From Wikipedia, the free encyclopedia
Itsasaldia edo marea ilargiaren eta eguzkiaren grabitatearen eraginez itsas mailaren gorabehera erritmikoa da[1]. Itsas mailak txandaka iristen ditu maila goreneko unea (itsasgora edo goraldi deitua) eta maila gutxienekoa (itsasbehera edo beheraldi deitua); batetik besterako tartea sei ordu eta 15 minutukoa da. Fenomeno hau kostalde eta itsasadarretan da agerikoa.
Badaude itsas mailan gorabeherak sortzen beste fenomenoak ere, adibidez presio atmosferikoa. 1 hektopascaleko aldaketa batek 1 zentimetroko gorabehera sor dezake. Aldaketa hauek marea barometriko dute izena. Itsas maila aldatzen duten beste fenomenoek ere (haizea, euria, ibaiak gainezka egitea edo tsunamiak) ez dituzte berez mareak sortzen[2].
Ur masen goranzko eta beheranzko leku aldaketak zenbait indarren konbinazioz sortuak dira. Indar garrantzizkoenak Ilargiak eta Eguzkiak hidrosferan sortzen duten erakarpen indarrak dira; erakarpen indar horien ondorioz, Lurreko hidrosfera, masa isurkaria denez, itxuraldatu egiten da. Ilargiaren eta Eguzkiaren leku aldaketek, hau da, Lurrarekiko duten posizio erlatiboan gertatzen diren aldaketek, hidrosferaren itxura aldaketen intentsitatea ere aldarazten dute, halaber, eta horren ondorioz itsasaldiak ez dira leku eta garai guztietan berdinak izaten. Ilargiak Lurrean sortzen duen grabitazio erakarpena bi argizagien arteko hurbiltasunaren ondorioa da, Ilargiaren masa eta bolumena oso txikiak baitira. Eguzkiak eragiten duen indarra, aldiz, bere masa handiaren ondorioz sortua da.
Ilargiak Lurraren inguruan egiten duen orbita eta Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duena plano desberdinean daudenez eta Lurrak bere buruaren inguruan bira egiten duenez, intentsitate desberdinekoak izaten dira batak eta besteak Lurraren gainaldeko edozein puntutan sortzen dituzten indarren osagaiak. Intentsitatea desberdina izateak gorabeherak sortzen ditu urte sasoien arabera itsasaldien anplitudean; fenomenoaren aldizkakotasuna, dena den, ez da aldatzen.
Gauza jakina da Lurraren gainaldea ez dagoela urez uniformeki estalia; hori dela eta, lekuan lekuko itsasaldien periodoa eta batez bestekoak aldatu egiten dira, eremu batetik bestera, kostaldearen morfologiaren, haizearen, egurats presioaren eta itsas hondoko ezaugarrien arabera. Horiez gainera badira itsasaldien magnitudean eta itsasgoren periodoan aldaketak eragiten dituzten beste eragile hauek ere: Eguzkiaren eta Ilargiaren deklinazioa, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbita eta Ilargiak Lurraren inguruan egiten duena, hain zuzen ere. Horien eraginez, mugimendu konplexu eta erritmikoak sortzen dira itsasaldietan, Ilargiaren itsasaldi nagusiak deusezta ditzaketenak edo baita itsasaldi bat besteari gainjarri ere.
Horrela, eguneko bi goraldi eta beheraldien eredua, egunero 50 minutu berandutzen dena, aldatu egin daiteke lekuan lekuko baldintzen arabera eta, kasu batzuetan, gerta daiteke goraldiaren eta beheraldiaren artean desberdintasunik ez igartzea ere.
Itsasaldiak ikertzerakoan bi ziklo bereizi behar dira: eguneko zikloa eta urteko zikloa.
Eguneko zikloan Lurraren errotazioak du eragina. Errotazio hori dela eta, lur azaleko edozein puntutan itsas maila goreneko bi une eta gutxieneko beste bi une bereizten dira egunean. Itsas mailak txandaka iristen ditu maila goreneko unea (itsasgora edo goraldi deitua) eta maila gutxienekoa (itsasbehera edo beheraldi deitua); batetik besterako tartea sei ordu eta 15 minutukoa da, Ilargiaren errotazioaren eraginez (kontuan hartu beharrekoa da Ilargiaren errotazio periodoa 24 ordu baino luzeagoa dela). Goraldiaren eta beheraldiaren artean gertatzen den itsas mailaren diferentziari itsasaldi anplitudea esaten zaio.
Ilargiak Lurrarekiko duen distantzia ez baita beti berdina, itsasaldi anplitudea ere aldakorra da: 27,5 egunetan zehar aldatuz joaten da, Ilargiak Lurrarekiko duen periodoa 27,5 egunekoa baita, eta anplitude txikiena iristen du perigeo momentuan (Ilargia Lurretik hurbilen dagoenean), eta handiena apogeo momentuan (Ilargia Lurretik urrunen dagoenean).
Bestalde, Ilargiaren orbita bat ez datorrenez Lurraren ekuatoreko planoarekin, hau da, plano horri buruz deklinazio angelu bat eratzen duenez, zenbait desberdintasun sortzen dira egunean zeharreko bi itsasgoretan eta bi itsasbeheretan; fenomeno horri itsasaldien eguneko desberdintasuna esaten zaio, eta gehienez ere hilean bitan gertatzen da, Ilargiaren orbitaren gehieneko deklinazioarekin batera.
Eguzkiak zuzeneko eragina du itsasaldien urteko zikloan eta gorabeherak eragiten dituela itsasaldien prozesuan, Eguzkiaren posizioak Lurrarekiko 24 orduko periodoa baitu. Garrantzi handia dute, orobat, itsasaldietan eragina duten hiru argizagien posizioek, hirurak batera hartuta; izan ere, Ilargiak eragiten duen efektua Eguzkiak indartu egiten baitu, baldin eta Eguzkia Ilargia eta Lurra hirurak elkarren parean badaude, hau da, Ilargi betea edo Ilargi berria denean. Halako egoeretan itsasaldien goraldiak punturik altuenera eta beheraldiak beherenekoera iristen dira. Itsasaldi ekinoidalak, sizigiak edo itsasaldi biziak dira horiek.
Ilargi berriaren eta Ilargi betearen artean, lehenengo eta hirugarrengo Ilargi laurdenetan alegia, angelu zuzena osatzen dute hiru argizagiek, Lurra dagoela angelu horren erpinean. Itsasaldiak sortzen dituzten indarrak Eguzkiak eta Ilargiak sortuak direnez gero, bata bestearen kontra jartzen dira eta, horrela, indarra ahuldu egiten da; hori dela eta, goraldia itsasaldi bizietan baino askoz txikiagoa da eta beheraldia, noski, altuagoa; era horretako itsasaldiei itsasaldi hil edo koadratura itsasaldi deitzen zaie.
Eguzkiak eta Ilargiak hilabeteko periodoa dute. Periodo horretan mota bakoitzeko bina itsasaldi gertatuko dira eta Ilargiaren errotazioak sortzen duen denbora gorabeheraren ondorioz, itsasaldietan aldaketak gertatuko dira hilabete batetik bestera.
Hona hemen itsasaldiekin loturiko zenbait hitz:
Hona hemen munduko ohiko marearik handienak:
Lekua | Anplitudea (m.) |
---|---|
Granville, Mont-Saint-Micheleko badia (Frantzia) | 13,6 |
Burntcoat Head, Fundy badia (Kanada) | 11,7 |
Leaf Lake, Ungava badia (Quebec) | 9,8 |
Newport, Bristolgo kanala (Ingalaterra) | 9,2 |
Sunrise, Cook Inlet (Alaska) | 9,2 |
Río Gallegos (Argentina) | 8,8 |
Koksoak ibaiaren bokalea, Hudson badia (Kanada) | 8,7 |
Banco Dirección, Magallaes itsasartea (Txile) | 8,5 |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.