From Wikipedia, the free encyclopedia
Kabitazioa edo hutseko xurgapena, ura edo egoera likidoan dagoen beste fluido bat ertz zorrotz batetik abiadura handian igarotzean sortzen den efektu hidrodinamikoa da. Prozesuan, Bernoulli konstantearen kontserbazioaren ondorioz, fluidoaren deskonpresioa sortzen da. Gerta daiteke fluidoa likidoaren lurrun-presiora iristea, eta horren ondorioz, likido hau osatzen duten molekulak lurrun-egoerara igarotzea, burbuilak edo aire-barrunbeak sortuz. Inplosio deritzo burbuilak bat-batean “zanpatuz”, lurruna egoera likidora itzultzearen prozesuari. Sortutako burbuila hauek presio handiagoko eremuetara mugituko dira eta han inplosionatu egingo dira. Honen ondorioz, gasa sortuko da eta inguruko azalera osatzen duen metala erauzi egingo da.
Inplosioak, likidoan zehar soinuaren abiaduran garatuko diren presio-uhinak sortuko ditu. Likidoa edozein izanda ere, uhin hauen abiadura soinuaren abiaduraren antzekoa izango da. Uhinak likidoaren korrontean xahutu daitezke edo gainazal baten kontra talka egin dezakete. Beti azalera berdinaren kontra talka egiten badute, materiala metalurgikoki ahuldu egiten da eta erosioa sortzen da. Erosioak, azalera kaltetzeaz gain, azalera hau presio-galera handiagoko zonalde bilakatzen du; hortaz, burbuila gehiago sortuko dira eremu honetan. Burbuilak inplosionatzerakoan, pareta solido batetik gertu edo honekin kontaktuan badaude, gainazal solidoan akatsak sortuko dira. Likidoak aire-barrunbeak zanpatzean, indarrak sortzen ditu eta hauen ondorioz presio lokalizatu altuak agertuko dira. Presio hauek izango dira gainazal solidoan akatsak eragiten dituztenak. Kontuan izan behar da materialaren propietateen arabera, honen oxidazioa gerta daitekeela eta honen ondorioz, materiala hondatu egingo dela.
Normalean fenomeno honekin batera, zarata eta bibrazioak agertzen dira, eta honek, legarrak makina kolpatzen duen sentsazioa eman dezake.
Kabitazioa itsasontzi eta hegazkinetako helize, ponpa eta baskularizaturiko ehunetako prozesuetan ere ager daiteke.
Kabitazioak, pasibazioaren ondorioz, metala estaltzen eta babesten duen oxido-geruza erauztearen fenomenoari, kabitazioaren ondoriozko korrosioa deritzo. Honen ondorioz, oxido-geruza galdu duen zonaldearen (anodo) eta oxidoa mantentzen duenaren (katodo) artean pare galbanikoa sortzen da.
Kabitazioaren prozesu fisikoa irakite-prozesukoaren antzekoa da. Bi prozesu hauen desberdintasun nagusia, kasu bakoitzean gertatzen den fase-aldaketa da. Irakite-prozesuak, likidoa gas-fasera igarotzeko, likidoaren lurrun-presioa handitu egiten du inguruko presioa gainditu arte. Kabitazioan, berriz, hurrupaketa baten ondorioz, inguruko presioa murriztu egiten da lurrun-presioaren azpitik.
Kabitazioa gertatu dadin, burbuilek nukleatzeko azalera bat behar dute. Azalera hau, depositu edo edukiontzi baten pareta, likidoaren zikinkeria edo edozein irregulartasun izan daiteke. Normalean, fluidoaren tenperatura da kabitazioaren kausarik garrantzitsuena. Likidoaren tenperatura aldatzerakoan, lurrun-presioa aldatu egiten da eta honen ondorioz, zailagoa edo errazagoa izaten da inguruko presioa kabitazioa sortuko duen presiora murriztea.
Gaztelaniazko "Cabitación" artikuluaren itzulpena da.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.