Galtzagorri Elkartea Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Elkartea da. Irabazi asmorik gabeko elkartea da. 1990ean sortu zen eta harrezkero haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko eta Euskarazko Haur eta Gazte Literatura ezagutarazteko hainbat egitasmo lantzen ditu. Besteak beste, haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzendutako Bularretik Mintzora egitasmoa, 2007an sortu eta, Euskal Herriko 21 herritara zabaldu dena. Horrez gain, 1999tik Haur eta Gazte Literaturari buruzko aldizkari bakarra argitaratzen du urtean bitan: Behinola aldizkaria. [1]
Historia
Galtzagorri Elkartea 1990eko urriaren 24an sortu zen eta hasieran Eskoriatzako Irakasle Eskolan kokatu zen, gaur egungo, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI Fakultatean. Bertan, 1988an sortu berri ziren Haur Liburuaren Mintegia eta Dokumentazio Zentroa sustatu zutenen eskutik sortu zen. Nerea Alzola unibertsitate irakaslea eta Pello Añorga idazle, kontalari eta unibertsitateko irakaslea izan ziren sortzaileetako bi kide. Haiekin batera beste irakasle, itzultzaile, bibliotekari eta idazle batzuek ere hartu zuten parte elkartearen sorreran. [2]
1990ean honakoek osatu zuten Zuzendaritza Batzordea: Xabier Etxaniz Erle (lehendakari), Manu Lopez Gaseni, Pello Añorga, Nerea Alzola, Iñaki Zubeldia, Xabier Mendiguren Elizegi, Concha Chaos eta Mariasun Landa.
Garai hartan hasi zen OEPLIrekin (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) elkarlanean eta, harrez gero, OEPLIko kide izaten jarraitzen du ClijCat (Consell Català del Llibre per a Infants), Galix (Asociación Galega do Libro Infantil e Xuvenil) eta Consejo General del Libro elkarteekin batera. OEPLIk guztien ordezkari lana egiten du IBBY erakundean (International Board on Books for Young People), eta, ordezkaritza horri esker, Galtzagorri Elkarteak euskal idazle eta ilustratzaileen lanak nazioartean ezagutzera emateko aukera du: IBBYren Ohorezko Zerrendarako euskal hautagaia proposatuz; ilustratzaileen Bratislavako Biurtekora euskal hautagaiak aurkeztuz; Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionalerako epaimahaikideak hautatuz eta abar.
Etxean, berriz, Euskadi Literatura Sarietan, Etxepare Sarian eta beste hainbat lehiaketatan epaimahaikideak eta hautagaitzak aurkezten ditu.[2]
Xabier Etxaniz Erlek bete zuen hastapenetan lehendakari kargua. Garai haietan Euskal Haur eta Gazte Literaturaren inguruan gauza asko intuizioz egiten zirela dio eta zegoela egiturarik. Kataluniatik etorri zen egitura bat sortzeko lehen eskaria, modu horretan Espainiako lau hizkuntza ofizialek izango zutelako haien ordezkaritza nazioarteko Haur eta Gazte Literaturaren esparruan. Haur eta Gazte Literaturaren inguruan lanean zebiltzan profesionalen indarrak batzeko eta EHGLk nazioartean oihartzuna izan dezan eta bide bat egin dezan. [3]
Lehen 10 urteetan nahiko modu apalean eta egoitza propiorik gabe funtzionatu zuen elkarteak, baina orduan hasi ziren lehen areto literarioak sortzen eta profesionalentzako lehen formazio saio eta ikastaroak antolatzen. Urte haietan argitaratu ziren Kukumira (1992-1996) eta Kukuluma (1997-1999) aldizkariak. Pello Añorgak eta Nerea Alzolak koordinatu zituzten biak, eta, 1999an sortu zen Behinola aldizkariaren aitzindari izan ziren. [2]
1999an Mari Jose Olaziregi izendatu zuten lehendakari. Eskoriatza utzi eta Elkarteak Donostian hartu zuen bulegoa, Artzai Onaren kalean, Gipuzkoako Liburuzainen Elkarteak utzi zion lekua. Orduan sortua ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, gaur egun oraindik martxan dauden hainbat proiektu: Liburuen Altxorra eta Liburu Gaztea, besteak beste.[3]
2005ean egoitza aldatu zuten, gaur egungo Zemoria kaleko 25. zenbakiko bulegora pasatuz. Bertan daude Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Editoreen Elkartea (EEE) eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin (EIZIE) batera. Lau elkarteok elkarlanean Euskal Liburuaren Gaua ekitaldia antolatu zuten 2008tik 2014 bitartean, bertan urtero Dabilen Elea saria banatzen zen, argitaratzaileei, idazleei, irudigileei, itzultzaileei euskal liburugintzaren sektorean egindako lana aitortzeko. [4]
Elkarteko lehendakariak
- 1990-1999: Xabier Etxaniz, idazle eta EHUko irakaslea
- 1999-2001: Mari Jose Olaziregi, Literatura irakasle eta kritikaria, 2010etik Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria
- 2001-2003: Aurelio Erdozain, editore eta irakaslea
- 2003-2006: Migel Asiain, irakaslea
- 2006-20011: Asun Agiriano, bibliotekaria
- 2011-2014: Aitziber Alonso, ilustratzailea
- 2014tik: Iñaki Markotegi, eskola-liburuzaina
Egitasmo nagusiak [5]
Bularretik Mintzora
Haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago. Haien bidez, 0-8 urte bitarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea du helburu. Irakurketa garatzen den inguru naturalean gauzatzen da kanpaina: bibliotekan, etxean, haurreskola eta eskoletan eta osasun zentroetan. Funtsean, etxea, eskola eta liburutegia lotzen dituen egitasmoa da. Baina azken urteetan osasun zentroak ere sartu dira kate horretan; gurasoei haurrarekin komunikazio osasuntsua eraikitzeko Haur Literaturak baliabide egokiak eta kalitatezkoak eskain ditzakeenez, Bularretik Mintzora egitasmoan proposatzen diren sehaska kantuak, hitz jokoak, bestelako kantuak eta ipuinak haurraren garapen integralerako tresna moduan aurkezten ditu tokian tokiko pediatrak. [6] 2007an sortu zen egitasmoa 5 herritan martxan jarriz eta 2015ean Euskal Herriko 21 herritan gauzatzen da egitasmoa. Horietan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta parte hartzen duten herriek babesten dute egitasmoa.
CD-liburuak [7]
- Bularretik Mintzora: 0 eta 4 urte bitarteko haurren guraso edota hezitzaileentzat. sehaska kantak, esku jolasak, eta abar eskaintzen zaizkie helduei haien haurrekin erabiltzeko.
- Sasi Guztien Gainetik: 5 urtetik gorako haurrekin erabiltzeko. Haur-jolasaka, kantu-bilduma eta tradiziozko ipuinak biltzen ditu.
Irakurketa Klubak
2008an jarri ziren martxan. Haur literatura ardatz hartuta, ipuin, kantu, olerki eta hitz-jolasekin gurasoen eta hezitzaileen prestakuntza bideratzea du helburu. Haurrek eta haien guraso/hezitzaileek hartzen dute parte Galtzagorri Elkarteko dinamizatzaile batek gidatutako saioan. Gaur egun, hiru adin-tarte hauei zuzendutako saioak eskaintzen dira: 0-3, 3-6 eta 6-8.
Liburuen Altxorra/Liburu Ibiltariak
2000 eta 2001 urtean sortu ziren bi egitasmoak eta etenik gabe jarraitzen dute. Liburuen Altxorra Gipuzkoan (Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin) eta Liburu Ibiltariak Bizkaian (Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin) gauzatzen dira. Biek hala biek zerbitzu bera eskaintzen dute: eskola txikietara bideratutako liburutegi mugikorra. Gurpildun kutxa batean euskarazko 150 liburutik gora biltzen dituzte, Haur Literaturako azken nobedaderik onenekin.
Liburu Gaztea Saria
2000-2001 ikasturtean sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta etenik gabe jarraitzen du, baina aldaketa batekin: gaur egun, 2011-2012 ikasturtetik, Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa da. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta parte hartzaileek liburu bat irakurri eta horri buruzko book trailerra egin behar dute.
Klis-klasikoak
2011n sortu zen egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin. Haur eta gazteek autore klasiko unibertsalen nahiz euskal autore ezinbestekoen lanak euskaraz irakurtzeko aukera bermatzea da egitasmoaren helburua, modu horretan curriculum literarioa euskaraz osatu ahal izango dute haur eta gazte horiek.
Klis-klasikoak app bilduma
Klis-klasikoak liburu bildumako argitalpenen aplikazio digitalak sortzea du helburu, haurrei eta gazteei literaturaz haien aisialdian euskaraz eta hainbat euskarri teknologikorekin gozatzeko aukera eskainiz. App bilduma horretako lehen app-a Maria Goikoak Batbirulau! liburuarena da. 2014an sortu zuen Galtzagorrik eta 2015ean Gipuzkoa App's 2015 lehiaketako lehen saria irabazi zuen. [8]
Irakurketa mintegia
2007an jarri zen martxan Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta ikasturtero egiten da. Hilean behin, Galtzagorri Elkarteko hainbat bazkide biltzen dira aurreko urtean haurrentzat euskaraz argitaratu zen guztia irakurtzeko eta baloratzeko. Bertan biltzen dira liburuzainak, irakasleak, kontalariak, idazleak, ilustratzaileak... eta literatura zaleak, oro har.
Marraz(i)Oak
Ilustratzaile berrien topaketak dira. 2009an jarri zen martxan eta urtero egiten da. Sorreran ilustratzaile eta idazleak elkarlanean jartzea zen helburua eta horrela egin ziren lehen topaketak, baina pixkanaka ilustratzaileei zuzendutako topaketa bihurtu dira. Urtero gai jakin baten inguruan egiten dira eta formazioa ilustratzaile batek eta literatura aditu edo idazle batek eman ohi du. Orain arte aditu hauek aritu dira saioak gidatzen: Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch; Oier Guillan, Jose Belmonte eta Isabel Herguera; eta Elena Odriozola eta Gustavo Puerta. Aitziber Alonso ilustratzailea arduratzen da egitasmoa koordinatzeaz.[9]
Ilustratzailearen Txokoa
Galtzagorri Elkartea eta Donostia Kulturaren arteko elkarlanetik sortu zen 2012an, Euskal Herriko ilustratzaileei haien lanak ezagutzera emateko gune gisa. Iban Barrenetxearen lanekin zabaldu zen eta harrez gero hainbat ilustratzaile izan dira bertan: Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Asun Balzola eta Iñaki Martiarena "Mattin" (2016ko maiatzaren 22a arte). [10]
Areto literarioak
Areto literarioak Galtzagorri Elkarteak sortutako jolas literariorako espazioak dira. Haurrak jolasaren bitartez irakurzaletzea da aretoen helburua. Herri eta hirietako Liburutegietan muntatzen dira pare bat asterako, eta tokian tokiko eskoletako haurrak joaten dira eskola-orduetan bertan proposatzen diren jarduerak burutzera. [11] Dinamizatzaile batek gidatutako saioak izaten dira. Gai desberdinen inguruko aretoak sortu ditu Galtzagorri Elkarteak [5]:
- Ipuinez ipuin (2001): ipuinen gaia lantzen da.
- Haur-poesia aretoa (2003): poesia lantzen da.
- Adur, adur, ez naiz zure beldur (2004): Jonas eta hozkailu beldurtia ipuina ardatz hartuta, Haur Literaturan beldurraren trataera aztertzen da.
- Animaliek hizketan zekiten garaian (2006): alegien bidez, sentimenduak azaltzea eta esperimentatzea da helburua.
- Irudiz, irudi, liburu ibiltari (2005): irudigileen lana gertutik ezagutzeko aretoa.
- Letren leihotik (2006): literaturaren bidez, elkarrekintzako jolasak garatzen dira.
- Labirintoaren erbestean (2008): abenturazko esperientzia bat proposatzen duen aretoa.
- Kontuari kontu (2012): euskal tradiziozko ipuin-bilduma bati lotuta sortutako jolas literarioa.
- Itsaspeko bihotzak (2014): Haur Literatura oinarri hartuta, hezkidetza eta genero-berdintasuna lantzen dituen aretoa.
Erreferentziak
Bibliografia
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.