Lehenbiziko Gerra Karlistako bertso sorta From Wikipedia, the free encyclopedia
Muñagorriren bertsoak egile ezezaguneko bertso sorta bat da, 1838an Gipuzkoan argitaratu zena, Lehen Karlistaldiaren azken aldian. Jatorrian 20 bertso baziren ere, bertsiorik ezagunena Benito Lertxundik abestutakoa da, lehenbiziko seiak hartzen dituena.[1]
Muñagorriren bertsoak | |
---|---|
Bakea eta Foruak aldarria Berastegin | |
Jatorria | |
Sorrera-urtea | 1838 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | bertsolaritza |
Argumentu nagusia | bakezaletasuna eta foruzaletasuna |
Jose Antonio Muñagorri 1794an jaio zen Gipuzkoako Berastegi herrian. 1833an, Lehen Karlistaldia hasi zelarik, karlisten aldekoa izan zen. Baina Zumalakarregi hiltzean, eta karlisten garaipena ezinezkoa zela ikustean, irtenbide baten bila aritu zen gerrarekin amaitzeko. Donostian lagun liberal batzuekin bildu zen, eta haiekin batera gerrari amaiera emateko agertoki berria prestatu zuen: Bakea eta Foruak. Alegia, karlisten errendizioa euskal sistema foralaren iraupenaren truke.[2]
Bakea eta Foruak aldarria 1838ko apirilaren 19an plazaratu zuen Berastegin. Haren helburua bakea lortzea zen, gerra luzatzeak ezer onik ekarriko ez zuelako, heriotza eta miseria, besterik ez. Mezu hori zabaltzeko bertsoak erabili zituen Muñagorrik. Haren ideiak defendatzen zituzten bertsoak ahoz aho hedatu ziren eta laster arras ospetsuak egin ziren bai liberalen eta bai karlisten artean.[2]
Muñagorriren bertsoak Francisque Michelek argitaratu zituen, 1857ko Le Pays Basque liburuan. 20 zortziko txiki ziren, eta bertso paperaren batetik kopiatu izanen zituela uste da. 1976an, Antonio Maria Labaienek gerra denborako bertso paperaren facsímil bat argitaratu zuen, lehenbiziko sei bertsoekin.[3] Benito Lertxundik 1981ko Altabizkar/Itzaltzuko bardoari diskoan plazaratu zuen bertsioak oso onarpen ona izan zuen Euskal Herria osoan. Lehenbiziko sei bertsoak erabili zituen, berak sortutako doinuarekin.[4]
1) Muñagorrik diona
bere proklamian,
gerrak ondatzen gaitu
bostgarren urtian;
igaz jarrikan Carlos
Madrilko bidian,
bultza zuten atzera,
gerra bere oñian.
2) Agintari onenak
preso daduzkate;
euskalduna izatia
du bakoitzak kalte.
Tejeiro ta Maroto
guzien alkate:
Zer gizon oyetatik
espera gentzake.
3) Carlos agertu ezkero
probintzi auetan,
beti bizi gerade
neke ta penetan.
Naiz kendu guk deguna
beinere ezer eman;
Bost negar egiteko,
nunbait jaio giñan.
4) Semiak soldadu ta
preso gurasuak,
ezin pagaturikan
kontribuzyuak.
Trintxera lanetara
gainiera auzuak.
Dolorezkoak dira
gaur gure pausuak.
5) Kordoiz inguraturik
kostatik Ebrora,
trabaz gaude josirik
bera eta gora.
Atzenikan frantsesak
itxi du frontera.
Gerrak ez dakar onik
Iñundik iñora.
6) Atiak itxi eta
ogia garesti;
artua ari da
igotzen poliki;
dirua ezkutatzen da
egunero emendik.
Nola bizi garen bada,
arritutzen naiz ni.
Gainerako 14 bertsoak hauek dira:[3]
7) Bost urte badijuaz
ta nekian beti,
ia bear dítugu
begiak idiki;
karlistak Ebroz gora
motel eta gutxi,
aien esperantzetan
ez gaitezen bizi.
8) Ainbeste odol ixurtze
ez da doloria?
Il da probintzi auetan
gaztien loria;
Patria defenditzea
litzake onoria,
anaia anaien kontra
txit gauza tristia.
9) Oraiñ sei eun urte
gutxi gora bera,
Gaztelako reinura
unituak gera;
Gaztelan zein buru dan
ura guk artzera,
fueroak gordezkero,
egin zan papera.
10) Disputarikan bada
zeiñentzat korua,
erabaki bear da
Gaztelan pleitua;
errege edo erregiña
gure deretxua,
beti gorde digula
garbiro fuerua.
11) Zertan sartu gerrara
juez iñorentzat?
Madrilen da tronuba
gaztelaubentzat;
an koronatzen dena
guztion burutzat,
fueroa gordezkero
ona da guretzat.
12) Adiskide maiteak,
ona klaro gauza:
bakarrikan fueroak
dira gure kausa;
aiek defenditzeko
deretxua dauka
probintziko semiak,
ori eziñ uka.
13) Relijio santuan
guk elkar arturik,
ez du gure artean
izango kalterik;
len bezela egiñikan
gure funtzioak,
elizetan sermoiak
ta prozesioak.
14) Zori onez berentzat,
gure aurrekoak
beti gorde zituzten
leialki fueroak;
urtero mudaturikan
diputazioak,
Juntan ematen ziran
orduban kontuak.
15) Etzan lapur famarik
diputazioan,
ez da beste soñurik
oraingo denboran;
deitu gabe Juntarik,
illunpe moduban,
artu eman garbirik
ez oi da munduban.
16) Juntak eta apaizak
elkar artu ezkero,
noren beldur gera gu
ez orain ta ez gero?
Gerrak idiki ditu
guztion begiak
unitzeko, ez bagaude
burutik jausiak.
17) Legea autsi ezkero
bizi gera penaz,
legea osa dezagun
laster eta benaz;
pakea etorriko da
ondoren txit erraz,
Muñagorrik diona,
kontentuz ta pozaz.
18) Muñagorri, zu zera, zu,
zori onekua,
bandera altxatu dezu
gure bakekua.
Potentzi ongilleak
emanik besua,
laister egingo degu
bake ditxosua.
19) Probintziano gazte
onorez betiak,
bandera bakekora
guazen guziak;
soldadu, ofiziale,
orobat jefiak,
danak izango ditu
gradu ta agintiak.
20) Potentzi indartsubak
eman dute itza,
egiteko bakiak
prestuak dabiltza;
probintziak bakean
daduka bizitza,
nork ez du bere amaren
sendatu nai gaitza?
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.