San Gregorio Ostiakoaren basilika
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
San Gregorio Ostiakoaren basilika Nafarroa Garaiko Sorlada udalerrian dagoen basilika da, mendixka baten gainean. Gregorio Ostiakoaren erlikiak gordetzen dituen eliza da. Nafarroako barrokoan eraikin garrantzitsua, dekorazio handikoa da, sarrera monumental batekin. 1044an Logroñon hil zen Ostiako kardinal santuaren hilobia XIII. mendean aurkitu zutenean erromes leku bihurtuz joan zen erromaniko aurreko antzinako ermitaren ordezkoa da. Oraingo eraikina laurogei urteko lanaren emaitza da, orain daukan rokoko itxura emanaz hasi 1694an eta 1771ean bukatu zena. Bere alderdirik garrantzizkoenak: ataria, dorrea, eta bere gelatxoa duen burualdea dira[1].
San Gregorio Ostiakoaren basilika | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Sorlada |
Koordenatuak | 42°36′40″N 2°12′59″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | XIII. mendea |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Iruñea eta Tuterako artxidiozesia |
Izena | Gregorio Ostiakoa |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura barrokoa |
Ondarea | |
Gaur egun herri txiki bateko eliza bat bada ere, XVI. eta XVIII. mendeen artean Nafarroako zentro sozial eta erlijiosorik garrantzitsuenetako bat izan zen; izan ere, santuak landak eta uzta zaintzen zituen, bere burutik pasatako ur bedeinkatuaren bidez. Espainiako gune askotatik ere erromesaldiak egiten ziren ur hori jaso eta lurrak bedeinkatzeko. Nafarroako herri askotan Gregorio Ostiakoaren omenezko jaiak antolatu izan dira, uztak salbatzea eskertzeko[2].
Tradizioaren arabera, San Gregorio Ostiakoaren basilika Gregorio Ostiakoaren gorpua asto batek hartu zuen eta puntu honetaraino eraman zuen. Hala ere, bi mendez santuaren memoria galdu zen. XIII. mendean Iruñeko Petri Semenoitz Gatzolatzekoa eta Baionako Antso Axkokoa apezpikuek argi batzuk ikusi zituzten zeruan, mirari gisa izendatu zutenak, eta gorpua aurkitu zuten Sorladako mendi honetan. Bertan erabaki zen, beraz, eliza bat eraikitzea[3].
Lehenengo eliza erromanikoa izango zen, baina XVII. mendearen eta hurrengo mende osoan zehar eraberritu zen, gaur egun ikusten dugun itxura hartzeraino[3].
Ataria egin zuen Bizente Lopez Friasek, Nafarroako hainbat elizatan egin zituen igeltsuzko apainketa-lanak medio, ospea hartu zuen Lizarrako arkitektoak berak. Gertu dagoen Vianako Andre Madriaren elizan inspiratu nahi izan zuen. Bere ereduaren arabera, exedra erako ataria du eta esfera-laurdenean amaitua. Hormaren ahurtasuna, hegal handiz elkartutako eta azpil eran zabaldutako bi solairutako erretaula dela ulertu zuen, zeinetan Vianako euskarri klasikoak, bere kiribiletan bildutako lore‑uztaiak dituzten zortzi zutabe salomondarrez ordezkatu ziren: beheko solairuaren alde bakoitzean hiruna, mentsula sendoetako frisoetan ezarriak, eta beste biak zaindari santuaren irudiaren horma-hobia uztaitzen dutela. Bertan daude Petriren eta Pauloren eskulturak[4]. Txartelak, armarriak eta irudiak betetzen dituzte barruti guztiak, landare gaiak nonahi direla[5].
Dorreak, atariaren ondoren eraikia izan behar du, 1718 inguruan, Joan Larrearen eta Lucas de Menaren ardurapean[3]. Hargin-lan bikaineko erakina da, barroko neurritsu erakoa, txikiagotuz doan oinplano gainean hiru gorputzez osatua, eta, hiru ordena klasikoen arabera, angeluetan diseinaturiko pilastrak itsatsiak dituena[5].
Ate nagusiaren aurrean ostatu bat eraiki zen XVIII. mendearen hasieran. Erreforma asko jasan ditu geroztik. Aurrean osatzen den plazaren mendebaldean guruztoki txiki bat dago. Bertan aldare txiki bat dago, santuaren burua jartzeko lekua zuena kanpoan bedeinkazioak egiten zirenean. Kanpandorrea bezala, 1718 inguruan eraiki zen. [6]
Harlanduzko harrizko eraikina da, gurutze latindar formako oinplanokoa, lau ataleko habeartea eta gurutzadura trebolatua ditu, besoak eta abside erdizirkularra barnealdean eta poligonalak kanpoaldean. Habeartean, oinaldean goi-korua duela, ordena konposatuko pilastrak daude, kanoi erdiko gangaz estalia. Gurutzadura, berriz, esfera-laurdeneko kupulaz estalitako hiru exedren bidez egituratzen da, petxina eta danbor oktogonalaren gaineko kupula bati bide ematen diotenak, kanpoaldera adreiluzko gorputz bat bihurtuz[7]. Burualdea eta gurutzea, Anaia Jose San Juan de la Cruz zeritzanaren trazari jarraikiz eraiki zen, egitura hirugingildun eman zion esfera-laurdenekoekin, multzo osoa, danbor airoso baten gainean kupula oktagonal eder batez erdiratu eta koroaturik[5]. Obra hauek 1758 eta 1764 artean egin ziren, eta Nafarroako ikusgarrienen artean daude; harginak Miguel eta Juan Jose Albeniz izan ziren eta igeltseroa Juan Jose Murga[3].
Danborrak leihate handiak ditu, argia sartzeko aukera ematen dutenak, elizako nabearen ilunpe handienarekin kontrastean. Absidetik, eta erretaula nagusiaren alboetan dauden bi ateetatik, ganbaratxora pasatzen da. Ganbaratxoa oinplano angeluzuzenekoa da, eta petxinen gaineko kupula eliptikoa eta ordena konposatuko pilastren bidez artikulatutako hormak ditu. Sakristia, habeartearen iparraldeko besoaz eta gurutzaduraz osatutako angeluan kokatua, soiltasun handiko espazio angeluzuzena da, ilargixkak dituen kanoi erdiko gangaz estalia[7].
Barnealdearen lehen dekorazioan igeltsozko apaindurak egin zituzten Juan Antonio Jimemezek eta Juan Angel Nagusiak, baina gaur egun bobeda neoklasikoak horiek estaltzen ditu[3]. 1831ean fresko neoklasikoak egin ziren jatorrizkoen gainetik. Honela, elizaren barnean barrokoak, rokokoak eta neoklasizismoak badute lekua[3]. Bobedan apostoluak, ebanjelariak, Elizaren Aitak eta doktoreak daude. Hainbat santuren artean, San Zernin, San Fermin eta San Nikolas ere ikus daitezke[8].
Gurutzaduran, halaber, Silvestre Soriak 1769an egindako eta Santiago Zuazok data berean urreztatutako hiru erretaulaz osatutako multzo garrantzitsu bat dago. Erretaula nagusia konplexuagoa da alboetakoekiko, eta ganbaratxora sartzeko ate bana du. Santua, erretaula honen buru da, eta bertan gordetzen da buruaren erlikia. Santo Domingo de la Calzada eta San Juan de Ortega, alboetan, San Joakim eta San Isidro Nekazaria daude, guztiak Roberto Michel eskultoreak 1768an eginak[9].
Gurutzadurako ostikoetan Miguel Barrera iruindarrak 1777an egindako burdinazko pulpituak daude; tornabarrak, berriz, Sebastián Sáez de Larramendik eta haren urreztatuak Santos de Torresi eginak dira, eta habeartean San Gregorioren bizitzari buruzko XIX. mendeko zazpi mihise daude.
San Gregorio Ostiakoaren buruko erlikia-ontziak eredu antropomorfoari erantzuten dio, busto formakoa. Lizarrako Jose Ventura zilargileak landu zuen 1727 eta 1728 artean, eta lan horrengatik 1.081 erreal ordaindu zitzaizkion 1729an. Aurpegi errealista bat irudikatzen du, zimurrekin eta bizarrarekin[10]. Lehenago existitzen zen beste buru baten ordezkoa da, jada 1511n aipatzen baita[11][12].
Buruak zulo bana ditu goialdean eta lepoaren behealdean, bedeinkatu beharreko ura bertatik igaro ahal izateko. Barruan gordetzen diren erlikien artean, barailaren hezur bat, saihets-hezur bat eta bizkarrezurraren zati bat aipatu behar dira, kutxatilatik zetozenak, 1773an Joakin Larrainzar Lizarrako Puyko Andre Mariaren basilikako abade eta prioreak jarriak. San Gregorioren bustoa, solemnitate handiarekin, kutxatilaren goialdeari lotzen zaio[10].
Kutxatila hori 1601 eta gero egin zen, Mateo de Burgos Iruñeko apezpikuak urte horretako azaroaren 7an eskatu baitzuen Gregorioren hezurrak gordetzeko kutxatila bat egitea. Uste da Martin eta Agustin Agorretakoa zilargileen lana dela, eta 1610eko maiatzaren 9an entregatu zutela. Lau hanka dituen laukizuzen bat da, egituraz platereskoa. Erlikarioak hainbat irudi ditu bere inguruan[13].
Buruak gurtza handia izan zuen XVIII. mende inguruan. Nafarroako herri askotan XVI. mendetik aurrera jaiak antolatu dira buruaren omenez, tartean Iruñean edo Erriberako Corellan. 1756an Fernando VI.a Espainiakoak eskatu zuen buruak bidaia bat egin zezala, landareek pairatzen zuten izurritea gelditzeko. Urte horretan Valentzia, Orihuela, Murtzia, Andaluzia eta Extremaduran zehar bidaia egin zuen[2][11]. Hortik dator "San Gregorioren burua baino gehiago ibiltzen da" esamoldea[2]. Mende horretan, Ebro ibarreko 30 hirik botoa ezarrita zuten Gregorioren urak erabiltzeko, Logroñotik Tortosaraino[11].
Ura urtean bitan ateratzen zen: martxoaren 12an eta maiatzaren 9an, biak Gregorio izeneko santuak zituzten egunak. Zilarrezko onil batekin ura sartzen zen goitik eta, buru osoa betetzen zenean, beheko zulotik jaurtitzen zen zilarrezko beste ontzi batera. Azuelon eta Obanosen ohitura bera zegoen, baina San Jurgi eta San Gilenen buruekin.[11] Ur hori gordetzen zen, urtean zehar banatzeko, eta berarekin batera egiazkotasun-ziurtagiri bat jaulkitzen zen, eroslearen izenarekin, ordaindutakoaren xehetasunarekin eta elizako arduradunaren sinadurarekin[11].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.