Minxoriak
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Minxoriak, 1976an Ipar Euskal Herrian sortutako Rock eta Pop taldea zen. 70, 80 eta 90eko hamarkadan ibili ziren jotzen eta Euskal musikaren inguruko hainbat partaide izan zituen 16 urte baino gehiagotan zehar.
Minxoriak | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Ipar Euskal Herria |
Musika mota | rock |
Urteak | 1976 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | IZ, Elkar |
Taldekideak | |
Niko Etxart Jean Lou Corrihons Didier Real Dede Harisboure Jama Larreburu Nif Nicolao Kandi Fernandez Koldo Tarragona Josu Salbide Patrick Ithurralde |
Niko Etxarten eskutik, 1976. urtean sortu zen Minxoriak taldea, Ximinorak izeneko talde baten zatiketatik. Lehen etapa horretan hauexek izan ziren Etxarterekin batera aritu ziren musikariak: Alex Diharze, Didier Harisboure, Jimmy Arrabit, Ki Lannusse, Jean-Bernard Barrenqui Barrabas eta Jaki Delage. Dantza taldea zen Minxoriak, baina rock ukitu gero eta nabarmenagoa hartu zuen. Plazetan egiten zituen emanaldi luzeetan atzerriko taldeen bertsioak ziren nagusi. Hala ere, taldeak kanta propio asko egin zituen, hasiera batean Niko Etxartek berak konposatuak.
Plazaz plaza ibili ostean, Minxoriakek eta Niko Etxartek disko bat atera zuten, Min Xoriak eta Niko Etxart (Ilazki, 1980). Lehen lan horretan, Etxartek idatzitako bi kanta zeuden, "Xahakua" eta "Agur agaramontesak", eta Etxahun-Iruriren abesti ezagun bat, "Agur Xiberua". 80ko hamarkadaren hasieran, euskal rockaren eztandarekin lehia bizia izan zuten erromerietan, eta bestetan etengabe aritzen ziren plaza taldeak, baina haientzat ere urrezko aroa hasi zen: Egan, Akelarre... Hala ere, bizimodu gogorra zen plaza taldeena, eta musikarien sartu-atera asko ezagutu zituen. Horrez gain, Minxoriak taldeko hainbat kidek, tartean Niko Etxart zela, proiektu paralelo bat sortu zuten 1981ean, Pitxu Bost taldea. Rock Maskaradak izeneko ikusgarria taularatu zuen Pitxu Bostek, fikziozko istorio antzeztu bat eta rock musika uztartuz.
80ko hamarkadaren hasierarako bakarkako ibilbidea hasia zuen Niko Etxartek; hala ere, taldearekin segitu zuen hurrengo diskoa kaleratu arte: Ibiliz (Elkar, 1985). Harekin batera, musikari hauek hartu zuten parte grabazioan: Nif Nicolao (gitarra), Jama Larreburu (atabalak), Jean-Lou Corrihons (gitarra), Didier Real (teklatuak) eta Dede Harisboure (baxua). Normalean taldeak bertsio ugari jotzen bazituen ere, disko honetan denak, bat izan ezik, kantu propioak ziren; Niko Etxart eta Therese Errandonea ziren hitzen egileak. Bertsio bakarra dago, "Godalet dantza"-ren gainean egindako moldaketa.
Bigarren disko horren ondoren, Etxartek taldea utzi eta Jama Larreburuk hartu zuen abeslari nagusiaren rola. Halaber, taldekide berriak sartu ziren: Patrick Ithurralde (bateria), Laurent Feriol (baxua), Josu Salbide (flauta) eta Koldo Tarragona (teklatuak). Emanaldiz emanaldi etengabeko martxan, beste bost urte behar izan zituen taldeak disko berria kaleratzeko, Beste urrats bat (IZ, 1990). Bi bertsio agertzen ziren, biak Status Quo taldearenak: "Zuekin gaur hemen" eta "Rosalie". Gainerako kantuak taldekideek eginak ziren, eta Anje Duhalderen laguntza izan zuten bi abestitan. Plaza taldea izanik ere, urte horietan herri musika tresna batzuk sartzen hasia zen, bere estiloa folk-rock aldera eramanez, jendea dantzan jartze aldera. Halaber, euskal folk eta rock taldeen moldaketak eskaintzen zituzten dantzaldietan.
Taldearen azken diskoa bi urte beranduago ailegatu zen, Gozozale (IZ, 1992). Kandi Fernandez (teklatuak) Baldin Bada taldeko kide ohia batu zen taldera, eta Jama Larreburuk segitzen zuen taldearen ahotsa izaten. Ordurako, hamabost urtetik gorako ibilbidea zuen taldeak, eta nekea jabetzen hasia zen taldekideen gogoaz. Hortaz, 1993an bukatutzat eman zuten taldea. Abenduan eskaini zituzten azken bi emanaldiak: Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Arrutan. Lagun musikari ugari gonbidatu zituzten bi kontzertuotara: Natxo de Felipe eta Anton Latxa (Oskorri), Anje Duhalde, Roberto Moso (Zarama), Gorka Sarriegi eta Urbil Artola (Sorotan Bele)..
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.