From Wikipedia, the free encyclopedia
Digital Video Broadcasting (DVB) telebista digitalerako estandar irekiz osatutako multzoa da. DVB estandarrak DVB Project partzuergoak kudeatzen ditu. Partzuergo honek erakunde teknologikoak eta komunikabide nagusiak batzen ditu, espezifikazio tekniko irekiak garatuz, eduki digitalen transmisiorako. Partzuergoaren egoitza Europako Irrati-Telebista Batasuneko eraikinean aurki dezakegu. Telekomunikazio Arauen Europako Institutuak (ETSI), Europar Batasuneko irrati-difusioak (EBU) eta Normalizazio Elektroteknikoko Europako Batzordeak (Cenelec) arauak ezartzen dituzte.
DVB proiektua 1993. urtean sortu zen zenbait enpresa europarren aliantzaren ondorioz telebista digitalean egindako lanak normalizatzeko helburuarekin. Aliantza horren bidez, bateratze-prozesu bat hasi zen DVB estandar desberdinak sortuz. Adostutako lehen sistema DVB-S (satelitezko transmisioa) izan zen 1994. urtean, eta ondoren, urte berean, DVB-C (kable bidezko transmisioa) adostu zen. 1997. urtean DVB-T (lurreko transmisioa) atera zen eta 1998. urtean sistema honen bidezko lehen emisioak egin ziren Suedian eta Erresuma Batuan. Horren ondoren, DVB estandar irekiak mundu osoan erabiltzen hasi ziren.
Gaur egun, 30 herrialde ezberdinetako 270 enpresak osatzen dute DVB erakundea. Amerikako Estatu Batuetan, Japonian eta Kanadan DVB sistema erabiltzeaz gain, bertako sistemak erabiltzen dituzte.
Bideo- eta audio-iturriak kodifikatzeko prozedura guztiak MPEG estandarretan oinarrituta daude. Bideo eta audio iturriak kodifikatzeaz gain, irrati-difusio mota ezberdinetan (satelite, kable eta lurrekoa) seinalea modulatzeko erabiliko diren sistemak definitu behar dira.
Irrati-difusio sistemaren ezaugarrien arabera hainbat DVB estandar aurki ditzakegu:
DVB-S satelite bidezko transmisioan oinarritzen da. QPSK modulazioa erabiltzen du oso sendoa delako zarata handiko edo distantzia luzeko kanalentzako. Telebista digitala erabiltzeko satelite bidezko transmisioen estandar nagusia da. Harreran estaldura handia du, banda-zabalera handia izanik (26-37 MHz). 2005. urtean DVB-S hobetu zen DVB-S2 sortuz. Bertsio berri honek QPSK, 8PSK, 16APSK edo 32APSK modulazioak onartzen ditu, erabiltzaileak erabakitzen duenaren arabera.
DVB-C kable bidezko transmisioan datza. QAM modulazioa erabiltzen du QPSK modulazioak baino eraginkortasun espektral handiagoa duelako. Akatsen detekzioa erabiltzea ezinbestekoa da soinuarekiko oso sentikorra delako. DVB-C2 2009. urtean atera zen eta 4096-QAM-rainoko modulazioak onartzen ditu. Estaldura gutxi dauka eta banda-zabalera 6-8MHz-koa da. Interaktibitatea ahalbidetzen du, eduki indibidualen programazioarekin.
DVB-T antenen bidezko lurrezko transmisioan oinarritzen da. QAM (16QAM/64-QAM) edo QPSK modulazioa erabiltzen du, COFDM modulazioarekin batera. Kanal ezberdinetan oso sendoa den eraginkortasun espektral aldakorra dauka. Honen bidez probetxu handia atera dakioke erabilitako espektroari transmisore ezberdinak sinkronizatuta mantentzen diren bitartean. Kobertura ona dauka banda-zabalera txikia izanik. Erabiltzailearekin interaktibitate gutxi ahalbidetzen du. 2008. urtean onartutako DVB-T2 estandarrak transmisio gaitasunak hobetu zituen (256QAM-raino).
DVB-H gailu eramangarrietarako estandarra da. DVB-T estadarrean oinarrituta dago eta ezaugarri berriak gehitzen dizkio, GSM/UMTS gailu hartzaile mugikorrek bateriaren bizitza mugatua izan dezaten. DVB-H-k komertzialki porrot egin zuen eta DVB-T2-k ordezkatu egin zuen.
Baldintzapeko sarbide sistemak (DVB-CA) CSA izeneko algoritmoa definitzen du datuen babeserako. DVB-CA estandarra jarraitzen duten fabrikatzaileek zehaztapen hau jarraituz diseinatzen dituzte baldintzapeko sarbide sistema patentatuak. Enkriptatutako programa bat baldintzapeko hainbat sarbide-sistemarekin lotu daiteke aldi berean, malgutasun handia eskainiz zerbitzu-hornitzaileari.
Horrez gain, DVB anti-kopia sistema bat (DVB-CPCM) garatzen ari da jasotako edukiak babesteko. Honen helburua etxeko sarean grabatutako edukiak modu malgu batean erabiltzea da, interneten bidezko banaketa saihestuz.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.