entzule batzuentzat musika grabatua jokatzen duen gizabanakoa From Wikipedia, the free encyclopedia
Disc-jockeya edo DJ-a jendaurrean musika jartzeaz arduratzen den musikaria da; musika hori berak sortutakoa edo beste musikari batena izan daiteke, editatua (hainbat abestiren nahasketa, hots bereziak sartuta) edo editatu gabea. Jarritako musika motaren arabera, gainera, DJ moten arteko sailkapen bat egiten da. Ofizio hau dutenen artean, esaterako, irrati DJ-ak dira ezagunenak, irratian egunero musika jartzea ogibide dutenak.
Rap musikaren eta aldi berean Hip hop kulturaren sorreraren giltza izan zen, hain zuzen ere.
60ko hamarkadan, disc-jockeyak jaietan musika jartzeaz arduratzen ziren. Hauen helburua musika jarriz jaiak ahalik eta arrakastatsuenak bihurtzea zen. Normalean, Jazz eta Funk generoetako abesti ezagunenak jartzen zituzten; halaber, egun ohikoa den modura, kantu batetik besterako tartean, entzule eta ikusleentzat hitz egiten zuten. Denborak aurrera egin ahala, teknika berezi bat erabiltzen hasi ziren: bi abesti batera jarri eta trantsizio moduko efektu berezi bat sartzen zuten. Ondorioz, DJ-aren rola eta presentzia garrantzia hartzen eta nagusitzen zihoazen. 60ko hamarkada bukatzear zegoela eta 70eko hamarkada hastear, diskotekek eta dantza klubek, eskuarki, beherakada izan zuten. Alabaina, gaur egun, diskotekek berriro gora egin dute, eta hauen erabilera ugaria da gazteen eta, batez ere, nerabeen artean.
Alde batetik, hip hopeko DJ-ek, orokorrean, musika mahai bat baino gehiago erabiltzen dute, eta musika hori, raperoarentzat oso baliagarria izaten da. Honez gain, talde honetako disc-jockeyek hainbat gisetako efektuak darabiltzate une oro, turntablism moduan ezagutzen ditugunak. Bestalde, musika jamaikarrean, DJ-ak ez du diskorik jartzen; izan ere, berak abesten du, toasting modura ezagutzen dena praktikatuz.
Gaur egun, disc-jockey ezagun asko eta asko musika produktoreak ere badira; beren kantu propioak grabatzen dituzte, beren nahasketak, konposizioak edo abesti klasikoen birmoldaketak egiten dituzte, gero eskainitako saioetan erabili edo argitaratutako diskoetan jaso ahal izateko.
Ekipoari eta teknikari dagokionez, lehenik eta behin, grabatutako abesti edo soinuak DJ-aren formaturik gustukoenean grabatuko dira (binilozko diskoa, disko trinkoa, fitxategi digitalak...). Grabatzerakoan, gainera, soinuaren sistema igorlea eta anplifikatzailea beharko dituzte. Halaber, soinua erreproduzitzen duten bi gailuen konbinazioa edo alternantzia modurik egokian aurrera eraman beharra dago, sortutako produktua jarraia izan dadin, hau da, inolako saltorik gabea. Horretarako, oso baliagarria izaten da sekuentziatzaile bikoitza, bi soinu ondo nahastea eta uztartzea ahalbidetzen duena; nahasketak egin nahi direnean, bi edo lau kanaleko mahai berezia erabiltzen dute. Abesti batetik besterako aldaketa zuzenean egin badaiteke ere, crossfader izeneko aparatua ere erabil daiteke kantu batetik beste modu lasaian igaro ahal izateko. Aurikularrak ere garrantzizko erremintak dira disc-jockey batentzat, disko bat erreproduzitzen duen bitartean, beste bat entzun ahal izateko. Aukerako baliabide bat ere bada erreminten artean, mikrofonoa, hain zuzen ere, kantuak zuzenean abesteko, azalpenak emateko edo publikoa animatzeko balio dezakeena.
]]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.