margolari arabarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Fernando Amarika Medina (Gasteiz, 1866ko ekainaren 1a — ib., 1956ko azaroaren 6a) margolari inpresionista arabarra izan zen. Euskal Herriko margolaritzaren figura nagusietakotzat jotzen da.
Fernando Amarika | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gasteiz, 1866ko ekainaren 1a |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Heriotza | Gasteiz, 1956ko azaroaren 6a (90 urte) |
Hobiratze lekua | Santa Isabel hilerria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Valladolideko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Irakaslea(k) | Joaquín Sorolla |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Influentziak | Joaquín Sorolla eta Ignacio Zuloaga |
Paisaiagintzaren alorra jorratu zuen, batik bat, 500 bat margolan eginez.
Arabako Arte Ederretako Museoan bere lana erakusten duen erakusketa iraunkorra dago, bigarren solairuan.
Argitasun handiko paisaia pintore honek Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ekin zion marrazteari 1885 urtean; handik bi urtera zuzenbideko ikasketak Valladolideko Unibertsitatean bukatu zituen, 21 urte bakarrik zituela lizentziatuz. Hala ere, ez zuen inoiz abokatu gisa lan egin.
XIX. mendearen azken hamarkadan hasi zen margotzen modu jarraituan, 1893tik aurrera. Hasierako eraginik handiena Ignacio Diaz de Olano bere lagun eta margolari gasteiztarrak sortu zion. Pinturari erabat emanik, Florentzia, Venezia, Milan eta Napoli ezagutu zituen. 1898an, berriz, Madrilera joan zen, Joaquín Sorolla inpresionista ezagunaren ikasle. Bere lehen obrak Parisko Aretoan (1903) eta Marseillako Erakusketan (1905) azaldu zituen.
1923an Madrilgo Palacio de Bibliotecas y Museos delakoan egin zuen bere lehen erakusketa handia, eta arrakasta handia izan zuen. Han aurkezturiko ikuspegiez osaturiko erakusketa egin zuen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan 1924an, bere hirikideen miresmena jasoz. Handik lau urtera, 1928an, bere obren bilduma aurkeztu zuen Bilboko Delcraux Aretoan.
Harrez gero, pintura eta literatura lanak tartekatuko zituen, eta 1950ean liburu bat argitaratu zuen: Desde mi molino.
Bi urte geroago, ikusmena galdurik, buruz jarraitu zuen pintatzen.
Hiltzean, sorterriari utzi zion bere obra guztia, laurehun koadrotik gorakoa. Haren izena daraman Fundazioan berrehun koadroz goiti daude gordeta. Erakusketa antologikoa ikusi ahal izan zen Gasteizen (1986), Bilbon (1987) eta Donostian. Madrilen ere erakusketa antologikoa egin da (1989). Haren koadro ezagunenen artean hauek aurkitzen dira: Alava, Escalando al cielo, Desnudo, Autorretrato (1887), Tarde de Septiembre, Tres puentes, La vuelta del Zadorra en Villodas (1898).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.