From Wikipedia, the free encyclopedia
Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) rhinolophidae familiako saguzarra da. Europan dagoen handiena izateaz gain, intsektujalea da kontinente honetako saguzar guztiak bezala.
Ferra-saguzar handi | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Chiroptera |
Familia | Rhinolophidae |
Generoa | Rhinolophus |
Espeziea | Rhinolophus ferrumequinum Schreber, 1774
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Bizi itxaropena | 3,5 urte |
Habitat | Sastrakadi eta baso |
Zabalera | 0,332 m |
Eguneko zikloa | gaueko |
Genomaren kokapena | ensembl.org… |
Euskal Herriko ferra-saguzarren artean handiena da, izenak berak dioen bezala. Gainerako generokideetatik erraz bereiz daiteke tamainari begiratuta bakarrik, baina sudur-egitura ere bereizgarria da. Europako atlantiar kostatik Asiako Ozeano Bareko kostaraino ezagutzen da espeziea eta Euskal Herrian oso espezie arrunta da. Kobazulotan gordetzen da normalean, baina lurpeko egitura artifizialetan (meategiak eta tunelak) ere ikusi ohi da.
Euskal Herriko errinolofido handiena da. Besaurrearen luzera 50,5 eta 60,2 mm bitartekoa izan ohi da eta emeak arrak baino apur bat handiagoak dira. Pisua, aldiz, 14,6 eta 31,6 gramo bitartekoa izan ohi da. Ilajea luze, leun eta dentsoa da eta ez da mintzen ertzetan zehar zabaltzen. Kolorea marroi-grisaska eta gorriaren artekoa izaten da, alde bentrala dortsala baino argiagoa. Gazteak argiagoak eta grisaxkagoak izaten dira. Zelaren ertzak ahurrak dira eta prozesu konektiboa altua da, ertz biribilduna. Laugarren hatzeko lehen falangea, bigarrenaren luzeraren erdia baino handiagoa da. Buztana tibia baino dezente luzeagoa da, eta ondorioz, uropatagioaren atze-ertzak angelu nabarmena eratzen du. Hortz-formula da eta goiko lehen aurreko hagina oso txikia da eta ezpainetarantz desplazaturik dago. Ondorioz, letagina eta atzeko aurreko hagina kontaktuan daude.
Euskal Herrian ez dago besaurrearen tamaina gainezarri daitekeen beste espezierik, eta tamainarengatik erraz bereizten da gainerako generokideetatik.
Frekuentzia konstanteko ekokokapen-pultsuak emititzen dituzte, gainerako errinolofidoek bezala. Energia maximoko frekuentzia 80 (79-84) kHz inguruan izaten da, eta pultsuen luzera 30 eta 40 ms bitartean kokatzen da. Harrapakin bila hegan doazenean segundoko 11-13 pultsu emititzen dituzte.
Zazpi azpiespezie ezagutzen dira:
Latitudeari dagokionez estua, baina longitudeari begiratuta banaketa zabala duen espeziea da. Europako atlantiar kostatik Japoniaraino hedaturik dago, baina latitude tarte estuan. Iparraldeko muga, Europan Herbehereetan, Britainia Handiko hegoaldean eta Kaukason dago. Asian, berriz, Gobi basamortuak ezartzen du muga. Hegoaldeko muga, Sahara eta Arabiako basamortuek eta Himalaia mendikateak ezartzen dute[1].
Iberiar penintsula ia guztian aurkitu da, nahiz eta Aragoi eta Gaztela Mantxan zita gutxi ezagutzen diren. Euskal Herrian, berriz, espezie ugaria da eta gordeleku asko ezagutzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa iparraldean, batik bat[2].
Zuhaitz edo zuhaixka estaldura minimo bat bada, askotariko inguruneetan bizi daitekeen saguzar-espeziea da. Presentzia baldintzatzen duen faktore nagusia, gainerako saguzar gehienekin gertatu bezala, gordeleku-eskuragarritasuna da. Animalia haitzulotarra da, baina haitzuloez gain mea, tunel, upategi eta bestelako lurpeko guneetan aurki daiteke. Nekazaritza inguruko eraikuntzetako gune ilun eta lasaietan ere gorde daiteke[3].
Kumatze-kolonia gehienak 1.000 metroko altueratik behera aurkitu dira, baina ale bakan eta ez-ugaltzaileak 1.600 metrotik gora ere behatu izan dira[1].
Ferra-saguzar handiaren dietaren %75 lepidoptero gautarrek eta koleopteroek osatzen dute, eta gainerakoa himenoptero eta dipteroek, normalean[4]. Ez da harrapari oportunista, nahiz eta dieta harrapakinen eskuragarritasunaren arabera alda daitekeen. Aukera den bitartean, sitsez elikatzen da, eta hauen gabezian, kakalardoak ehizatzen ditu. Harrapakinak tamaina handikoak izaten dira eta ekokokapenaren bitartez harrapakinak hautatzeko gaitasun handia du.
Ehizarako bi teknika ezberdin erabiltzen ditu, hawking eta flycatching teknikak, hain zuzen ere. Lehenengoarekin igarotzen du denbora gehiena eta landaredia dentsoko guneetan ehizatzeko gaitasuna du, hegaldian maniobratzeko duen erraztasunagatik. Baso zein leku irekietan 200-300 metroko ibilbide zirkularrak egin ohi ditu harrapakinen bila. Flycatchinga zuhaitzetako adarretatik eskegita burutzen du. Burua apur bat altxata, ekokokapenaren bitartez inguruko harrapakinak bilatzen dituzte burua eta gorputza biratuz, belarriak mugitzen dituzten bitartean. Hegan pausalekutik gertu harrapakinen bat igaroz gero, hegaldi labur eta azkar baten bitartez harrapatzen dute.
Maiatzean kumatze-kolonia sortuko den gunera iristen hasten dira aleak. Iristen lehenengoak ernari dauden emeak eta aurreko urtean jaiotako bi sexuetako gazteak izaten dira. Ondoren, gainerako eme ugaltzaileak eta ar helduak iristen dira. Guztiak elkartzean 30-100 alez osaturiko koloniak eratzen dituzte. Ar helduak kolonian mantentzen dira kumeak jaio bitartean. Gertakari hau ekaina amaiera eta uztaila hasiera bitartean ematen da[5][6].
Gazteak jaio eta 3-4 astera hasten diren hegan, eta beren kabuz bizitzeko gai direnean, 40-50 egun ingururekin, eme helduak udako gordelekua uzten hasten dira. Kumatze-kolonia hau uzten azkenak ale gazteak izaten dira.
Emeek 3-4 urterekin lortzen dute heldutasun sexuala[7][6]. Espezie honen bizi-luzetasuna 30 urterainokoa izan daiteke, nahiz eta badirudien gutxi direla 15 urte baino gehiago bizitzen diren animaliak (Dietz et al. 2009)
Kumatze- eta hibernazio-gordelekuen arteko distantzia ez da dozenaka kilometro batzuk baino luzeagoa izaten. Ugalketa garaitik at, elkarren artean 15 km-ko distantzia baino gutxiagora dauden hainbat gordeleku erabil ditzakete koloniek, garai honetan mugikortasun eta habitataren erabilera handiagoa emanaz. Gauez, eguneko gordelekutik 1-3 km urruntzen dira ehizarako.
Dirudienez, ez dira animalia lurraldekoiak eta ale bakoitzak ehiza-eremu ezberdinak erabil ditzake. Ehiza-eremu berbera, bestalde, hainbat alek partekatu dezakete, baina ez momentu berean.
Hibernazio-koloniak kumatze-koloniak baino askoz ere handiagoak izaten dira; 600 aleko koloniak ezagutzen dira. Sexua eta adinaren arabera, neguko gordelekuak hautatzerako orduan aldakortasuna behatu da. Eme helduek kobazulo txiki eta hotzak hautatzen dituzte, leize handiak ar eta eme heldugabeek okupatzen dituzten bitartean. Loaldian daudela dirudien arren, neguan zehar, hibernazio-koloniek aldakortasun handiak pairatzen dituzte. Hala, neguko aktibitatea ematen dela ondoriozta daiteke, kanpoko harrapakin-eskuragarritasunaren araberakoa dena.
IUCN erakundearen arabera, mundu mailan ez dago espezie honen kontserbazio-egoera ez dago kolokan.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.