From Wikipedia, the free encyclopedia
Ardoaren gudua (gaztelaniaz: Batalla del vino) Espainiako Errioxa autonomia erkidegoko Haro udalerrian urtero ospatzen de jaia edo ospakizuna da. Ekainaren 29an, San Pedro egunez ospatzen da, Riscos de Bilibio deritzon kokalekuan, Conchas de Haro izenez ezagutzen den tokiaren alboan, alegia, Ebro ibaia Errioxan barneratzen den lekuan, Arabako Buradon herri hustuaren alboan.
Jai hau ospatzen den lekuan, VI. mendean Felix Bilibiokoa santua bizi eta hil zen, Emiliano Cogollakoa santuaren maisu izan zena.
Gutxienez XV. mendetik leku honetan San Pedro egunez usadiozko erromeria ospatzen zen, XIX. mendearen amaiera alderako meza ondorengo bazkarian bertaratutako jendea ardoa edanaren ondorioz abestu eta elkarren artean txantxa moduan zatoekin ardoa jaurtitzen hasi omen zen. Txantxa hauek ez ziren denon gogokoak eta ordurarte joaten ziren emakume asko joatetik uztea suposatu zuen, beren jaieguneko erropa dotore eta argiak ardoz zikintzen baitzituzten. 1949. urterako ardo jaurtitzea oso hedatua zegoenez "Ardoaren gudua" izendapena lehenbizikoz aipatu zen. Urteen poderioz ospea bereganatu eta gaur egun ezagutzen den jai edo ospakizunean bilakatu da, herriko jendeaz gain kanpotarrak erakarriz.
Goizeko zazpiak baina zeozer lehenagotik jendea kamiseta eta praka zuriz eta zapi gorriz jantzita bertaratzen hasten da (festaren ondoren ardoaren ondorioz more kolorea izaten amaitzen dute), beren eskuetan ardo zatoak, baldekadak, botilak, ur-pistolak edota jaurtitzeko gailu oro eskuetan dituztela. Behin gudua hasita zortzi t'erdiak edo bederatzietan udalerriko jaietan agintari sindikoa hautatua izan den eta herriko agintaritza duen pertsonak zaldiz Felix Bilibiokoaren baselizara doan komitibaren buru jarri eta tenplurako bidea hartzen dute, baselizan herriko bandera jarri eta harkaitzetako punturik garaienean meza ospatzen da. Meza amaitzean, suziria jaurti eta ardoaren guduari hasiera ofiziala ematen zaio, txaranga jendea animatu eta baselizaren azpiko larreetan biltzen dira.
Hamar t'erdiak aldera, jaurtitzeko ardoa amaitzear dagoenean, festazaleek beren arropa bustiak lehortzeko inguruetara erretiratu eta usadiozko barraskilo hamaiketakoa jaten dute.
Hamaiketakoa jan ondoren erromerian Harorantz zuzentzen dira, Tirón ibaiaren zubiraino. Eguerdiko hamabietan udalerrian sartzen hasten dira, "birak" ("las vueltas") izenez ezagutzen den ekitaldia, Nafarro kalean gora txarangen doinupean joan eta Bakearen plazako musika tenpletea inguratu arte, ondoren zezen plaza joan eta sokamuturra egon ohi da.
2007an jaiegun honetan 20.000 litro ardo jaurti ziren, eta 2008an, jaia asteburuan zela, 30.000-40.000 litro artean.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.