Arrasateko zuzendari kooperatiboa From Wikipedia, the free encyclopedia
Alfonso Gorroñogoitia Gonzalez (Arrasate, Gipuzkoa, 1924ko azaroaren 25a - Arrasate, 2019ko irailaren 7a), Mondragon Korporazioan 1956an sortu zen lehen enpresa industrial kooperatiboaren bost sortzaileeteko bat izan zen.[1]
Alfonso Gorroñogoitia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Arrasate, 1924ko azaroaren 25a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | 2019ko irailaren 7a (94 urte) |
Jarduerak |
Alfonso Gorroñogoitia Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen 1924ko azaroaren 25ean. Bere gurasoak Jose Gorroñogoitia eta Prudencia Gonzalez izan ziren. 1953ko maiatzaren 23an Maria Purificación Iturberekin ezkondu zen, eta lau seme izan zituzten.[2]
1939ko urrian sartu zen Arrasateko eta Deba Goiena Haraneko enpresarik handienean, Unión Zerrajera S.A., bertako Aprendizen Eskolaren bidez. Handik bi urtera bertan kooperatiben ideologo eta sustatzailea izan zen Aita Jose Maria Arizmendiarrieta ezagutu zuen irakasle bezala. Beti formakuntza dualean lana eta ikasketak uztartuz, 1942an Industria Maisutza Mekanikariaren ikastaroak amaitu zituen. Arrasateko Eskola Profesional berrian ikasketak jarraitzeko Arizmendiarrietak aukeratu zituen hamaika ikasleetako bat izan zen, eta Zaragozan azterketak era librean eginaz, 1952an Industria Peritu Elektrikariaren titulua lortu zuen. Formazioa osatzeko, 1965eko eta 1966ko udako hilabeteetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Sarriko Fakultateko irakasleek emandako Enpresa Zientzietako ikastaro berezietan parte hartu zuen, beste zuzendari kooperatibista batzuekin.[2]
1939tik 1956ra Arrasateko Union Zerrajeran lan egin zuen, Elektrizitate Saileko buru izatera iritsiz. 1956ko irailean atera zen Union Zerrajeratik, beste lau kiderekin ULGOR izeneko lehen kooperatiba industriala sortzeko, ondoren Fagor Etxetresnak izena hartuko zuena. 1956tik 1962ra ULGORreko Erdieroaleen Saileko arduraduna izan zen.
1959tik 1983ra, Fagor Etxetresnak enpresako lehendakaria izan zen. 1965etik 1989ra, Fagor Taldearen Kontseilu Nagusiko lehendakaria. 1961etik 1989ra, Laboral Kutxako lehendakaria. 1987tik 1991ra Mondragon Korporazioaren Kongresuko lehendakaria, eta 1991tik erretiroa hartu arte, Mondragon Korporazioko aholkularia.[3]
Halaber, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakaria izan zen, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kide.[4]
Korporazioko kooperatibei utzitako legatua bereziki soziala izan zen, ez exekutiboa, Ulgor/Fagor eta Laboral Kutxako lehendakaritzetan egondako aldi luzeetan oinarrituta. Betiere leialtasunez Jose Maria Arizmendiarrietari eta kooperatiben printzipioei. Lau urtetik behin, Kontseilu Sozialen babes handiz hautatzen zuten lehendakari izaten jarraitzeko, alde batetik bere maila moralagatik, eta bestetik zituen gizarte- eta enpresa-planteamenduengatik.[5]
Jarduera eredu horretatik abiatuta, Gorroñogoitiak eskura izan zituen oinarrizko baliabideak kooperatibismoan lan pedagogikoa egiteko, oraindik ere irauten duena Kontseilu Sozialen eta Batzar Nagusien bilerak egiteko jarraitzen diren testuetan, ohituretan eta irizpideetan. Bilera horiek zehaztasunez prestatzen zituen, eta ekitaldi ekonomikoetako itxierak eta aurreikuspenak onartzeko bozketen aurretik, pazientzia handiz azaltzen zituen xehetasun konplexuenak, batzuetan 6 edo 7 orduz, bere erantzukizunean huts egin gabe. Ez zuen bere mezuaren erritmoa aldatzen, eta ez zuen gai administratiboen aurrean pausoa azkartzen. Bere ospe pertsonalaren koherentzia, karguak beti serio hartu zituelako finkatu zen, eta inoiz ez zien faltatu arauarekiko fideltasuna sistematikoki aplikatzeari, entzuleen errespetuari eta demokrazia kooperatiboari.[5]
Gizon apala, urte askotan bi kooperatiba garrantzitsuenetako lehendakaria izan arren. Erlijiosoa, mendizalea, herrikoia Arrasateko kaleetan betiko lagunekin txikiteatzen zuenean. Gizon leiala, eskuragarri eta eguneroko bizitzako ohitura errazen eredua errepikatzen zuena. Ezaguna zen oinarrizko kooperatibisten esaldia edozein bozketa edo arazoren aurrean: “Eta Gorroñok, zer dio?”
Bere estiloa kudeaketa gardentasunez eta egiazkotasunez aurkeztea zen, izandako bertuteak eta bizioak azalduz. Eta hain zuzen, hori izan da Arrasateko erakunde kooperatiboaren eredu demokratikoa gehien duindu duen herentzietako bat. Langile nekaezina zen, eta Arizmendiarrietak bezala, uste zuen lana zela kooperatibismoaren aukerarik handiena: “Lanak bakarrik sortzen du bertutea, eta bertuteak bakarrik sortzen du ohorea.”[5]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.