Euskarazko argitaletxe, zientzia dibulgatzaile eta ikerketa-taldea From Wikipedia, the free encyclopedia
Elhuyar Fundazioa zientzia eta teknologia gizarteratzen eta euskararen garapena bultzatzen diharduen elkarte bat da, 1972an jaioa. Kultura elkarte gisa egin zituen lehen urratsak, Elhuyar Kultur Elkartea izenarekin, eta 2002an fundazio bihurtu zen.[1] Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolan ibiliak ziren eta zebiltzan euskaltzale batzuek sortu zuten, beren gaiak euskaraz landu nahi zituztelako. Izena, berriz, Elhuyar anaien omenez jarri zioten elkarteari.[2][3]
Elhuyar Fundazioa | |
---|---|
Datuak | |
Mota | argitaletxea, fundazioa, ikertaldea eta irabazteko asmorik gabeko erakundea |
Herrialdea | Espainia |
Jarduera | |
Kidetza | Euskal Editoreen Elkartea |
Erabilitako hizkuntza | euskara |
Agintea | |
Legezko forma | Espainiako elkarte |
Historia | |
Sorrera | 1972 |
Jasotako sariak | Argia Sariak (2002, 1994) |
webgune ofiziala |
Oso ezagunak dira Elhuyarrek sortu edo kudeatzen dituen produktu teknologiko batzuk, besteak beste, hauek: Elia.eus itzultzaile automatiko neuronala,[4] Elhuyar hiztegia,[5] Aditu.eus hizketa-ezagutza zerbitzua[6][7][8] euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai den Mycroft.eus bozgorailua,[9] edo Xuxen zuzentzaile ortografikoa.[10]
Zientzia-dibulgazioan ere lan handia egiten dute: Teknopolis telebista-saioa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa eta Elhuyar zientzia eta teknika aldizkaria.
Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta diru iturri hauek ditu: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkinak.[1]
Elhuyar taldearen barruan, fundazioa ez ezik, bi sozietate mugatu ere badira:[1]
Elhuyar Taldea 1972an sortu zen. Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako Goi Mailako Ingeniari Eskolaren EKTan ibilitako ikasle batzuek euskara zientzia eta teknikarako egokitzeko asmoz Elhuyar Taldea sortu zuten. Izena Elhuyar anaiak omendu nahian jarri zioten taldeari, anaia biek 1783. urtean Bergarako egonaldian Wolfram elementu kimikoa bereizi zutelako.
1972an hasi ziren biltzen Donostiako San Martzial kaleko jesuiten Circulo San Ignaciokoa lokalean. Elhuyar taldearen abiapuntuko kide horiek Luis Mari Bandres, Juanjo Gabiña, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna, Kepa Zalbide, Iñaki Azkune, Felix Azpiroz, Xabier Larrea eta Mikel Zalbide izan ziren. Zientziarako erabilgarri izango zen euskara-eredua eta terminologia lantzen zituzten, hots, prosa eta lexiko zientifikoa. Ikasketa guztiak erdaraz eginda zituzten, eta zerbait egin nahi zuten guztia euskaraz landu ahal izateko. 16:00etatik 19:00etara bildu ziren larunbatero-larunbatero, hogei urtez, etenik gabe. Bilera horiek balio izaten zuten planteamenduak egiteko eta etxerako lana hartzeko. Hasieran ez zuten egiturarik: ez juridikorik, ez bestelakorik. Langilerik ere ez zuten, Imanol Tapia gauza batzuk eramaten hasi zen, geroago Maria Luisa Aizpuru sartu zen eta langileen buru jarri zen.[3]
Garai horretan euskarazko irakaskuntza orokorreko irakas materialaren falta handia zegoen. Langintza horretan abiatzeko bidea Elhuyar taldeak lankidetzan zabalzt zuen Hiazinto Fernandorena eta Jose Ramon Etxebarriarekin. Talde-lanean idatzi zuten Haizeak, euria eta klima izeneko liburua, irakaskuntza orokorreko prestaturiko lehenengo irakasmaterialetako bat. Egileen artean hauek zeuden, besteak beste, hauek: Luis Mari Bandres, Iñaki Azkune, Andoni Sagarna, Pedro Miguel Etxenike, eta Mikel Zalbide.[12]
Zientzia eta euskara uztartzen egindako lan nabarmena egin zuten, Ordura arte euskaraz egindako dena datu-base batean sartzen saiatu ziren. Garai hartan, datu-baseez ez zen asko hitz egiten. Zortea izan zuten beren artean Iparraldeko René eta Klaudio Harluxet ibiltzen zirelako; haiek zebiltzan langintza horietan, eta datuak zintetan sartu zituztelako. Garai hartako lantresnak ziren honako hauek: fotolitoak, fotokonposizioa, IBMren makina, azetatoak, Rank Xerox etxea...[3]
Kideek larunbateko mintegietarako prestatzen zituzten lanak zabaltzeko, zein beraien artean adostutakoaren probaleku gisa, Elhuyar aldizkaria sortu zuten. Aldizkariaren lehen alea 1974ko irailean kaleratu zen, RSBAPen legezko babesari esker, eta RSBAPen babesa izan zuen, harik eta Elhuyar taldeak 1981. urtean kultur elkartearen estatutuak onartu zituen arte.[13]
Urteak egin zituzten San Martzial kalean, jesuiten lokal hartan. Egurrezko fruta-kaxetan sartzen zituzten fitxak garai hartan. Baina amaitu zen hango jarduna: Obra batzuk egin behar zituztela... Mandasko dukearen kaleko Antonianoen lokalera mugitu ziren. Denbora gutxi egin zuten han, besteak beste lokalak ez zielako erosotasun handirik eskaintzen. Garibai kaleko pisu batera handik, Urbieta kalera gero... Usurbilera (Gipuzkoa) iritsi arte.[3][14]
Elhuyarrek bi egoitza zituen 2021ean: Usurbilen egoitza nagusia, eta Durangon (Bizkaia) bestea. Ehun kidek osatzen dute lantaldea. Mende erdia bete zutela ospatzeko, irudi berezi bat diseinatu zuten 2022an,[3]
Elhuyarren ere, Antton Gurrutxagak zuzendutako beste bi proiektu hauetan ere parte hartu zuen garatzaile gisa:
2022an sortutako Orai langunearen bitartez, Elhuyarrek Hizkuntza teknologia egokitzen du enpresen eta administrazioen beharretara egokitzeko Hamabosten bat laguneko taldea dauka, eta, horien artean, zazpi doktore daude. Dispositibo inteligenteak garatzen dituzte, enpresen prozesuak eraginkorragoak eta adimentsuagoak izateko, Tresna horiek erraztu egiten dute industriaren eta haren bezeroen arteko komunikazioa, eta «humanoagoa» bilakatu pertsona baten eta makinaren arteko ahots bidezko harremana.[26]
Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako laguntzak baliatuz, euskal wikipediaren edukia aberasteko bi proiektutan parte hartu zuen, 2011. eta 2012. urteetan:
2010ean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabaki zuen Lur hiztegi entziklopedikoaren eta Lur entziklopedia tematikoaren edukiarekin euskarazko Wikipedia aberastea, Jaurlaritzarenak baitira hiztegi horien jabetza eskubideak.[27] Lehiaketa publikora atera zuen lan hori 2011. urtean, eta uztailean argitaratu zen Elhuyar Fundazioak irabazi zuela eduki horrekin euskal wikipediako 11.000 artikulu sortu edo osatzeko kontratua. Lehiaketa publiko horren bidez, Jaurlaritzaren helburua hau zen:
« | Euskarazko eduki entziklopediko berriak sortzeko, jadanik existitzen diren eduki entziklopedikoak egokitzeko eta eduki guzti horiek euskarazko wikipedian sartzeko behar den aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatzea. | » |
Halaxe, zenbait wikilarirekin batera Elhuyar Fundazioak egindako lanari esker, 11.015 sarrera landu ziren, helburua baino 15 sarrera gehiago. Sarrera horietatik, % 80 (8.785 sarrera) berriak ziren, hau da, lehendik euskal Wikipedian ez zeudenak, eta % 20 (2.230 sarrera) lehendik Wikipedia honetan sarrera ziren (xehetasun gehiago, Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegiaren orrian).
Aurreko urtean bezala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskal wikipediako edukia aberasteko beste proiektu bat abiatu zuen, eta Elhuyar Fundazioak bideratu zuen lana. Orduko hartan, ordea, 2011. urtean baino askoz murritzagoa zen diru kopurua, eta proiektuaren helburua 1.000 artikulu edukiz hornitzea zen. Irailean, lehenengo urrats gisa, 278 artikulutan txertatu zen edukiren bat; eta abenduaren 15ean bukatu zuten gainerakoak osatzen, guztira 1.001 artikulu edukiz aberastuta (Sailburuordetzak kontratuz eskatu zuena baino bat gehiago). Proiektu haren barruan landutako artikuluak kategoria honetan sartuta daude.
Elhuyar Fundazioak, zientziaren dibulgazioan eta hizkuntza normalizazioan egiten duen lana dela eta, hainbat sari jaso ditu. Hona hemen azken urteotan jasotakoak:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.