Poli(etilen glikol)a (PEG) polimero bat da, polieterretako bat hain justu, industrian erabilera handia duena. Bere egitura kimikoa honela irudika daiteke: HO-(CH2-CH2-O-)n-H[1]. Prestakin komertzialetan normalean izenarekin batera polimeroaren pisu molekularrari erreferentzia egiten dion zenbaki bat egoten da. Adibidez, n = 80 duen polimeroak batezbesteko 3500ko pisu molekularra izango du eta PEG 3500 esango diote.

Poli(etilen oxido) ere esaten zaio.

Prestaketa

Poli(etilen glikol)a prestatzeko etilen glikola urarekin, etilen glikoarekin edo horren oligomeroekin erreakzionarazten da, prozesua exotermikoa delarik. Erreakzioa katalizatzaile azidoek eta basikoek katalizatzen dute. Ura usatzea baino etilen glikola edo bere oligomeroak erabiltzea nahiago izaten da polisakabanatze txikiagoa duten polimeroak lortzea bideratzen duelako. Polimero-katearen luzera erreaktiboen proportzioen menpe egoten da[2].

Katalizatzailearen izaeraren arabera polimerizazioaren erreakziobidea kationikoa edo anionikoa izan daiteke. Anionikoa nahiago izaten da polisakabanatze txikiagoa izango duten polimeroak erdiesteko.

Pisu molekular handiko poli(etilien glikol)a esekidurazko polimerizazioaren bidez lortzen da. Aluminio-, magnesio- edo kaltzio-konposatuak baliatzen dira katalizatzaile moduan eta dimetilglioximaren moduko aditiboak eransten zaizkio esekiduran hazten ari den polimero-katea gatza dadin saihesteko.

Erabilera

Erabilera ugari ditu poli(etilen glikol)ak industrian eta laborategian.

Oligomeroak eta pisu molekular txikiko polimeroak likido likatsuak dira eta disolbatzaile moduan usatzen dira sintesi organikoan, esaterako Diels-Alder erreakzioa aurrera eramateko[3].

Produktu kosmetiko eta paramediko askotan lodigarri moduan erabiltzen da: xaboi likidoetan, krema hidratatzailetan, xanpuetan, gel hidroalkoholikoetan edo lubrifikatzaile intimoetan. Elikagaigintzan ere gehigarri moduan baliatzen da. Inprimagailuen tinten disolbatzaile ere izan daiteke. Medikuntzan libragarrien konposizioan erabiltzen da, besteak beste[4].

Bioteknologian ere erabiltzen da. Adibidez, PEG 2000 ARN mezularia erabiltzen duten txertoetan baliatzen da eszpiente moduan ARNa garraiatzen duten lipido-kapsulak egonkortzeko eta iraupena luzatzeko, horien gainazalean geruza hidrofiloa osatzen duelako. Adibidez, SARS-CoV-2-aren kontrako Pfizer-BioNTech eta Modernaren txertoetan baliatzen da. 2020ko abenduan hainbat alergia kasu agertu ziren eta PEGek sor lezakeela erantzun alergikoa espekulatu da[5].

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.