Remove ads
Gizakiaren ekintzek ekosistemetan eragiten duten efektua From Wikipedia, the free encyclopedia
Gizakiaren inpaktua ekosistemetan kontzeptua aipatzean, gizakiaren ekintzek ekosistemetan eragiten duten efektuaz ari gara. Beren jarduerarekin, pertsonek eragina izan dezakete biozenosi eta biotopoetan, era zuzenean edo zeharka. Oro har, gizakiak sistema biologikoetan daukan eragina negatiboa da, bertako izaki edota inguruaren hasiera bateko egoera natural eta jasangarria eraldatzen duelako.
Gizakiak ekosistemetan daukan eragin zuzena kuantifikatzeko, gizakiaren influentzia-indizea (ingelesez, Human Influence Index, HII sigla) erabiltzen da. Lurreko eremu bakoitzari dagokion HII balioa esleitzeko, gizakiaren presentziaren inguruko zortzi parametro erabiltzen dira bere jardunean daukan eraginaren adierazle modura. Parametro horiek erlazionaturik daude ondoko azpiegiturekin: populazio-dentsitatea, trenbideak, errepide nagusiak, ibai nabigagarriak, kostalde-lerroak, gaueko argiztapen-sistema, hiri-eremuak eta nekazaritzako lurzoruaren erabilpena (ureztapen-nekazaritza, ureztapenik gabekoa, baso-oihanak eta basamortuak). Gizakiaren influentzia-indizearen balio-eskala 0tik 64ra doa. Hain zuzen, 0 balioa gizakiaren inpakturik ez daukan gune batek edukiko du, eta 64 balioa, berriz, gizakiaren influentzia maximoa jasaten duen eremu batek.
Gizakiak ekosistemetan daukan eragin negatiboaren kausak hauexek dira: baliabide naturalen gehiegizko ustiapena, azpiegiturak eraikitzea, konposatu kutsakorren emisioa eta lurraldekoak ez diren espezie exotikoak sartzea. Horrelako ekintzek ondorioak kaltegarriak dituzte ekosistementzat, hala nola baliabide naturalen murrizketa, espezieen desagerpena eta habitaten suntsiketa.
Baliabide naturalen gehiegizko ustiapena gertatzen da ekosistema osatzen duten materialak edota organismo bizidunak neurriz gaindiko abiaduraz eskuratzen direnean, alegia, ekosistemak baliabide horiek birsortzeko daukan abiadura gaindituz. Horrela, denbora aurrera joan ahala, biozenosi eta biotopoetako osagaien defizit bat sortzen da. Ekosistema gai ez bada baliagaiak ustiatzen diren baino abiadura handiagoan birsortzeko, lehengai horiek baliabide ez-berriztagarri kontsideratzen dira. Hori dela eta, ordura arte baliabide berriztagarritzat kontsideratu den material edo organismo biziduna ez-berriztagarria izatera igaro daiteke. Askotariko giza jarduerak eragiten dituzte horrelako arazoak: mineral eta erregai fosilen ustiapena, zuhaitzen ebaketa masiboa, kontrolatu gabeko arrantza eta animalien isileko ehiza..
Eraikuntza-industriek sortzen dituzten azpiegitura erraldoiek kalte egiten diete ekosistemei, bertako biozenosi eta biotopoan aldaketa nabarmenak eragiten baitituzte. Gizakiak eraikitzen dituen azpiegituren artean honako hauek aipa daitezke: etxebizitzak, zubiak, errepideak, portuak eta industria-eraikuntzak. Instalazio horiek lurrean zein uretan eraikitzen dira eta ondorioz, eragina daukate ekosistema lurtar zein urtarretan.
Konposatu kutsakorrak egoera solido, likido edo gaseosoan sarrarazi daitezke ekosistema batera. Zer esanik ez, era horretako substantziek kalteak eragiten dituzte biozenosi edo biotopoan. Gai kutsatzaileak aire, ur edota lurzoruaren bidez da barneratzen dira sistema biologikoan. Aireko kutsatzaile ohikoenak honako hauek dira: karbono dioxidoa, karbono monoxidoa, hidrokarburoak, nitrogeno oxidoak eta sufre oxidoak. Uretara isuritako konposatu kaltegarri nagusiak, aldiz, pestizidak, oxigeno-eskaria eragiten duen materia organikoa eta mantenugaiak dira. Bestalde, lurzoruko kutsatzaile ohikoenak metal astunak, petrolioaren deribatuak eta pestizidak dira. Ingurumena gehien kutsatzen duten industrien artean industria kimikoa, metalurgikoa eta petrokimikoa nabarmendu daitezke.
Espezie exotikoak jatorriz ez dagokien lurralde batean hazten diren espezieak dira. Ekosistema batean izaki horien agerpenak arriskuan jar dezake bertako oreka eta jatorrizko espezieen biziraupena. Bizileku berriko oreka ekologikoa arriskuan jartzen dutenei espezie inbaditzaile deitzen zaie. Espezie mota horiek azkar hazteko eta ugaltzeko gaitasuna daukate, eta arriskutsuak dira jatorrizko izaki bizidunen biziraupenerako. Landare eta animalia inbaditzaileen adibide batzuk hauexek dira: panpako luma-mototsa, akazia faltsua, kanabera, zebra-muskuilua, amerikar bisoia eta ibai-karramarro arrunta.
Gizakiaren jarduerek ondorioak eragiten dituzte ekosistemetan, era zuzen edo zeharkakoan. Baliabide naturalen gehiegizko ustiapenak, adibidez, lurreko baliabide naturalen erreserbak murriztea dakar. Hori dela eta, mineral, erregai fosil eta bestelako baliabide naturalen erabilerak mugatzera behartuta dago gizakia. Era berean, zientzialariek beste baliabide ezberdin eta jasangarriagoak bilatzeari ekin diote. Espezie exotikoen sarrera eta azpiegituren hedapenaren ondorioz, jatorrizko espezieek bizirauteko lehia gogorragoa dute, eta bizitzeko toki gutxiago. Ondorioz, jatorriz ingurune horretakoak diren espezieak desagertzeko arriskuan egotera hel daitezke eta muturreko kasuetan desagertzera ere bai. Espezieen galerak ekosistemako biodibertsitatearen jaitsiera eragiten du, eta galdu egiten dira bizidun horiek sistema biologikoan egiten zuten funtzio eta onurak.
Gizakiak eraikitzen dituen azpiegiturek ingurune batean bizi diren izaki bizidunen habitaten suntsiketa eragiten dute. Eraikuntza berriek beharrezkoa duten eremua okupatu edo leku horretako bizi-baldintzak eraldatzen dituzte, jatorrizko espezieei bertan bizitzea galaraziz. Horrez gain, eraikuntzak egiteko behar diren indusketek lurzoruaren propietateen eta erliebearen eraldaketa bortitza eragiten dute.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.