politikari espainiarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Javier Ybarra Bergé[1] (Bilbo, 1913ko uztailaren 2a - Barazar, 1977ko ekainaren 22a) enpresaburua, idazlea eta politikaria izan zen, ETA politiko-militarrak eraila.
Neguriko goi burgesia osatzen zuten familietako batean jaioa, Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen. Espainiako Bigarren Errepublikaren denboran, Partido Nacionalista Español alderdi erregezale ultraeskuindarreko kide izan zen lehenik, eta Renovación Española alderdi erregezale eskuindarrekoa gero. Espainiako Gerra Zibilean borrokatu zen, nazionalen alde; zauritua izan zen, eta hainbat domina jaso zuen. 1963tik 1969 arte, Bilboko alkate izan zen. Bizkaiko Diputazioko buru eta Francoren Mugimendu Nazionaleko kontseilari ere izan zen.[2]
Haurren lapurreta, salmenta eta legez kanpoko adopzioei lotuta egon zen, besteak beste, María Madre izeneko elkarte bateko kidea eta lehendakaria izan zenean.[3][4][5]
Gerra Zibilean izandako bizipenei buruz, historiari buruz eta politikari buruz idatzi zuen. Hainbat enpresatako zuzendaritzan aritu zen: besteak beste, Babcock Wilcox enpresan, hainbat bankutan, eta El Correo egunkarian.
Banco de Vizcaya banketxeko ordezkari gisa Babcock Wilcoxeko lehendakari zela, 1977ko maiatzaren 20an, ETA politiko-militarrak bahitu zuen. Familiari mila miloi pezetaren erreskatea eskatu zion; gero 500 milioira jaitsi zuen dirutza, baina familiakoek ezin izan zuten dirua bildu. 1977ko ekainaren 22an, ETA politiko-militarrak Bilboko Radio Popular irratira deitu zuen: Javier Ybarra «exekutatua izan da», jakinarazi zuten.[6] Gorpua Barazarren agertu zen, garondoan tiro bat zuela, eta eskuetan arrosarioa eta meza liburua zituela.[7]
1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hautaturiko parlamentariek eta haien alderdiek hilketa gaitzetsi zuten. Ideologiaren aldetik ETA politiko-militarrari lotuta zegoen Euskadiko Ezkerra hauteskunde koalizioko hainbat buruk ere gaitzetsi zuten. Jose Luis Elkoro buru zuen Bergarako alkate taldeak ere gogor gaitzetsi zuen erailketa.[6]
Hilketa horrek ETA politiko-militarraren banaketa eragin zuen. Gehienek Juan Maria Bandresek proposatutako gobernuarekiko negoziazioa onartu zuten. Gainerakoek, Miguel Angel Apalategi eta Pakito Mujika Garmendia buru zituztela, ETA VIII. Biltzarra sortu zuten.[erreferentzia behar]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.