eta Euzko-Deya aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak, besteak beste.[2][12]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.