From Wikipedia, the free encyclopedia
In vitro ernalketa gorputzetik kanpo obuluak espermatozoideekin emankortzean datzan prozesua da, "in vitro" (beiran) alegia. "Probeta-umea" hitza hortik dator hain zuzen ere, bide honetatik jaiotako haurrek hartzen zuten izena.
Louise Brown izan zen teknika hauekin arrakastaz jaiotako lehenengo pertsona, 1978an eta Ingalaterran hain zuzen ere, Robert Edwards biologoak eta Patrick Steptoe zirujauak egindako elkarlanari esker. Ordutik gaur egun arte 4 milioitik gorako pertsonak jaio dira mundu osoan metodo honen bidez. 2010ean Edwardsek Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen lorpen garrantzitsu hauengatik.
Hego Euskal Herrian, 1985eko uztailean lehendabiziko probeta-umea Gurutzetako Ospitalean jaio zen.
In vitro hitza latinetik dator eta kristal barruan esan nahi du. Izen hau erabiltzen da organismo bizietatik kanpo egin ziren lehen tejidoen hazkuntzak kristal ontzietan egiten zirelako, hala nola probetetan, Petri plaketan, saiakuntza tuboetan.. Gaur egun in vitro hitza hurrengorako erabiltzen da: edozein prozedurari, bere berezko organismotik kanpo egiten denari. In vivo prozedura, beste alde batetik, bere berezko organismo biziaren barruan gertatzen den prozedurari deitzen zaio. Normalean in vitro ernalketa Petri plaketan egiten dira, gehienetan plastikozkoak direnak.
Hasiera batean in vitro ernalketaren helburua Falopioren tronpetan arazoak zituzten emakumeak ugal zitezela zen, baina geroago ikusi zen beste ugalketa arazo batzuekin ere ondo ateratzen zela.Mundu osoko bikoteen %10 inguruk ugalketa arazoak dituzte eta emankorrak ez diren bikoteekin edo banakako pertsonekin erabiltzen dira teknika hauek. In vitro ernalketa bat ondo atera dadin beharrezkoak dira obozito osasuntsuak, hauek ernal ditzaketen espermatozoideak eta haurdunaldiaren prozesua gertatzeko umetoki bat.
Hainbat ataletan banatu dezakegu prozesu hau. Obulutegien hiperestimulazioa, obuluak ateratzea, obuluak eta esperma elkartzea eta ernalketa bera, enbrioien kultiboa, enbrioien aukeraketa eta enbrioien lekuz aldatzea.
Lehengo fasea obarioen estimulazioa da, eta urrats hau ondo atera dadin emakumea hilekoaren hirugarren egunaren inguru egon behar da.Emakumeari hainbat proteina ematen zaizkio obarioen folikuluak estimula daitezen. Hau egiteko bi prozesu daude, luzea eta motza.
Prozesu motza: Folikuluak denbora tarte txiki batean estimulatzen dira bakarrik, baina esaten da antzutasun edo emankortasun arazo txikiak dituzten emakumeentzako hobeagoa dela prozesu hau eta eragin handiagoa daukala. Baina teknika honen desabantaila nagusia hurrengoa da, ezin daiteke jakin zein momentu zehatzetan haziko diren folikuluak, eta beraz, proteinen aurkako erasoen probabilitatea igotzen da.
Prozesu luzea: Folikuluak denbora luzez estimulatzen dira eta horrela haziko diren momentu zehatza kalkulatu dezakete eta proteinen aurkako erasoak txikitzen dira, baina bere desabantaila gehiegizko estimulazioa lortzea izango lirateke.
Bigarren fasea obarioen erauzketa da. Fase honetan egiten dena zera da, folikuluak ondo hazi direnean,emakumearen baginatik ultra soinuekin gidatua dagoen orratz bat sartzen da eta folikuluetara ailegatzen da.Honetarako anestesia lokala erabili ohi da, emakumeak puntzioaren mina senti ez dezan. Bertan obozitoak erauziko ditu eta sortutako zauria itxiko du, odolak dituen antigorputzak obozitoa kaltetu edo zauritu ez ditzaten. Obozitoak oso ahulak dira, laborategi osoko elementu sentsibleena tenperaturari, izan ere, 34 gradutatik behera badago bere egitura desegiten da eta gero berriz ere sortzen denean anomalia kromosomikoak pairatu ditzake.Beraz fase edo urrats hau ondo egitea oso garrantzitsua da, obuluak behin erauziak ahalik eta azkarren garbitzea odolaz, tenperatura egoki batean.
Hirugarren fasea ernalketa bera da. Obozitoak probeta batean sartzen dira eta obozito bakoitzagatik 75000 espermatozoide sartzen dira(mililitro bakoitzean 5 eta 10 milioi espermatozoide artean) eta bertan nahasten dira. 18 orduz glukosa duen kultibo medio sinple batean jartzen dira.
Obozitoak lehen 20 minutuetan ernaltzen direnez badaude obuluak garbitzen dituztenak denbora hau pasa ondoren, espermatozoide hilak kaltetu es ditzaten, baina ez da oso ohikoa.
16-18 ordu horiek pasa ondoren suposatzen da ernalketa egina egon beharko zela guztiz, eta ernalketa ontzat ematen da giza zigotoa bi pronukleo eta bi korpuskulu dituenean, baina gehienetan bi pronukleo dituzten enbrioiak ontzat ematen dira, oso zaila baita bi korpuskuluak ikusi eta interpretatzea. Bi pronukleo ez dituen edozein enbrioi deuseztatzen da, ez da ontzat emango.
Hau eta gero 48 orduz kultibo medio sinple batera aldatzen da enbrioia, 6 edo 8 zelula izan arte.
Hau eta gero 2 eta 5 egun tartean ph-a, tenperatura eta argia kontrolatzen diren inguruetan kultibatzen dira, beraien banaketa zelularra gerta dadin.
Laborategietan enbrioiak aukeratzeko beraien hazkuntza erritmoa begiratzen da, enbrioiaren simetria eta baita bere zelulen integritate estrukturala ere.
Normalean enbrioi bat baino gehiago inplantatzen dira, arrakasta aukera gehiago egon daitezen.Espainian adibidez legalki sartu ditzaken enbrioi kantitate maximoa 3koa da.
Gainera emakumearen adina, prest dauden enbrioiak eta beste hainbat faktorek daukate zerikusia horretan. Uteroan uzkurdurarik ez egoteko( enbrioiarentzat oso kaltegarriak suerta liratekeenak) progesterona ematen zaio emakumeari, muskulua erlaxatzen duena eta hau uzkurtzea zailtzen duena.
Estatu Batuetan umeen %27 ondo eta osasuntsu jaiotzen dira teknika honen bidez( eta haurdunaldien %33 in vitro dira).Exito tasak emakumearen adinaren arabera asko aldatzen dira, edo hobeto esanda, erabilitako obozitoen adinaren arabera. Emakume beraren obozitoak erabilita( eta ez emaile batenak) emakume hori 35 urtetik beherakoa bada, haurdunaldi tasak %43koak dira (%36.5 jaio berri bizi). Baina 40 urtetik gorako emakumeetan datu hauek asko aldatzen dira, 42 urtetik gorako emakumeetan %4ak bakarrik lortzen du. Normalean arrakasta ziurtatzeko enbrioi bat baino gehiago jartzen dira ernaltzen batera, baina honen arriskua da ernalketa multiple bat lortzea.
Ernalketa honen arrisku nabariena haurdunaldi anizkoitza da. Honek abortua edo jaiotza prematuroa bezalako arazoak sor lezake.
Printzipioz ez dago ikasketarik frogatzen duena horrelako ernalketan akatsak edo mutazioak sortzeko aukerak handitzen direnik, baina badaude esaten dutenak gametoak gorputzaz kanpo modifikatzeak aukera hauek handitzen dituela.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.