From Wikipedia, the free encyclopedia
Kataluniaren independentziarako 2014ko kontsulta Kataluniako herritarrek Katalunia Estatu independentea izango den erabakitzeko 2014ko azaroaren 9an egin zen kontsulta izan zen.
Kataluniaren autodeterminaziorako erreferenduma | |
---|---|
Kataluniako mapa senyeraz koloreztatua. | |
Galderak | Nahi al duzu Katalunia Estatu bat izatea? Erantzuna baiezkoa izan ezkero: Estatu independentea izatea nahi al duzu? |
Data | 2014ko azaroaren 9a |
Lekua | Katalunia |
Bozkatzaileak | 16 urtez gorako kataluniarrak |
Emaitzak | Bai eta Bai: 1.860.000 Bai eta Ez: 232.182, Ezezkoak: 104.772 Bai eta Zuri: 22.466 Denera: 2.305.290 |
Orriari Kataluniaren independentziarako 2014ko partaidetza-prozesua izenburua jartzea proposatu da. Zergatia: Kontsulta konstituzionala ez zenez, eten egin zuten (kontsultaren orria sortu behar da) eta "partaidetza-prozesu" batera deitu zuten. (ikus eztabaida) |
Kontsultarako deialdia Generalitateko presidente Artur Masek iragarri zuen 2013ko abenduaren 12an, Kataluniako Parlamentuan gehiengo osoa (Parlamentuko 135 diputatuetatik 87) osatzen zuten Convergència i Unió, Esquerra Republicana de Catalunya, Iniciativa per Catalunya Verds - Esquerra Unida i Alternativa eta Candidatura d'Unitat Popular taldeetako parlamentarien sostenguarekin.
Kontsultan bi galdera egingo zitzaizkien herritarrei: «Nahi al duzu Katalunia Estatu bat izatea?» eta, baiezkoan, «Estatu independentea izatea nahi al duzu?». Espainiako Gobernuaren ordezkariek galdeketa legez kanpokoa zela eta ez zela egingo adierazi zuten.
1.255 lokal zabaldu zituzten Katalunia osoko 942 herritan (guztira, 947 herri zeuden Katalunian), eta 6.430 parte-hartze gune eta 8.000 boto-kutxa baino gehiago. 40.930 pertsonak eman zuten izena antolaketa-lanetan laguntzeko. 5,4 milioi pertsonek parte hartu zezaketen kontsultan[1].
1.142.210 lagunek eman zuten botoa 13:00etarako, datu ofizialen arabera[2]. Bozkalekuak ixteko eskatu zuen UPDk badaezpadako neurri gisa, baina Bartzelonako guardiako epaileak ebatzi zuen "neurrigabea" zela[3]. 1.977.531 lagunek eman zuten botoa 18:00etara arte. Gironan hautetsontzi bat puskatu zuten lau kaputxadunak atxilotu zituzten[4]. Rajoyk adi jarraitu zuen galdeketa, Moncloa Jauregitik[5].
Azkenik, botoen %100 zenbatuta, 2.236.806 herritar joan ziren bozkatzera. 1.861.753 izan ziren boto independentistak; 232.182 estatua bai baina independentzia nahi ez zutenak; eta 104.772 boto unionistak. Lehenengo galderari bai (Katalunia estatu izatearen alde) erantzun baina bigarrena zuri utzi zutenak 22.466 izan ziren, hau da, boz guztien %0,97. Portzentaietan, boto-emaileen %80,76k egin zuten Katalunia estatu independente izatearen alde eta %10,1ek Katalunia estatu izatea nahi zuten, baina ez independente. Azkenik, %4,5 ziren Katalunia estatu izatea nahi ez zutenak. Bai-Bai aukerak Erdialdeko Katalunian (%88,29) eskuratu zuen babesik handiena, eta txikiena Bartzelonan (%77,52). Kataluniako hiriburua hartzen zuen eskualdean izan zen ezezkoaren aldeko boto gehien, hau da, %5,26[6].
Azaroaren 10ean, Generalitateak ardura bere gain hartu eta ez zuen inor identifikatu. Prozesuan deliturik izan den argitzeko ikerketa hasi zuen Fiskaltzak. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuak galdeketaren antolatzaileen aurka joko zuela adierazi zuen[7].
Egun berean, Kataluniak munduari erakutsi nahi zion bere etorkizuna politikoa erabakitzeko eskubidea zuela eta Europako agendan kokatu nahi zuen aldarrikapen hori[8].
Bestalde, Generalitateak Rajoyren hitzak salatzeko asmoa zuen Konstituzionalean, izan ere, Generalitatearen bozeramaileak gogor kritikatu zituen jasotako "mehatxuak" eta "Espainiako Gobernuaren jarrera antidemokratiko eta oldarkorra"[9].
Azaroaren 10ean, bi milioi lagunek kontsultan parte hartzea arrakastatsutzat jo zuen A9a Masek. "Demokrazia ariketa handia" izan da, "Kataluniak berak erabaki nahi du bere etorkizuna", esan zuen[5].
Alderdi politikoei dagokienez, CDCk hauteskunde plebiszitarioak nahi zituen. ERC parlamentu eratzailearen aldekoa zen. CUPek independentzia aldarrikapena nahi zuen. Bestalde, ICV bete beharreko galdeketaren alde agertu zen eta PSC erreforma federalaren alde. Azkenik, PPCk guztia ahazteko nahia adierazi zuen eta Albert Rivera Ciutadanseko buruak hauteskundeak aurreratzeko eskatu zion Masi[10].
Egun berean, kontsulta Espainiaren 'barne arazo' bat zela esan zuen Bruselak. “Estatu kideen ordena konstituzionalarekin zerikusia duten barne antolakuntzako auzien inguruan ez du adierazpenik egin behar Europako Batzordeak, ez da bere papera” esan zuen EBk[11]. Cameronek, berriz, Espainiaren 'batasuna' aldarrikatu zuen. Gainera, lehen ministroak erreferendumek Konstituzioa errespetatu behar zutela azpimarratu zuen[12]. Nazioarteko hedabideen azaletan, kontsulta katalanak oihartzuna izan zuen. Albistea jaso zuten munduan zeharreko hedabide gehientsuenek parte-hartzeko prozesuaren izaera independentista nabarmendu zuten[13].
Azaroaren 12an, “Justizia erabili izana” eta “politikarik ez egitea” gaitzesi zuen Artur Masek. Bera izan zen Kataluniako Parlamentuan egin zuten kontrol saioko protagonista. CiUko diputatuek zutik hartu zuten Mas saioaren hasieran[14].
Azaroaren 13an, Rajoyk Moncloan egin zuen agerraldia “bakarrizketa” izan zela kritikatu zuen CiUko bozeramaileak. Bestalde, “eskuzabaltasuna eta zorroztasuna” eskatu zien Turullek kontsultaren aldeko alderdiei. Gainera, ‘Mas auzitara eraman ala ez, berdin zaigu’ adierazi zuen[15].
Azaroaren 4an, Euskal Herriko bi udalek, Azpeitiakoak (Gipuzkoa) eta Durangokoak (Bizkaia), Kataluniako Generalitateari «laguntza» eskaini zioten igandean egin asmo zuen galdeketari begira[16].
Azaroaren 6an jakin zenez, azaroaren 7an BERRIAren mahai ingurua egongo zen, Kataluniaz eta Kataluniatik Vilaweben estudioetatik eskainiko zuen BERRIAk, 10:00etan. Martxelo Otamendi izango zen zuzendari, eta gonbidatuak, Martin Aranburu politologoa, Maria Colera itzultzailea eta Ana Rodet Bartzelonako Euskal Etxeko presidentea[17]. Azaroaren 7an, Vilaweben estudioetatik eskaini zuen BERRIAk Kataluniako galdeketari buruzko mahai ingurua. Martxelo Otamendik zuzendu zuen saioa, eta Martin Aranburu, Maria Colera eta Ana Rodet izan ziren gonbidatuak. "Neurtu behar da noiz egin desobedientzia eta noiz ez" izan zen esaldi aipagarriena[18].
Azaroaren 7an jakin zenez, Hego Euskal Herrian lau hiriburuetan manifestazioak egingo ziren azaroaren 9an, kontsulta alternatiboari babesa emateko asmoz. Gure Esku Dago plataformak, berriz, mosaiko erraldoia egingo zuen[19].
Azaroaren 9an, hedabideen aurrean EAJ eta EH Bildu batera agertu ziren Bartzelonan[20]. Bestalde, elkarretaratzeak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan erabakitzeko eskubidearen alde[21].
Azaroaren 10ean, Josu Erkoreka bozeramaileak katalanak eta Artur Mas presidentea zoriondu zituen bozketan izandako “arrakasta” zela eta. Kataluniako bozketa “erreferentea” zen Euskadirentzat, bere ustez[22].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.