esku huskako pilotaria From Wikipedia, the free encyclopedia
Jose Maria Palacios Moraza, pilota arloan Ogeta edota (gaztelaniaz) Ciclón Alavés goitizenez ezaguna, (Gasteiz, Araba, 1935eko irailaren 2a - 2002ko apirilaren 21a) esku huskako pilotaria izan zen, historiako handienetako bat. Ogetari buruz, batez ere, jokatzeko modua, kantxako dotorezia eta erasoko filosofia gogoratzen dira. Abilezia berezia zuen tantoak amaitzeko, eta jokaldi garrantzitsuena gantxoa zuen. Joera aldaketa bat eragin zuen pilota jokoa ulertzeko moduan. Pilotari profesionala izan ondoren, intendente eta material-hautatzaile gisa egin zuen lan. Azkenik, Asegarceko kolaboratzailea zela, Fronton telebista saioko komentarista gonbidatu ibili zen.
Ogeta | ||||
---|---|---|---|---|
Ogeta, 1959an | ||||
Izen osoa: | José María Palacios Moraza | |||
Jaiotza data: | 1935eko irailaren 2a | |||
Jaioterria: | Gasteiz (Araba) | |||
Heriotza data: | 2002ko apirilaren 21a (66 urte) | |||
Heriotza herria: | Gasteiz (Araba) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
Postua: | aurrelaria |
Ogeta 1935eko irailaren 2an jaio zen Gasteizko Arana kalean, bere aitak igeltsero lan egiten zuen lekuan. Sei urte zituela, familia Bernedora joan zen, eta han hasi zen lehen pilotakadak ematen pilotalekuan. 13 urterekin zuriz jantzi zen lehen aldiz eta 16 urterekin Espainiako txapelduna izan zen, Burgosen jokatu zen Federazioen Torneoko finalean, Esparza gainditu ondoren. 1952an afizionatu mailako buruz buruko txapeldun gazteena izan zen. Ondoren, hamazazpi urte besterik ez zituela, profesionalismora jauzi egin zuen, orduan "pilotaren historiako kasu bakarra" izan zelarik.
Enpresarekin sinatu zuen lehen kontratuak 1.200 pezeta ematen zizkion partiduko. Bere kalitate bikainaren eta kantxan egiten zuen ikuskizunaren ondorioz, zazpi hilabetetan 5.000 pezeta kobratu zituen partida bakoitzeko. Hilabeteak joan ziren, eta Ogetaren ospea handitu egin zen. Pilotalekuak bete egin ziren eta, lehen aldiz, emakumeen presentzia nabari zen harmailetan.
Ogeta pilotari berritzailea zen, esku huskako pilotan molde asko hautsi zituen. Bere estetika ezberdina zen, bai kantxan eta bai kantxatik kanpo.
1958ko maiatzaren 4an, buruz buruko txapeldun izan zen, eta hurrengo urtean berriz ere. Lehenengoan Arriaran II.aren aurka jokatu zuen, Beotibarren. Ogetak 23 urte zituen eta eroso irabazi zuen finala (22-7). Urtebete geroago, 1959an, Ariño I.aren aurka errepikatu zuen Bergaran, eta (22-13) irabazi zuen. Hilario Azkaratek, 1960an kendu zion hirugarren txapela lortzeko aukera, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatutako finalean.
Dena dela, batez ere binakako partidetan erakusten zuen joko ikusgarriarengatik nabarmendu zen. Abantaila handiak eman zizkien bere garaiko aurkariei.
1961ean bizkarrezurreko lesio larri bat izan zuen, eta haren ondorioz hiru urtez jokalekuetatik at izan zen. Kantxara itzuli zenean, gerrialdeko lesio batek berriz ere geldirik utzi zuen sei hilabetez. 1968an berragertu zen, martxoaren hasieran, eta aurrelarietan lehena izaten jarraitzen zuen. Azkenik, 1979an erretiratu zen.
Gara hartako helduek jokatzeko moduagatik eta dotoreziagatik gogoratzen zuten, baina garaiko gazteenentzat Jose Mari Palacios, Ogeta, idoloa zen. Are gehiago, eredutzat aurkezten zen gazteentzat, «alkoholaren eta tabakoaren etsai» izateagatik.
Ogetaren erasoko joko ikusgarriak, ahalmen fisikoak, ezohiko indarrak eta gantxoak, harrituta utzi zituen garaiko pilotazaleak. Horrela sortu zen "zikloi" ezizena.
Ogetak arrakastaz betetako kirol karrera baten ondoren, intendente eta material hautatzaile lanak egin zituen. Bere pilotaren munduko azken urteetan, berriz, telebistako Fronton saioko esatari gonbidatua izan zen, gaixotasun larri batek 2002an 67 urterekin hil zuen arte. Ogetak azkar irakurtzen zituen partidak, eta berehala ematen zituen bere iruzkinak materialari, pilotalekuari eta pilotarien sasoiari buruz.
Gasteizko pilotaleku nagusia 1979an inauguratu zuten Mendizorrotzeko auzoan, eta omenaldi gisa gasteiztar pilotari handiaren izena darama.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.