Samael Aun Weor —jaiotzako izen-deiturez, Víctor Manuel Gómez Rodríguez— (Bogota, Kolonbia, 1917ko martxoaren 6a – Mexiko Hiria, Mexiko, 1977ko abenduaren 24a) gaztelaniazko idazle esoterista bat izan zen, nazioarteko mugimendu gnostikoaren sortzailea. Aun Weor (1947tik aurrera) eta Samael Aun Weor (1954tik aurrera) deiturak erabili zituen.
Samael Aun Weor | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Víctor Manuel Gómez Rodríguez |
Jaiotza | Bogota, 1917ko martxoaren 6a |
Herrialdea | Kolonbia |
Heriotza | Mexiko Hiria, 1977ko abenduaren 24a (60 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Arnolda Garro (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, esotericist (en) eta psikologoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | gnosticism in modern times (en) |
Bizitza
Samael Aun Weor Kolonbian jaio zen, 1917ko martxoaren 6an. Gazte-gaztetatik, bizitzaren alderdi traszendentalez arduratu zen, eta garai hartako eskola metafisiko ezberdinetan bila hasi zen, betiko galdera hauei erantzuna aurkitu ahal izateko: Nor gara? Zein da bizitzaren zentzua? Zergatik bizi gara?
Teosofia-jakinbidea, Gurdieffen sistema, tradizio Masonikoa, tradizio Rosacruz-Gnostikoa, eta garaiko okultisten tradizioa ezagutu zituen. Kabala eta Alkimia ere sakon aztertu zituen. Aipatutako teoria horiek guztiek esaten zutena egiaztatu ahal izateko bere baitan esperimentatu zituen, Antropologia Psikoanalitikoa eta meditazio sakonaren bidez.
Horrela, bere burua ezagutzeko bidea hasi zuen. Bide honi esker naturaren dimentsio ezberdinak ezagutu zituen, baita dimentsio ezberdinetan dauden Maisu handiak aurkitu ere. Bide iniziatikoan sartu zen, eta zegozkion proba esoterikoak gainditu ondoren, bere misioa zein zen ezagutu zuen: atzoko eta betiko Gnosia eguneratzea, hain zuzen ere.
1948an, Kolonbiako Santa Marta mendilerrora abiatu zen, eta bertan, bere burua ezagutu ahala, eta jasotako ezagutza hori bere baitan berresten eta garatzen zen heinean, ikasle talde txiki bat bildu zen bere inguruan. Talde huraxe izan zen mugimendu gnostiko garaikidearen hastapena, eta luze baino lehen, nazioarteko erakunde bihurtu zen.
Testuinguru honetan hasi zen Maisua bere lehen liburuak idazten, bizitza bezain zaharra den jakinduria hau zabaltzeko: norbere buruaren ezagutza.
50eko hamarkadaren erdialdera, Kolonbia utzi eta bidaia zail bat hasi zuen, izan ere, bere familiarekin Erdialdeko Amerika osoa zeharkatu zuen: Panama, Costa Rica, Nikaragua, Honduras, El Salvador eta Guatemala, Mexikora iritsi zen arte. Mexiko hiria izan zen bere bizilekua bizitza osorako. Bertan, barneko Obra Handia burutu zuen.
Mugimendu Gnoskikoaren gida izan diren literatur lanak idatzi zituen, bata bestearen atzetik (bere bizitzan zehar 60 liburu baino gehiago idatzi zituen). Hitzaldiak eman eta sinposioak antolatzeaz gain, kongresuetara, irrati eta telebistako elkarrizketetara eta abarretara gonbidatzen zuten.
Poliki-poliki, bere mezua munduan zehar zabaltzen hasi zen: Estatu Batuetara eta Kanadara hedatzen hasi zen mugimendu bat zuzendu zuen, ondoren, 1975ean Espainiara iritsi zen mugimendu hori, eta Herrialde honetatik Europa, Afrika, Asia eta Ozeania osora zabaldu zen. Samael Aun Weorrek, bere Izakiaren auto-errealizazioaren ondoren, Mexiko Hirian, 1977ko abenduaren 24an, behin betiko utzi zuen bere gorputz fisikoa. Harrezkero, mugimendu gnostikoa naturaren dimentsio gorenetatik gidatzen jarraitzen du.
Samael maisuaren hitzak hamabi hizkuntza baino gehiagotara itzulita daude, eta bere obra mundu osoan zabalduta daude.
Liburu guztien egile-eskubideei uko egin zien
Samael Aun Weor-ek, 1979ko urriaren 29an, Mexikoko Guadalajaran egindako kongresuan, bere liburu guztien egile-eskubideei uko egin zien:
« | Anai-arreba maiteok, gaur-gaurkoz eta beti, uko egin diet, egiten diet, eta egingo diet egile-eskubideei. Liburu hauek merke saltzea da nahi dudan bakarra, pobreek eskura izatea, sufritu eta negar egiten duten guztien eskura egotea! Zorigaiztokoena den hiritarrak ere, poltsan dituen txanpon bakanekin liburu hau eskuratu ahal izatea! Horixe da guztia! | » |
—Samael Aun Weor |
Psikologia iraultzailearen tratatua (1975-76)
Psikologia Iraultzailearen Tratatua da Samaelen euskarara itzulitako lehenengo liburua.
Sorrera urtea: 1975-76, Mexikon. Jatorrizko izenburua: Tratado de Psicología Revolucionaria
Samael Aun Weorrek, 1975-6an, nork bere buruaz egin beharreko lan psikologikoa laburbildu zuen Psikologia Iraultzaileari buruzko tratatu honetan.
Liburu honetan, geure buruarekin egin beharreko lan psikologikoak nolakoa izan behar duen adierazten du, Maisuak berak bizitza osoa eskaini zion lan horri, eta liburu hau lan horren guztiaren sintesi zoragarria da.
Rosacruz ikasbidea, Gurdjieffen laugarren bidea, irakaspen budista, nahua, kristautasunaren lehen mendeetako gnostikoen ikasbidea eta abar, aztertu eta praktikan jarri ondoren, laburpena eskaintzen digu.
Lan honek, sinplea dirudien arren, sakontasun handia du, eta etengabeko jardunaren bidez soilik da posible burutzea.
Idazleak berak, lan hau idatzi baino urte batzuk lehenago, Psikologia Iraultzaileak historian zehar izan duen trataera honela azaldu zuen:
« |
Antzinatik hasita, psikologiak, bizitzaren eszenatoki ezberdinetan, bere papera antzeztu izan du, zentzu handiz, Filosofiaren jantziaz mozorroturik. Ganges ibaiaren ertzean, Veden India Sakratuan, aspaldi-aspaldiko gau beldurgarriaz geroztik, badira Yoga motak, funtsean, goi mailako Psikologia Esperimental hutsa direnak. Zazpi Yogak metodo, prozedura eta filosofia-sistema gisa deskribatu izan dira. Arabiar munduan, Sufien Ikasbide Sakratuak, neurri batean metafisikoak, eta beste neurri batean erlijiosoak direnak, erabat psikologia arlokoak dira zinez. Hainbeste gerraren ondorioz, erlijio, politika, arraza aurreiritzi eta abarren ondorioz hezur-muinetaraino usteldua dagoen Europa zaharrean, joan den mendearen bukaera arte, Psikologia Filosofiaren jantziaz mozorrotu zen, nabarmendu gabe egon ahal izateko. Filosofiaren zatiketa eta azpi-zatiketa guztiak kontuan izanda ere, hala nola Logika, Ezagutzaren Teoria, Etika, Estetika, eta abar; inolako zalantzarik gabe, berez, norberaren baitako hausnarketa nabaria da, izakiaren ezagutza mistikoa, esna dagoen Kontzientziaren ezagutza bidezko funtzionalismoa. Filosofia eskola askoren akatsa honetan datza, Psikologia Filosofia baino gutxiagotzat hartu izana, giza izaeraren alde baxu eta arruntenekin erlazionaturiko zerbait izango balitz bezala. Erlijioen arteko konparazio-ikerketa batek ondorio logiko honetara garamatza: Psikologiaren Zientziak beti eduki izan du oso harreman estua Erlijio-Printzipio guztiekin. Erlijioen arteko edozein konparazio-ikerketak zera egiaztatzen digu: hainbat herrialdetako eta garai ezberdinetako literatura sakratu ortodoxoenean, badira Psikologia Zientziaren altxor zoragarriak. Gnostizismo alorreko ikerketa sakonek kristautasunaren hasieratik datozen, eta “Philokalia” izenaren bitartez ezagutzen den zenbait autore gnostikoren bilduma zoragarria aurkitzeko bide ematen digute; aipaturiko bilduma hau, oraindik orain, erabili egiten da Ekialdeko Elizan, batez ere monjeen formakuntzarako. Inolako zalantzarik gabe, eta iruzurrik egiteko inolako beldurrik gabe, hauxe baiezta genezake irmotasun osoz: “Philokalia”, nagusiki, Psikologia Esperimentala da.
|
» |
—Samael Aun Weor: Oinarrizko Hezkuntza - 31. Kapitulua: Psikologia Iraultzailea |
Hona hemen edozein eskematan egokitzen zaila den maisu espiritual honen hitz batzuk, hobeto ezagutu dezagun:
« |
Guk ez dugu idolatrarik nahi, ez zaizkigu jarraitzaileak interesatzen. Gu bidean dauden argibide-zutoinak gara, beraz, ez ezazue gurekin bat egin, gure lana ez baita proselitikoa. Pentsamendu logiko eta kontzeptu zehatzen bidez adierazten dugu zein den jarraitu beharreko bidea, horrela, norbera irits dadin gutako bakoitzaren barruan isilik bizi den barne-maisuarenganaino. Jakinduria gure barneko Izakiarena dela jakinarazi nahi dizuegu, eta Bertuteak eta Dohaiak ez daudela itxurakeria edota apaltasun plantak egitearekin lotuta, baizik eta oso egiazkoak direla. Bertute eta Dohai hauek haritz boteretsu eta erraldoi bihurtzen gaituzte, pentsamenduen haize boladek, ilunpeko maltzurren mehatxuek, tiranoen bekaizkeria eta zitalen irainek gure nortasun gogorraren kontra talka egin dezaten. Ikasbide hau eskola guztietako errebeldeentzat da; nagusiekin moldatzen ez direnentzat; edozein sinesmen dela ere, konforme ez daudenentzat, oraindik gizatasun apur bat dutenentzat eta bihotzean maitasun txinparta bat dutenentzat. Ez zaigu inoren dirua interesatzen, eta ez zaizkigu kuotak gustatzen, ezta adreilu, zementu edo buztinezko ikasgelak ere; Arimaren katedralera kontzienteki joaten garelako, eta Jakituria Arimarena dela badakigulako. Ez gabiltza jarraitzaile bila, bakoitzak bere buruari, bere Barne Maisuari, bere barneko Izaki sakratuari jarraitzea besterik ez dugu nahi, hau baita salbatu eta goratuko gaituen bakarra. Ez dugu komedia, gezur, mistizismo eta eskola faltsu gehiagorik nahi; errealitate biziak nahi ditugu, egi horien errealitatea ikusi, entzun eta ukitutzeko prestatu. ldu diezaiogun Borondatearen Ezpatari, munduko kate guztiak hausteko, eta askapenerako borroka beldurgarri bati ekin diezaiogun ausarki, badakigulako salbazioa gizakiaren barruan dagoela... |
» |
—Samael Aun Weor, Ikastaro Zodiakala (Curso Zodiacal) 1951, Sarrera |
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.