Afganistango gerra (1979-1989), Afganistango sobietar gerra ere deitua, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren armada eta mujahidinen arteko gatazka armatua izan zen, hamar urtez Afganistan hondatu zuena. SESB eta Ameriketako Estatu Batuak nahasirik baitzeuden, Gerra Hotzaren azkenetako krisitzat hartzen da.
Afganistango gerra (1979-1989) | ||||
---|---|---|---|---|
Sobietar soldadu bat zaintzaldian (1988) | ||||
Data | 1979ko abenduaren 27a - 1989ko otsailaren 15a | |||
Lekua | Afganistan | |||
Emaitza |
| |||
Gudulariak | ||||
| ||||
Buruzagiak | ||||
| ||||
Indarra | ||||
| ||||
Galerak | ||||
|
Aurrekariak
VII. mendetik aurrera, Afganistan herrialde islamikoa izan zen. Mohammed Zahir Shah-ren erregealdian (1933-1973), Afganistango Alderdi Demokratiko Popularra (AADP), komunista, sortu eta indartuz joan zen.
Afganistan Mohammadzairen mendean
Mohammadzai dinastiak (1838-1973) herrialdea berrantolatu zuen, nahiz eta errusiar eta ingelesen esku-hartzeak ez ziren denbora luzerako izan. Dost Mohammed Khanen erregealdian, Kaxmir, Multan eta Pexâwar lurraldeak abandonatu egiten dira herrialdea militarki indartzeko eta Errusiako tsarraren tropetan babesteko. Horrek Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren esku-hartzea bultzatu zuen herrialdea erasotzeko eta bere erregea menderatzeko, Xuja Xah Durrani-k ordezkatu, 1847ko matxinada popularra bultzatu eta ingelesen porrota eragin zuena.
Habibullah (1901-1919)
Abdur Rahmanek bere agintea herrialdean ezarri zuenaren adierazpen argiena da 1901eko urrian hil ondorengoko oinordetza baketsua Habibullah semea tronura iritsi zenean. Abdur Rahmanek seme-alaba asko zituen arren, Habibullah prestatu zuen hura ordezteko, eta gainerako seme-alabei zaildu zien oinordetzan parte hartzea.
Amanullah Khan (1919-1929)
Amanullah Khan, Habibullah II.a, 1919an tronura igo eta ondorengo Hirugarren Britania Handia-Afganistan gerraren ostean, britainiarrek Afganistani erabateko independentzia onartu zioten. Amanullah erregeak, gero, Moskura idatzi zuen (ordurako boltxebikeen kontrolpean) adiskidetasun harreman iraunkorrak izateko. Vladimir Leninek erantzun zuen Afganistangoak britainiarren aurkako defentsagatik zorionduz, eta, 1921ean, Afganistanen eta Sobietar Batasunaren arteko adiskidetasun ituna sinatu zen. Sobietarrek Afganistanekin Erresuma Batuaren aurkako aliantza bat egiteko aukerak ikusi zituzten, hala nola hura erabiltzea Britainiarrek kontrolatutako Indian aurrerapen iraultzaile baterako oinarri gisa.[91][92]
Mohammad Nadir xha (1929-1933)
Amanullah Khan Mohammad Nadir Kanek eta bere anaiek (Amanullahren lehengusu urrunek) maneiatu zuten. 1929ko urriaren 10ean, Amanullah Khan exekutatu egin zuten, bere 17 laguntzaileekin batera, eta, berehala, tribuen batzar batek xah aukeratu zuen Nadir Khan. Hark bere erregimenaren aurkako oposizioaren eta Habibollah II.aren aldekoen jazarpen odoltsua hasi zuen. 1931n, Konstituzio berria egin zen Amanollahk 1923an aldarrikatutakoan oinarritutakoa, baina buruzagi erlijioso eta tribal kontserbadoreak baretzera bideratua. Nadir Khan 1933ko azaroaren 8an hil zuten, eta haren 19 urteko semeak, Mohammed Zahir xha printzeak, haren lekua hartu zuen tronuan.
Zahir xha (1933-1973)
Zahir xha errege gazteak bere osaba Mohammed Haxem-i enkargatu zion gobernuaren eraketa, gizarte-errealitatearekin bat zetorren erreforma-politika berri baten sustatzailea: armadaren berrantolaketa, gizonezkoen lehen hezkuntzaren derrigortasuna, bigarren hezkuntzako ikastetxeak sortzea eta herrialde osoko higiene-neurriak – mediku turkiarren laguntzarekin, Medikuntza fakultate bat sortu zutenak. 1973ko uztailean Daud Khan lehen ministro ohiak monarkiari amaiera eman zion eta bere burua Afganistango Errepublikako lehenbiziko presidente izendatu zuen. 1978ko apirilean, estatu kolpe baten bitartez, AADPeko idazkari nagusi Nur Muhammad Taraki Kontseilu Iraultzaileko presidente eta Afganistango lehen ministro bihurtu zen. Erregimen komunista honen erabakiek talka egin zuten populazioaren gehiengoaren ohiturekin. 1978ko udan gobernuaren aurkako errebolta bortitzak hasi ziren. Urrian Kunar bailarako nuristaniak altxatu ziren eta matxinada beste talde etniko batzuetara laster zabaldu zen. Urte bereko abenduan Tarakik Sobiet Batasuna bisitatu zuen eta bi gobernuek elkarlan ekonomikoa eta militarra hitzartu zuten.
Daud (1973-1978)
1973ko uztailean, Mohammed Daud Khanek Zahir xha erregea boteretik kendu zuen, Italian, tratamendu medikoa jasotzen zegoen bitartean, eta Errepublika aldarrikatu zuen, eta eta bere burua Afganistango Errepublikako lehenbiziko presidente izendatu zuen[3].
Daudek nekazaritza-erreforma, bizi-maila hobetzea eta beste erreforma aurrerakoi batzuk agindu zituen. Hasieran, Afganistango Alderdi Demokratiko Popularraren (PDPA, komunista) alde moderatura hurbildu zen, baina, ondoren, urrundu egin zen, eta bere alderdia sortu zuen 1974an, Iraultzaile Nazionala. Urte horretan, ekonomia eta ongizatea hobetzeko plan bati ekin zion, baina ez zuen arrakastarik izan. 1977an, Loja Jirgak (parlamentuko goiko ganbera) konstituzio berri bat onartu zuen alderdi bakarrarekin, Iraultzaile Nazionalarekin, eta horrek atsekabe handia sortu zuen. Hurrengo urtearen hasieran, erregimeneko agenteek Mir Akbar Kaibar buruzagi komunista hil zuten, eta Daudek PDPAko buruzagiak atxilotzeko agindu zuen.
1978ko apirilean, estatu kolpe baten bitartez, AADPeko idazkari nagusia, Nur Muhammad Taraki, Kontseilu Iraultzaileko presidente eta Afganistango lehen ministro bihurtu zen. Erregimen komunista horren erabakiek talka egin zuten populazioaren gehiengoaren ohiturekin. 1978ko udan, gobernuaren aurkako errebolta bortitzak hasi ziren. Urrian, Kunar bailarako nuristaniak altxatu, eta matxinada laster zabaldu zen beste talde etniko batzuetara. Urte bereko abenduan Tarakik Sobiet Batasuna bisitatu zuen, eta bi gobernuek elkarlan ekonomikoa eta militarra hitzartu zuten.
Errepublika sozialista (1978-1992)
Afganistan sobietar orbitan
Afganistanen sobietarren aldeko erregimena ezartzean, Sobietar Batasuna peoi bat lortzen saiatu zen eskualdean eragiteko[4]. Egia esan, Afganistanen bat-batean gobernu komunista bat agertzeak Asiako hegoaldean zegoen testuinguru politiko eta estrategikoa aldatu zuen.
Nur Mohammad Tarakiren gobernuaren hauskortasuna eta Hafizullah Aminen igoera
Sobietar Batasunak, Afganistanen Iranen inbasioa gerta zitekeela eta, elkartasuna eta babesa adierazi zion Afganistani[5]. Inbasio arriskuaz gain, erregimen berriak beste arazo bati egin behar izan zion aurre; izan ere, AEBko Gobernuak protesta-ohar gogor bat aurkeztu zion Sobietar Batasunari, Afganistanen Adolph Dubs AEBko enbaxadorea bahitu eta hil zutenean «kontseilari sobietarrek jokatutako paperagatik»[6].
Sobietar inbasioa
1979ko irailean, Taraki, Habanan Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren goi bileran zegoela, Hafizullah Amín lehen ministroak estatu kolpea jo zuen. Taraki irailaren 14an itzuli, eta eraila izan zen. Aminek errepresio odoltsua abiatu zuen, eta, atzerri politikan, Pakistan eta AEBren aldera lerratu zen[7].
1979ko abenduaren 27an, Sergueï Sokolov buru zuten 50.000 sobietar soldaduk (2.000 tanke eta 200 hegazkinekin) Afganistan inbaditu zuten. Airez garraiatutako tropek Kabul okupatu zuten, eta operazio berezietako (Spetsnaz) talde batek Amin hil zuen. Kontseilu Iraultzaileak Babrak Karmal jarri zuen presidente[8].
34 herrialde musulmanetako atzerri ministroek inbasioa gaitzetsi, eta «sobietar tropak berehala, urgentziaz eta baldintzarik gabe erretira zitezen» eskatu zuten.[9] NBEren Batzar Nagusiak inbasioaren aurkako protesta egin zuen ebazpen baten bidez[10]. AEBk eta bere aliatu batzuek (Alemaniako Errepublika Federala, Kanada, Argentina, Japonia...) boikot egin zieten Moskuko 1980ko Udako Olinpiar Jokoei.
Afganiar erresistentzia
Inbasioaren aurkako erresistentzia oso handia izan zen. Sobietar armadaren armamentuak ez zuen balio lurralde menditsu horietan afganiar mujahidinek erabiltzen zituzten gerrila-taktiken aurka. Inbasioak Umma osoa hunkitu zuen, eta herrialde askotako musulmanek (aljeriarrek, filipinarrek, saudiarabiarrek, palestinarrek, egiptoarrek eta baita magrebtar jatorriko europarrek ere) mujahidinekin bat egin zuten. Horiek AEB, Pakistan, Saudi Arabia, Erresuma Batua eta Txinako Herri Errepublikaren laguntza zuten, eta CIAk Cyclone operazioa antolatu zuen afganiar mujahidinak armaz hornitzeko.
Afganiar erresistentzian talde asko zeuden, etnia, erlijio eta joera politiko desberdinetakoak. Eskema orokorra honelakoa izango litzateke[11]:
- Xiitak: alderdi xiita garrantzitsuenak Hezb-e Wahdat, hazara komunitatean oso errotua, eta Harakat-e Islami ziren.[12]
- Sunita tradizionalistak: monarkia berrezarri, eta 1973ko estatu kolpearen aurreko egoerara itzuli nahi zuten. Batzuetan elkarren aurkako ideiak bazituzten ere, denak afganiar nazionalistak ziren, eta, gehienbat, paxtunak. Garrantzitsuenak hiru ziren: Sibghatullah Mojaddediren Afganistan Askatzeko Fronte Nazionala, Mugimendu Iraultzaile Islamikoa (Harakat-i-Inqilab-i-Islami) eta, batez ere, Ahmed Gailaniren Fronte Nazional Islamikoa (Mahaz-i Milli Islami), monarkikoa.
- Sunita fundamentalistak: estatu islamikoa eratu nahi zuten. Paxtunak eta tajikak bereizirik zeuden. Burhanuddin Rabbanik sortutako Jamiat-e Islami, nagusiki tajikek eta uzbekoek osatua, iparraldeko gerrilla talderik nagusia zen. Nahiko ongi antolaturik zegoen, eta erresistentziako komandante eraginkorrenetako batzuk zituen, hala nola Ahmad Shah Massoud (Panjshir bailara) eta Ismail Khan (Herat probintzia). Gulbuddin Hekmatyar-en Hezb-e Islami paxtuna eta mendebaldearen aurkakoa zen, eta Ittihad-i Islami taldeak, berriz, Saudi Arabiaren laguntza zuen.
- Azkenik, baziren beste talde batzuk ere, hala nola Sholaye Javid (Gar amaigabea) higikundekoak, maoistak eta Txinaren aldekoak.
1984an, Abdullah Yusuf Azzam eta Osama bin Ladenek Maktab al-Khidamat taldea sortu zuten, dirua eta mujahidin atzerritarrak biltzeko helburuz. Sobietarren aurkako gerran, eragin txikia izan zuen, baina, geroago, Al-Kaidaren aitzindaria izan zen.
Gerraren bilakaera
Lehenbiziko urteetan, sobietarrek hiriak eta komunikazio ardatz garrantzitsuenak kontrolatzen zituzten, baina herrialdearen zati handi bat mujahidinen eskuetan zegoen. Noizean behin, sobietar armadak erasoaldiak egiten zituen erresistentziaren mendean zeuden lurraldeetan. Panjshir bailara estrategikoa, esate baterako, bederatzi aldiz erasotu zuten 1980 eta 1985 artean, baino ezin izan zuten menderatu. Pakistango mugan ere, sobietar tropak etengabe jazarriak izaten ziren. Mendebalde eta hegoaldean egoera lasaiagoa bazen ere, Herat eta Kandahar hiriak beti egon ziren, neurri handi batean, erresistentziaren kontrolpean.
1985eko martxoan, Mikhail Gorbatxov Sobietar Batasuneko agintaritzara heldu zen. Afganistango egoera ikusirik, urte bateko epean irtenbidea emateko exigitu zuen. Beraz tropa gehiago bidali zituzten, 108.000 izatera iritsiz, eta, hala, 1985a urterik odoltsuena izan zen. Hala ere, mujahidinek eutsi zieten, eta, Ameriketako Estatu Batuek armaturik, herrialdearen zati handiena kontrolatzea lortu zuten.
1986an Mohammad Najibullah-ek Babrak Karmal ordeztu zuen Afganistango Errepublika Demokratikoaren agintaritzan. Sobietarren Mil Mi-24 helikopteroek eta ehiza-bonbardariek erresistentziaren gotorlekuak eraso zituzten. Afganiarrak, ordea, FIM-92 Stinger lurretik airerako misil amerikarrez hornitzen hasiak ziren, eta aireko nagusitasuna berdindu zen.
1988ko otsailean, Massoudekin hitzartutako su-etena baliatuz, Mikhail Gorbatxovek tropak erretiratzea erabaki zuen. 1989ko otsailaren 15ean, Genevako hitzarmena betez[13], sobietarrak Afganistandik irten ziren. Berehala, mujahidinen eta gobernuaren armadaren arteko gerra zibila piztu zen. Hala ere, Najibullah-en erregimenak 1992 arte iraun zuen agintean.
1980ko Moskuko Olinpiar Jokoak
Cyrus Vance AEBko Estatu idazkariak iragarri zuenez, Estatu Batuek otsailaren 15a arte itxaron zuten Olinpiar Jokoei boikota egiteko[14].
1980ko otsailaren hasieran, Estatu Batuek ofizialki eskatu zuten Moskuko Olinpiar Jokoei boikota egitea sobietarrek Afganistanen egin berri zuten inbasioaren aurrean[15]. Hala ere, Nazioarteko Olinpiar Komiteak Mosku izango zela 1980ko Olinpiar Jokoen egoitza berrestu zuen[16].
Txinako Herri Errepublikak bat egin zuen Sobietar Batasuneko hiriburuan Olinpiadak boikotatuko zituzten herrialdeekin[17]. Boikot olinpikoaren adierazpen horiek gorabehera, gero eta isolamendu handiagoa zegoen nazioartean Estatu Batuek proposatutako aukera horren inguruan[18].
Mosku 80 Joko Olinpikoak egiten ari ziren bitartean, Afganistango goi funtzionarioak hil zituzten[19]. Sobietarrek Afganistan inbaditu izanaren aurka Mendebaldeak egindako protestak logikoak zirela pentsa zitekeen, baina Nicolae Ceaușescu Errumaniako presidentearen iritziak harridura sortu zuen, tropa sobietarrak Afganistandik erretiratzea eskatu baitzuen[20].
Gerraren ondorioak
- Zenbatespenek diotenez, afganiarrak milioi bat eta bi milioi artean hil ziren. Beste 5-10 milioik Iran eta Pakistanera ihes egin zuten (gerra aurreko biztanleriaren herena), eta, herrialdearen barnean, 2 milioi lekualdatuak izan ziren. 1,2 milioi afganiar (mujahidinak, gobernuaren armadakoak eta zibilak) elbarri gelditu ziren, eta 3 milioi, zibilak nagusiki, zauriturik. Ureztatze sistemak oso kaltetuak izan ziren. Afganistango lurretan pertsonen aurkako 10-15 milioi mina gelditu ziren eztandarik egin gabe.[21]
- 1979ko abendutik 1989ko otsailera arte, 620.000 soldadu sobietarrek zerbitzatu zuten Afganistanen (aldi berean, 80.000 eta 104.000 arteko soldadu egoten ziren) eta, azken ikerketen arabera, 14.427 hil ziren. Armada gorriak 451 hegazkin (333 helikoptero barne), 147 gerra-gurdi, 1.314 gerra-ibilgailu eta 433 kanoi eta mortero galdu zituen.
- Sobietarren aurkako gerraren ondoren, gerra zibilak etorri ziren. Mohammad Najibullahen erregimena erori zelarik, mujahidin afganiarren eta boluntario islamista atzerritarren arteko ezin konponduak agertu ziren. 1986an, Pakistanek sustengatutako talibanek, atzerritar islamisten laguntzarekin, agintea beren gain hartu, eta Afganistango Emirerri Islamikoa ezarri zuten. Mullah Omarrek, talibanen buru erlijioso eta politikoak, herrialde osoan xaria inposatu zuen.
Zinema
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.